“Gernikan erretiretea litxake ederrena, nire etxea da eta”

Ane Olaetarentzat (1999) Lointek Gernikan, Gernika KESB klubeko emakumezkoen lehen taldean, jokatzea ametsa da. Kanpoan urte batzuk emon ostean, antolatzaile gernikarrak taldearen kapitain rola hartu dau Malosten.

Noiz hasi zinen saskibaloian jokatzen?

Zortzi urte nebazala hasi nintzen San Fidel ikastolan. Garai hartan geldiezin samarra nintzen; saskibaloiaz gain, futbolean eta gimnasia erritmikoan be ibilten nintzen aldi berean. Mobidutea neban gogoko, baina azkenean saskibaloiaren aldeko hautua egin neban, kantxan askoz hobeto pasetan nebalako. Aurrerago, 13-14 urtegaz, Gernikako Institutuko taldean hasi nintzan, eta 15egaz Gernika KESBen sartu nintzen, kadete mailan. Orduan hasi nintzen maila nagusiagoetako taldeakaz entrenetan, eta, azkenean, 16 urtegaz lehen taldeagaz debutetako aukera bitxia suertau jatan.

Zein une izan dira erabakigarrienak zure ibilbidean?

Debuta beti izango dot gogoan. Juniorra nintzan, 16 urte eskas, eta gogoan dot beldur aurpegiagaz baina sekulango gogoagaz sartu nintzala kantxara; izan be, ordura arte telebistan edo harmailetan bakarrik ikusten nebazan jokalarien kontra aritzeak errespetu itzela emoten eustan. Esperientzia harek emakumezkoen goreneko ligan jokatzen jarraitzeko gogoa biztu eustan. Handik gitxira, 18 urtegaz, AEBetara beka bati esker joatea be garrantzitsua izan zan; bost urtez egon nintzen California Baptist University-n (CBU Lancers) ikasten eta jokatzen. Handik bueltan, maila gorenean Lugoko Maquinaria Durán Ensino taldean bi denboraldi egitea be gakoa izan zan niretzat, barriro be etxera, Gernikara, itzuli aurretik.

Zer dakar zuretzat taldeko kapitaina izateak?

Ohore handia da niretzat. Egia da lehen taldean nire bigarren denboraldi ofiziala besterik ez dala hau, eta lehenengoa kapitain moduan, baina niretzat Gernika KESB beti izan da ‘bizitza osoko kluba’. Urte gitxi daroadazan arren, nire ametsa beti izan da hemen jokatzea. Kapitaina izatea erantzukizuna da, noski, baina ardura polita aldi berean. Gainera, Laura Westerikegaz partekatzen dot kapitaintzea, bion artean taldeari gauzak errezten saiatzen gara. Ni, batez be, kanpotik heltzen diren jokalariei laguntzen saiatzen naz; ni be egon naz kanpoan eta asko eskertzen da baten batek babesa emotea, ez bakarrik kantxan, baita kanpoan be. Azken finean, garrantzitsuena danok eroso egotea da.

Zer aldatu da klubean zu hasi zinanetik gaur egunera?

Gauza asko aldatu dira, eta hobera. Maloste bera ezberdin dago: instalazinoak hobetu dabez eta harmaila gehiago dagoz. Baina, batez be, emakumezko jokalarien zainketan nabari da aldaketea: fisioterapeutak 24 orduz, staff mediko osoa… Premia guztiak beteta daukaguz. Beti dago zer hobetua, baina profesionalizazinoa nabarmena izan da.

Zer leku beteten dau saskibaloiak zure bizitzan gaur egun?

Momentu honetan nire bizitzaren ardatza da, nire lana; baina, batez be, bideaz gozatzen ikasi dot. Maila profesionalean hasi nintzenean, bolada nahiko gogorra pasau neban: neure burua gehiegi behartzen neban, emoitzak ez ziran heltzen eta saskibaloian zergatik jokatzen neban be ahaztu jatan. Amore emotekotan be egon nintzen. Baina iaz Gernikara itzultzeak txikitako ilusinoa berreskuratzen lagundu eustan; barriro be Malosten jokatzea, familia eta lagunak harmailetan ditudala, beste mundu bat da niretzat. Orain, egunerokoaz, taldekideez eta kirol honek emon dosten guztiaz gozatzea da nire helburu nagusia.

Hainbeste urte lehiatzen ibili ondoren, zer nahiago dozu: entrenetea ala partiduak jokatzea?

Nik uste dot jokalari gehienok nahiago dogula jokatzea entrenatzea baino. Egia da entrenatzeak taktikak fintzeko edo alderdi pertsonalak hobetzeko balio dauala, baina jokalari bati lehiatzea gustetan jako gehien. Ez dot uste hori denporagaz aldatzen danik, jaja!

Eta emakumezkoen saskibaloiaren egoera orokorra, zelan ikusten dozu?

Oraindik ez gagoz gizonezkoen maila berean, ezta gitxiago be. Iaz soldata minimoa eta amatasun-baja onartu ziran, eta hori aurrerapauso handia da, baina ikusgarritasun falta handia daukagu komunikabideetan. Euskadin hiru talde gagoz maila nagusian (IDK Euskotren, Araski eta gu) eta jente askok ez daki. Albistegietan gizonezkoen saskibaloia edo futbola besterik ez da agertzen, eta gure lanak be oihartzun hori merezi dau.

Saskibaloitik bizi zaitekez gaur egun?

Epe laburrean bai, emakumeon ibilbidea 30-35 urtegaz amaitzen baita. Hala be, gizonen “koltxoi” ekonomikoa ez da gurearen parekoa. Horregatik, gerora begira beste lanbide bat planifikau beharra daukagu. Nik irakasle-ikasketak egin nebazan AEBetan, adibidez. Garrantzitsua litxake dana parekatzea emakumeok be bizitza osoa honetatik bizi ahal izateko.

Zer eskatzen deutsazu etorkizunari?

Saskibaloiaz ahal dodan neurrian gozatzen jarraitzea. Gernikan erretiretea litxake ederrena, nire etxea da eta, baina kirol honetan bideak nora eroango zaituen ez dakizu inoz. Eta maila orokorrean, emakumezkoen saskibaloiak aitortza handiagoa izatea nahiko neuke, lan itzela egiten dogu-eta horretarako.

Erretiretean, saskibaloari lotuta jarraitzea gustatuko litxakizu?

Saskibaloia nire bizitzaren parte izango da beti. Ziurrenik loturaren bat mantenduko dot, baina ez dakit oraindik zelangoa. Gaur-gaurkoz ez dot nire burua entrenatzaile moduan ikusten, baina baliteke aurrerago ikuspuntu hori aldatzea. Saskibaloia ikusten jarraituko dodala, hori ziur dago.

+ 10

Saskiko jokalari bat

Ricky Rubio

Saskiko talde bat

Lointek Gernika

Pelikula bat

Coco

Serie bat

Big Bang Theory

Abesti bat

Ez gara betirako

Deskonektetako leku bat

Lagaburu

Janari bat

Aman patata tortillea

Saskibaloia ez dan beste kirol bat

Futbola

Pabiloi bat

Maloste

Amets bat

Irakasle izatea