Eraso matxistatzat ulertzen duguna asko aldatu da azken urteotan. Orain dela ez horrenbeste, indarkeriaz hitz egiterakoan burura etortzen zitzaiguna kale ilun batetan ezezagun batek indarrez bortxatzea edo bikoteak, burua galduta, bere emaztea erailtzea ziren. Gaur egun, egoera hoiek emakumeonganako indarkeriaren izebergaren punta direla ulertzen dugu orokorrean.
Denborarekin, indarkeria psikologikoa, ekonomikoa, obstetrikoa, judiziala… egiturazkoa den zapalkuntza baten bestelako adarrak direla ikasi dugu. Erasotzaileak adin, klase sozial, arraza, ogibide guztietakoak izan daitezkeela ulertu dugu, eta erasotua ere edonor izan daitekeela badakigu jada. Indarkeria matxistarena, arazo sistemikoa delako. Hau da, jendarteko egitura eta sujetu guztiak gurutzatzen dituen errealitatea delako, hain zuzen ere.
Eraso eremu eta sujetuen berkarakterizazio bat emateaz gain, aldaketarik handiena erasoa bera ulertzeko moduan eman da, nire ustez. Ez, ez da-tik bai bakarrik da bai-ra pasatu gara, paradigma aldaketa honen atzean dagoen dimentsioaz gehiegi ohartu gabe seguraski. “Konsentimendua”ren eztabaidak, botere harremanen auzia jarri du mahai gainean, eta honek esparru askotan kontraesanak sortu ditu. Boterea, pribilegio eta zaurgarritasunek eman eta kentzen dute, eta sarritan ez gara kontzienteak izaten, edo ez dugu kontziente izan nahi errealitate honetaz. Esaterako, oraindik orain, badirudi kostatu egiten zaigula ulertzea nagusi batek “proposatutako” sexu harremana botere jerarkiak baldintzatua dagoela, eta ezetzik esan ez arren ez dela zertan baiezkoa denik ulertu behar. Edo guztiz mozkortuta dagoen pertsona batekin harremanak izateko ez dela nahikoa berak ezetzik esan ez izatea, berau desiratua izan ez daitekeela ulertzeko.
Guzti horrekin batera, indarkeria matxistari aurre egiteko moduek ere bilakaera izugarria bizi izan dute azken hamarkadan. Komisaldegian salaketa jarri edo tokian tokiko talde feministek antolatutako erantzun puntualetatik, egoera errotik aldatzeko beharra erakusten duen fronte ezberdinetan antolatutako mugimendu bat sortzeraino igaro gara. Eta guzti hau borroka feministaren ondorio zuzena izan denik ezin daiteke ukatu. Talde feministek abiatuta, baina gaur egun talde feministez haratago doan mugimendu feminista batetaz hitz egin dezakegulakoan nago. Orokorrean, gero eta pertsona gehiagok munduari betaurreko moreak jantzita begiratzen diotelakoan nago. Baina ez da nahikoa. Perspektiba feminista espazioak irabazten doan heinean, ikuspegi horren aurka daudenak ere inoiz baino oldartuago daudelako. Eskuin muturra indartsu dago, eta eskubide eskuratze/pribilegio galtze honetan galduta sentitzen, edo “not all men” esanez jarrera defentsiboetan kokatzen diren gizonak ere ez dira gutxi, zoritxarrez.
Indarkeria matxistari aurre egiteko ariketa kolektibo bat egin beharra daukagu, bakoitzak bere eragite eremutik ardurak hartzea eskatzen duena. Ardurak hartzea, bai. Erasotuen errelatoei sinisgarritasuna eta balioa emateko ardura, erasotzaileak (lagunak izan arren) konfrontatzeko ardura, gure begien aurrean gertatzen diren erasoen aurrean esku hartzeko ardura.





