Erbia, dortoka eta satorra

Mendian barrena zabaltzen ari zen hondeamakinaren oihartzunak elkartu zituen erbia, dortoka eta satorra ohiko tokian. Eukalipto landaketa baten baso-bideen gurutze puntuan zegoen zerupeko hutsunean elkartzen ziren, noiz behinka, zerbait gertatzen zenean. Oraingoan, ohartu ziren zuhaitzak botatzera zetozela gizakiak, eta horretarako makina handiak erabiliko zituztela, bai zuhaitzak ebakitzeko nahiz gero eramateko.

Gogoan zeukaten behin eta berriz mendian gertatutakoa. Hau da, makinak zuhaitzen artean zeuden baso-bideak zabaltzen edo berriak eraikitzen hasiko ziren, eta gero zuhaitzak mozten, adarrak kentzen eta enborrak zatikatzen arituko ziren atsedenik hartu barik. Ondoren, pilatuta geratu ziren enborrak kamioetan eramango zituzten ahalik eta lasterren. Amaitzeko, adar, adaskak eta hostoak fardoetan bildu eta metatu ostean, beste mota bateko kamioietan eramango zituzten mendi soilduaren zehar.

Makina horiek oso handiak eta zaratatsuak ziren; benetan beldurgarriak. Hondeamakinek bideak irekitzen zituzten mendi magal osoan. Eta gero, beste makina bat zetorren zuhaitzak banaka mozteko eta txikitzeko, mendiko metro guztiak zapaldu eta landareak birrindu egiten zituelarik. Gainera, burdizko munstroek irekitako bide aldapatsu horietatik urak erraz ihes egiten zuen, zaparradan zein burrundadan lurzoru bazterrak ere eramaten zituelarik.

Orban ikaragarri sakonak geratzen ziren kamioak pasatzen ziren bideetatik, eta landaredi gehiena zapalduta edo zimelduta geratzen zen. Bizpahiru haritz, sahats eta haltza lekuko mutu gisa zeuden han-hemenka. Bestetik, bertako animali apurrak alde egitera behartuta zeuden.

Hondeamakinaren zarata hotsak, berriz ere erbiaren belarriak tente jarri zituen. Erbia oso urduri zegoen, eta beste animaliei gonbitea egin zien azkar alde egiteko. Mendi-leporantz biratu zuen burua eta belarri puntak hartara zuzendu. Dortokak, urrats geldo batzuk emanda, bere abiadura mugak adierazi zizkion erbiari.Satorrak burua berriz lurrazpian sartzeko keinua egin zuen, abiadan alde egiteko aukerarik ez baitzuen.

Hiru animaliak begira geratu ziren, edo hobeto esanda, aurrez aurre, satorrak itsuak baitira. Bazekiten lar ondo halakoetan zer gertatzen zen, eta zeintzuk ziren ondorio negargarriak.

Erbiari malko bat irristatu zitzaion begitik. Ondoren, egoera tristea laburtu guran, txistu-soinu bat zabaldu zuen airean, erbien agur esateko modu xelebrean. Eta ziztu bizian alde egin zuen hondeamakina zegoen kontrako norantzan.

Dortokak bere hankarekin satorraren lepoa ukitu zuen gozoki. Familia elkartu eta abiadura motelean bazen ere, bizia salbatzeko ahalegina egin behar zuen. Zorte eta denbora apur bat bazeukaten, alde egiteko aukera izango zuten agian, mendi dortoka ezizena ere horregatik zuten eta.

Satorrak ez zeukan bere lurraldea uzteko modurik. Bere senak esaten zion ahalik eta gehien urrundu behar zela baso-bideetatik eta, bestalde, sator-zuloa oso sakona eraiki behar zuela.

Satorrak bere familia elkartu eta sakoneko babeslekuaren bila zihoala, ozta-ozta, animaliak mar-mar entzun zituen. Burrunba zegoen zuhaitz, sastraka, txilar eta belarren artean. Gainera, bere mutur sentikorrak lurrean dardara atzeman zuen. Zerbait berezia gertatzen ari zela sentitu zuen. Izan ere, inguruetako animalia guztiak hondeamakinak zeuden lursailera abiatzen ari ziren.

Eta animalien tropel horretara batuta, satorrak antzeman zuen bertan zeudela katagorriak, kirikolatzak, muskerrak, ziraunak, eskinosoak…eta satorrak. Eta eukaliptoen zuhaitz-paisaia horretan biztanle oso ugariak ez baziren ere, han zeuden basoko animaliak makinen aurrean, bizia babesteko ala emateko zorian.

Hondeamakinek mendiko basa-biziaren hondamendia dakarte. Hala ere, satorrak irudikatu zuen, landetan nahiz mendian iraungo zutela, mendez-mende egin duten lez.