Atharratzen emongo jako hasierea XXIV. Korrikari

Atharratzen emongo jako hasierea XXIV. Korrikari

Euskerearen aldeko ekimena Busturialdeko hainbat herritatik pasauko da martiaren 26an. 01:20 aldera helduko da Eara; 03:07an sartuko da lekukoa Gernika-Lumon; Bermeora, barriz, 04:57an helduko da, bertatik ateretako.

Betiko lez, aurreko Korrika amaitu zan lurraldean hasiko da aurtengoa: Xiberoan, hain zuzen be. Aurkezpen-egunean iragarri eben moduan, Atharratzek emongo deutso hasierea Korrikari, hainbat arrazoiengaitik; nagusia Korrikaren itzalguneetako bat dala Xiberoako Basabürüa eskualdea. Izan be, Korrika ez da bertatik pasetan, hasteko ez bada. Handik pasau zan lehen (eta azken) aldia 1985ean izan zan (4. Korrika); halanda ze, Atharratzetik pasau zan urtean. Arratsaldeko 15:30ean hasiko da Korrika.

Holan, euskerea sustatu beharra begi-bistakoa da: Xiberoan eta Basabürüan euskerea bizirik dagoan arren, azken inkesta soziolinguistikoaren emoitzek jakinarazo dabe etxeko transmisinoa eten egin dala, eskola-transmisinoak ez dauala % 15 gainditzea lortzen, eta euskerearen erabilerea desagertzen dagoala. Xiberoa da, batez be, Basabürüa, azken hiru hamarkadetan, biztanle-kopuruaren arabera, euskal hiztun gehien galdu dituen lurraldea/eskualdea.

Bilbon amaituko da. Bertan, lekukoaren barruko mezu sekretua irakurteaz gan, egun osoko jai-egitarauaz disfrutetako momentua izango da.

Aurkezpen-ekitaldia

24. Korrikaren aurkezpen-ekitaldia zemendiaren 13 izan zan, Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean. AEK-ko kideekaz batera, Korrikaren bidelagunak eta Gasteizko euskalgintzako kideak be batu ziran.

Ane Pedruzok eta Jon Basagurenek aurkeztu eben ekitaldia. Horreezaz ganera, AEK-ko Nazino Kontsejuko kide Maialen Begiristain Grado eta Lurdes Etxezarreta Artabe agertu ziran oholtzan. Begiristainek, ondokoa adierazo eban: bardin da zer jatorri, zein azal-kolore, euskerearen inguruko zelako ezagutzea izan… Garrantzitsuena da jakitea guztiontzako lekua dagoala. Euskerearen barruan topauko dogu gizarte-zapalkuntza guztietatik babestuko gaituan komunidade bardinzale eta zabala, izan be, gure herrian, euskerearen herrian, mundu osoa sartzen da.

Etxezarretak, bestalde, ondokoa adierazo eban: Euskal Herri euskalduna, feministea, antiarrazistea eta goxoa izango da gurea. Euskal Herria lortzeko, ezin dogu ezer gerorako itxi; orain da momentua. Larrialdi linguistiko bete-betean gagoz, beraz, ziklo barria jarri behar dogu martxan, inguruari eta gaur egungo aldaketei egokituz.

Euskerearen ezagutzaren unibersalizazinoa eta helduen euskalduntzea aurrera eroateko eskatu eban AEK-k, izan be, Korrika sortzeko arrazoiek hor segiduten dabe, zoritxarrez, 45 urte aurrerago. Era berean, AEK-k helburu dauen Euskal Herria lortzeko bidean ezin da ezer gerorako itxi; prisaz gabiz, euskerearen etorkizuna bermatu barik dago-eta. Orain dala 45 urte (1980an) jarri zan martxan lehenengo Korrika Oñatiko Unibersidadetik, gabeko 10:00etan; efemeridea erabilita, AEK-k Korrikaren sortzaileak eta 1980ko lasterketaren hasieran protagonista izan ziranak autortu ditu euskerearen aldeko ekimenaren lehenengo edizinoa hasi zan lekuan bertan: Oñatiko Unibersidadean, hain zuzen be.

Eguerdiko 12:00etan puntu-puntuan hasi zan Ez gero, orain baizik ekitaldia, kanpai-hotsakaz batera. Xabier Amuriza agertu zan oholtzan eta ekitaldiari izena emon deutsen berbak, lehenengo Korrikaren koplak, abestu zituan. Jarraian, Korrikako arduradun Ane Elordik adierazo eban ekitaldiak helburu bikotxa eukala. Batetik, ospakizuna eta autortzea. Orain 45 urte, mundu osoan hizkuntza baten alde egiten dan ekitaldirik jentetsuena eta arrakastatsuena hasi zan; badogu, beraz, zer ospatu. Eta badogu nori eskertu. Korrikaren sortzaileak aitatu eban orduan Elordik: Urtsa Errazti, Joseba Kanpo, Enrike Ibabe, Josepe Zuazo, Alvaro Gurrea… Orduko AEKide guztiei be esker ona adierazo eutsen: Julen Kaltzada, Bittor Allende… baita lehenengo Korrika haretan protagonista izan ziranei be: Xabier Amurizari, Korrikaren lehenengo kantuaren sortzailea; Remigio Mendibururi, lekukoaren egilea; Eli Galdosi eta Jose Maria Satrustegiri, 0 kilometroa korridu ebenei…

Bigarren helburua aldarrikapena egitea zan: Korrika ez da jai-giroa bakarrik, aldarrikapen-giroa be bada; horrezaz jaubetzeko, Korrika bakotxaren leloei erreparetea baino ez dago. Horregaitik, 24. Korrikaren atarian, AEKren mezua eta aldarrikapena publiko egiteko erabili dogu urteurrena. Zoritxarrez, oraindino, 45 urte eta 23 Korrika aurrerago, Korrika atontzek betik beharrizanak ditu AEK-k: euskerearen aldeko kontzientzia suspertzea eta dirua batzea AEKren eguneroko lana indartzeko. Elordik nabarmendu dauanez, ez gara folklore hutsa. AEK gara. Korrika gara. Euskerea gara.

Uriburuak eta helmugea

Herriz herri, kalerik kale, errepidez errepide… euskerea sustatuko dau Korrikak 11 egunez eta 10 gabez. 2.175 kilometro eta 3.436 lekuko-hartze inguru egingo ditu euskerearen herrian zehar.

Uriburuen artean, Maule bisitauko dau lehenengo: Atharratzetik urten eta 16:45ean helduko da bertara. Donibane Garazin, barriz, martiaren 20an, gaueko 02:50ean.

Iruñera, martiaren 22an helduko da, 14:30ean.

Martiaren 24an, martitzenean, Baionaren txandea izango da, 20:30ean. Donostiatik, martiaren 25ean, ibiliko da: goizeko 08:15ean Altzan, 09:30ean Intxaurrondon, 11:00etan Amaran, Parte Zaharrean eguerdian (11:55)…

Tipi-tapa, 27an, barikua, 21:00ak aldera, Gasteizera helduko da.

Amaiereari jagokonez, bost uribururen artean txandakatzen dira: Baionan izan zan azkana. Autengoa, barriz, Bilbon izango da, martiaren 29an.

Goizeko 07:20ak pasauta sartuko da Bizkaiko uriburuan. Eguerdian, lekukoaren barruko mezu sekretua irakurriko dabe, euskerearen herritik eskurik esku pasau ostean. Ondoren, egun osoko amaiera-jai handiak hartuko ditu Bilboko kaleak.

Errigorari autortzea

24. Korrikak Errigora autortu gura izan dau, euskerarako eta euskeraz lanean dabilzenen herritarren ahaleginagaitik, baita babesa emon aurrera jarraitu dagien be. Elordik adierazo ebanez: Nafarroan, euskerea ofiziala ez dan eremuetan, euskalduntzean egiten dauen esfortzua autorzeko modukoa da, baita etorkizunean hauspoa emoteko be.

Era berean, Elordi esker onez agertu zan Korrika Laguntzaile eta Korrika egiten laguntzen daben guztien aurrean, baita Gasteizko euskalgintzearen mundutik etorritako kide eta euskaltzaleen aurrean be: guztioi esker, euskerea gara.

Aurkezpenaren amaieran, arduradun nagusiak lekukoa altzau eta AEK-ko Nazino Kontsejuko kideakaz batera (Maialen Begiristain, Lurdes Etxezarreta, Bixente Claverie, Xabi Gartzia eta Aize Otaño), Korrikaren deiadarra aditzeko animau eben jendartea.

Pello Reparazek sortu dau XXIV. Korrikaren abestia

Ane Elordi Korrika arduradunak eta Pello Reparaz abestiaren egileak XXIV. Korrikari doinua jarriko deutson kantua aurkeztu eben, Xiberutikan mendebaldera izenburupean, Agoizko Kultur Etxean. Horrezaz gan, bideoklipa be plazaratu zan.

Pello Reparazek sortu ditu abestiaren musikea eta berbak, baita bideoklipa be. Reparazegaz batera, Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorena abeslariek hartu dabe parte. Bideoklipari jagokonez, nabarmentzekoa da plano-sekuentzian grabauta dagoala.

Ane Elordik ondokoa esan eban aurkezpen ekitaldian: eskerrik asko Korrikarako abesti zoragarria sortzeagaitik eta, are gehiago, musikatik euskereari eta euskal kultureari egiten deutsazun ekarpenagaitik.

Ondoren, Reparazek hartu eban berbea eta Korrikaren abestia egitea haren ibilbide artistikoko erantzukizun eta poz handienetakoa dala autortu eban hunkituta: ez da enkargu hutsa: abestiaren bidez euskereak eta Korrikak niri emon deustana bueltetea da. Bizitzeko, alkar jagoteko eta etorkizun duinago bat alkarregaz irudikatzeko modu bati buruz gabilz. AEK-ren euskaltegietan parte-hartzeko lehen urratsa emoteko, alabeagaz dauen alkarrizketa batean euskeraz egiten animetako, edota Korrikan kilometro bat gehiago egiteko sustatzeko balio badau, kantuak bere helburua beteko dau.

Korrika batzordeetan parte-hartzeko deia

AEK-Korrikak eta Gazte Euskaltzaleen Sareak (GES) alkarlanerako hitzarmena adostu dabe. Gazteek 24. Korrikan era aktiboan parte-hartzeko konbita egin deutse euskal gazte jendarteari eta indar kolektibo hori erakutsiko dauan bereizgarria aurkeztu dabe: gazte zapia.

Halanda ze, Gazte Euskaltzaleen Sarea ez dago pozik euskerearen egoereagaz. Holan adierazo eben Korrikagaz egindako batzarrean: gaur inoiz baino garrantzitsuagoa da euskerearen aldeko beste bultzadea eragitea eta Korrikak horretarako testuinguru aproposa eskaintzen dau, gazteendako pizkunde barria eragiteko, euskerearen aldeko gazte olatua.

Beraz, proposamen zehatza egin eutsen euskal gazteei: lekuan lekuko Korrika batzordeetan parte-hartzea era aktiboan. Euskal Herriko auzo eta herrietan osotzen diran batzordeetarako gidea atondu dabe euskerearen bueltako kontzientziazino eta aktibazinorako: helburua gure auzoko gazteria euskereagaz mobidu eta konpromisoak hartzeko erronkak bultzatzea izango da.

Korrika aplikazinoa

Aplikazinoa barrikuntzakaz dator. Erabiltzaileek, hainbat informazino eta albiste jasoko ditue primizian, baita Korrikalagunek be. Halanda ze, martiaren 19tik 29ra, eguneko bideokronika bereziak eskainiko deutsiez aplikazinoaren erabiltzaileei.

Ibilbideari lotuta, Korrika zuzenean jarraitzeko aukerea be emongo dau: batetik, furgonetearen geolokalizazinoaren bidez, korrikalariek jakingo dabe Korrika garaiz, aurrerapenez edo atzerapenez datorren. Horrezaz gan, interesgarria da jakitea aplikazinoak bilatzaile aurreratua daukala: errez ikusi ahal izango da non dagozan herri, eskualde eta/edo kilometroak; bestetik, furgonetako zuzeneko irudiak eskainiko ditue 24 orduz.

Amaitzeko, aplikazinoak aukerea emoten dau Korrikaren inguruko abisu eta jakingarri garrantzitsuenen barri primizian jasoteko, esaterako, ibilbidearen ingurukoak.

Korrika dendak

Uriburuetako Korrika dendak eta online-denda (www.denda.korrika.eus) edegita dagoz. Bertan izango dira salgai erropak, petoak eta bestelako osogarriak.