“Gernika-Lumon jotea beti da berezia niretzat, nire amuma etorriko dala badakidalako”

Aimar Cidek, Dientes de Luna taldean iragana daukan musikari gernikarrak, bere bakarkako ibilbidea sendotu dau “Postales para parar el tiempo” bigarren diskoagaz.

Oso etapa ezbardinak bizi izan dozuz; izan be, futbol profesionalean hasi zinen. Zelangoa izan zan ibilbide hori eta noiz sentidu zendun musikak erreleboa hartzen ebala?

Musikea futbolagaz uztartu ahal neban zaletasun bat zan. Dana dala, futbola apurka-apurka itzaliz joan zan: ez mundu horretan nabarmentzeko aukerei jagokenez, baizik eta adinagaz hobetzeko kontuak. Musikak, aldiz, beste gauza batzuk eskaintzen eustazan.

Zelan jaio zan Dientes de Luna?

Dientes de Luna modu ludikoan sortu zan. Beti esaten dot gauza bera: nire adineko askok Play-agaz jolastu edo bestelako gauzak egiten ebezan bitartean, ni benetan beteten ninduena abestiak sortzea zan, idaztea eta konposatzea batez ere. Modu horretan, apurka-apurka, espero ez genduzan pausoak emoten hasi ginen, taldean gengozanontzat behintzat beteten ginduezan pausoak. Bost disko izan ziren hamar urtetan, eta 6 kide izatera heldu ginen.

Hainbeste urte bandeagaz jo ostean, zerk bultzatu zinduzan 2023an bakarkako proiektu bati ekitera?

Bakarlari izateko pausoa konplikaua izan zan, batez be maila emozionalean. Konpositore eta pertsona legez baneukan lehendik zeozer prestatua eta, zelan edo halan, abestiak askatzeko beharra sentitzen neban.
Dientes de Lunaren ahotsa izanik askok identifikau neikien arren, bakarkako proiektu hau askoz pertsonalagoa eta emozionalagoa zan. Ez zan plan zehatz baten moduan jaio: kanta bat sortu neban, harek beste batera eroan ninduan, eta holan heldu naz gaur egunera arte.

Zelan definituko zeunke zure generoa edo zure gaur egungo soinua eta, zertan bereizten da Dientes de Lunagaz egiten zenduenetik?

Beti idatzi izan dot kutsu poetiko batetik, eta oraingoan be esentzia hori mantendu nahi izan dot, baina argitasun handiagoagaz.
Generoei jagokenez, gaur egun ia inon sailkatu beharrik ez dodala esateko subertea daukat. Konposatzen hasten nazenean, joten edo esaten ari nazenak nolabait sendatzen nauala sentitzen badot, bardin jat nora eroaten nauen. Topetan dodana da momentu horretan benetan sentitzen dodana adieraztea.

Zure bakarkako etapan, bigarren diskoa daukazu jada. Zer zailtasun eta bildur topau zenduzan lehenengoa ateratean?

Lehenengo bildurra hutsera salto egitea izan zan. Beti egon naz jende oso baliotsuz ingurauta, eta neure buruari galdetzen neutsan ia gai izango ete nintzen abesti txukunen bat neuk bakarrik egiteko.

Ordura arte oso modu pertsonal eta abstraktuan konposatzen neban, eta lehen diskoagaz jendeak bizitzen ari nintzena ulertzea zan nire helburua. Errespetua ere ematen eustan “Aimar rockeroa” etiketaren ondoren akustika bategaz agertzeak.

Baina lehenengo abestia grabau nebanean argi euki neban ez nebala ezer lortu nahi, gozatzea besterik ez. Ez egoan disko eta kontzertu helbururik, eta ondoren etorri zan guztia sorpresa izan zan.

Independiente izateak gitxien ikusten dan zatiaz be arduratzea esan gura dau: dirua, ekoizpena, kontzertuak… Zelan bizi izan dozu eta nork lagundu zaitu?

Maila ekonomikoan, bakarkako proiektu batek inbertsino handia eskatzen dau eta oso gatxa da berreskuratzea. Hori izen zan lehenengo bildurretako bat.

Zorionez, beti izan dot nire ondoan babesa emon deustan jentea, Baga Biga Produkzinoak kasu. Beti egon dira hor, manager moduan, eta diskoagaz, kontzertuekaz edo behar izan dodan edozegaz lagundu nabe. Ez dogu inoz harremana galdu.

Zelan lantzen dozu grabazinoa eta produkzinoa?

Sormen aldetik askatasun osoa daukat. Baga Bigak lan burokratikoan eta kontzertuak topetan laguntzen deust, baina konposizinoa neurea da.

Zerk bereizten dau zure “Postales para parar el tiempo” disko berria aurrekotik, eta zer esanahi dauka “postalak” kontzeptuak?

Nire lehen diskoak, ‘Confesiones de un amor abstracto’-k, hutsera salto egitea zer izan zan azaltzen dau. Honek kontrakoa kontetan dau: hegan egiten berriro hastea. Aurrekoa melankolikoagoa eta introspektiboagoa zan; hau, barriz, itxaropentsuagoa da.

Diskoa formatu fisikoan bakarrik argitaratzea erabaki dozu, oraingoz plataforma digitalik barik. Zergatik apostu hau?

Musikak azkenaldian hartu dauan norabidea ez jat gustetan. Disko hau lasai entzun behar da, hasieratik amaierara, ez erdizka. Nahiago dot jente gitxik entzutea, baina ondo.

Daborduko hainbat aurkezpen-kontzertu izan dozuz. Zelangoa izaten ari da esperientzia eta zer leku hartzen dau zure musika-taldeak bide horretan?

Biran kontzertu intimoak eskaini doguz Elizondon eta Mundakan; eta Gernika-Lumoko eta Bilboko aurkezpenak be euki doguz orain dala gitxi. Datozen hileetan Iruñean, A Coruñan, Santiagon eta Valladoliden joko dogu. Dana dala, Gernika-Lumon jotea beti da berezia niretzat, nire amuma etorriko dala badakidalako. Ilusino handia egiten deust maite dodan jentea nire kontzertuetara joateak, batez be lekuz mobitzeko zailtasunak daukiezanak.

LABURRAK

Urdaibaiko txoko bat?
Matxitxakoko faroa.

Abesti bat.
Esan ezkero niretzako daukan berezitasuna galduko leuke.

Hondartza ala mendia?
Hondartza.

Liburu bat.
La cura de Schopenhauer.

Pelikula bat.
Perfect days.

Abeslari bat.
Kutxi Romero.

Sentimendu bat.
Poztasuna.

Injustizia bat.
Aukera eza.

Maitasun keinu bat.
Irribarrea.

Amets bat.
Benetako askatasuna lortzea edo galdetegia irakurtzen dabenak nire musikea entzutea