Lur Uribarrenekin (Elantxobe, 1987) alkartu gara, bere ibilbideaz eta Busturialderako esku artean daukazan proiektuez berba egiteko. Lurrek arrauna gailurrengatik aldatu eban eta gaur egun mendi gidaria da.
Zelakoa izan zan trainerutik mendirako salto hori emotea? Zelan hasi zan prozesu guztia?
Oso umetan hasi nintzen trainerua gidatzen eta ordutik urte asko emon dodaz patroi moduan; izan be, nire ibilbidean talde askotatik pasau naz: Urdaibai, Zierbena, Portu, Kaiku eta Elantxobetik, esaterako. 2013 urte inguruan arrauna tarte baterako itxi nebanean hasi nintzen lagunekin eskaletan eta Pirinioetan murgiltzen, eta orduan konturau nintzen mendia zala benetan beteten ninduen lekua. Erabaki garrantzitsuena, ordea, 2018an hartu neban: hamabi urte neroazan tailer baten lanean, eta Urdaibaitik barriro deitu ninduenean goi mailan ibiltzeko, dana aldatzea erabaki neban. Fabrikako lana itxi, arraunera bueltau eta, aldi berean, mendi gidari izateko ikasten hasi nintzen. Dana dala, 2021ean arrauna behin betiko itxi eta mendiaren aldeko apostua egin neban.
Bildur askogaz emon neban saltoa; dana ixtean ez dakizu-eta proiektuak funtzionauko dauan edo zeure buruak balio izango dauan, baina bagabilz horretan. Gaur egun mendia da nire bizitza, eta patroi nintzenean ikasitako lidergoa edo talde-kudeaketa mendira eroan dodaz; ingurunea aldatu dot, baina oinarriari eutsi deutsat.
Gogoratzen dozu zelakoa izan zan zure lehenengo esperientzia talde bat gidatzen?
Bai. Lehenengo pauso horreek Nepaleko eta Marokoko trekkingetan emon nebazan. Egia esan, oso babestuta sentidu nintzen, beste gidari eta laguntzaile batzuk alboan izan nebazan-eta. Taldearen zati baten ardurea neukan, baina beste gidarien laguntzea izateak lasaitasun handia emoten eustan. Sentsazinoak oso onak izan ziren; oso pozik nengoan eta ikasteko gogo itzelagaz. Lehen aldia danean, bertako gidariekin eta eskarmentu handiagoko jenteagaz zoaz, eta hori da politena: lanean zabilzan bitartean, ingurukoengandik ikasten jarraitzen dozula.
Zelan heldu zinen Nepal edo Maroko moduko lekuetan gidari izatera?
Urte asko daroadaz Marokora joaten; negu asko emon dodaz han izotzetan eskaletan, eta udan be sarri joaten naz mendian ibiltzera. Ildo horretan, nire taldeak bertara eroaten hasi nintzen ingurua oso ondo ezagutzen nebalako eta bertakoekin oso ondo konpontzen nintzelako. Nepalen gidatzen hasteko aukerea, barriz, Alex Txikon alpinisteagaz batera espedizino batera joan nintzenean sortu zan. Han hasi nintzen, apurka, Himalaian zelan lan egiten dan ikasten, eta gaur egun herrialde horregaz daukadan loturea erabatekoa da. Izan be, Lakpa izeneko ume bat daukat han harreran eta urtero udaberriko zein udazkeneko denporaldiak bertan pasetan dodaz. Nire bigarren etxea da, lagun asko egin dodaz eta haranak gero eta hobeto ezagutzen dodaz. Toki berezia da niretzat.
Parte hartu dozun trekking eta espedizino guztien artean, badago bereziki markau zaituen bat?
Danek daukie zerbait berezia, baina, egia esan, Jorge Egocheaga asturiarragaz 2023an Ama Dablamen egin neban espedizinoa mugarri bat izan zan niretzat. Jorge mundu mailako erreferentea da, hamalau zortzimilakoak igota daukazan persona bat; horrenbestez, beragaz eskaletako aukereak beldur apur bat emoten eustan hasieran, oso teknikoa dalako eta estilo oso zorrotza daukadalako. Halanda be, berari moldatzea lortu neban eta tontorrera heldu ginen; esperientzia hari esker, izugarri ikasi neban mendiaz eta neure buruaz.
Dana dala, nire ibilbidean badagoz bestelako oroitzapen bereziak be, emozionalki pisu handia daukatenak. Esate baterako, nire herriko jubilau bategaz, Angel Marigaz, Marokoko bere lehenengo lau milakoa egitea edo Nepaleko kanpamendu nagusira eroatea oso pozgarria izan zan niretzat. Azken baten, jentearen ilusino hori ikustea da niretzat saririk handienetako bat.
Zeintzuk izan dira Himalaiara egin dozuzan espedizinoak?
Ama Dablam, Lantang Peak eta Island Peak moduko gailurrak badaukadaz nire ibilbidean, baina nire azken esperientzia handiak Mera Peak eta Baruntse izan dira; azken hori, 7.129 metroko mendia.
Baruntsera egin neban espedizinoan fisikoki oso ondo nengoen arren, psikologikoki gogorra egin jatan momentu jakin batzutan. Izan be, espedizino hartan hogei lagunetik gora ginen kanpamentu nagusian, baina, azkenean, bi bakarrik heldu ginen tontorrera: neska poloniar bat eta biok. Egoera horren aurrean, ehuneko berrogeita hamarreko apostu bat egin neban. Halan, eguraldi txarra etorrela ikusita, Jorgek irakatsitako estiloa apliketea erabaki neban: garaiera handian ahalik eta denpora gitxien pasetea. Zorte honagaz, gorputzak erantzun eustan eta beheko kanpamentu batetik zuzenean tontorrera joan nintzen, handik barriro kanpamentu nagusira jaitsiz. Azkenean dana ondo urten jatan, baina badakit txarto urteteko aukerea be baegoala, erabilitako estiloa oso bortitza izan zalako.
Eta hori izan da mendian aurre egin behar izan deutsazun egoerarik gogorrena?
Egoera gogor asko bizi izan dodaz, baina bat aitatzekotan, Ama Dablameko beste saio bat gogoratzen dot, neguan eta estilo alpinoan egin nebana. Sherpa bategaz nengoan eta oso-oso txarto pasau genduan. Eguraldi aldaketa bortitz bat etorri zan eta satelite bidez abisau euskuen jaitsi egin behar genduala. Deshidratauta gengozan, ezin genduan jaitsi haizearen eta elurraren ondorioz, eta helikopteroak ezin ziran heldu. Ordu asko pasau genduzan dendan sartuta, botaka egiten eta beroa mantendu nahian. Oso-oso gitxigaitik lortu gendun jaistea. Hiru egun gogor izan ziran beheko kanpamentura heldu arte; holakoetan konturatzen zara naturaren aurrean zein txikiak garen.
Eta zer da horrek guztiak emoten deutsun motibazinoa? Hau da, zergatik bueltau jakinda horren txarto pasetako aukerea dagoala?
Niretzat motibazino nagusia ikaskuntzea da. Erronka ez da mendia bakarrik, norberaren burua aztertzea baizik. Natura basatiaren aurrean zure burua zelan kudeatzen dozun ikustea, alegia: eguraldia aztertu, elurraren egoerea balorau, zure gorputzak jatekorik barik zenbat irauten dauen neurtu… hori guztia ikerketa prozesu bat da. Gainera, talde-lanaren balioak hor bakarrik azaleratzen dira. Izan be, konfort-zonatik kanpo zagozenean, hotz handia egiten dauanean eta janaria urria danean, orduan ezagutzen dozuz ondo inguruan dozuzan lagunak eta zure burua. Alkarri emoten deutsagun babesa da garrantzitsuena. Balio horreek bizi egin behar dira ulertzeko, eta mendiak hori emoten deutsu, bizitzaren funtsagaz konektetea.
Bezero bat zugaz hartu-emonetan jarten danean, zelan nabaritzen dozu bere gaitasun maila eta euki leikezan beldurrak?
Dana lehenengo deiagaz hasten da. Guk “ikerketa psikologikoa” deitzen deutsagu. Pertsonak zelan berba egiten dauan, zeren bila dabilen eta zelango esperientzia daukan aztertzen dot. Danetarik topetan dozu: batzuk sekulako gauzak egin nahi dabez baina ez daukie oinarririk. Nire lana da horreeri azaltzea apurnaka joan behar dala, oinarrizko mendietatik hasi eta gero trekking konplexuagoetara pasauaz. Kafe bat hartuta edo alkarrizketa luze bat izanda, bizkor konturatzen zara nor daukazun aurrean. Lan egiteko moduari jagokonez, agentzia ezberdinekin kolaboretan dot: Nepaleko Seven Summit taldeagaz, Madrilgo Malamalamagaz… baina niretzat garrantzitsuena konfiantzea eta ahoz-ahoko promozinoa da. Izan be, jente asko etorten jat Galiziatik, Albacetetik edo Madrildik, besteak beste, aurretik nigaz ibilitako baten baten gomendauta.
Badaukazu egitasmoren bat aurreikusita Euskal Herrian mendi gidari moduan?
Bai! Ilusino handia egiten deustien bi udaleku daukadaz esku artean: Gorbeia Oinez eta Basoetatik Itsasora.
‘Gorbeia Oinez’ 13 eta 15 urte bitarteko gazteek mendiaz gozetako proiektua da, eta aurten, ekainaren 22tik 26ra, bigarren urtez egingo dot Urremendi Landa Garapen alkarteagaz alkarlanean. Hala ere, beste bi bider be parte hartu izan dot proiektu honetan beste herri batzutako udalekin lanean. Egia esan, oso harrera ona izaten dau, urte batetik bestera esperientzia errepikatzen daben gazteak daukadaz-eta.
Gorbeia askotan Gurutzeagaz bakarrik lotzen dogu, baina askoz gehiago da. Parkeak aukera handiak emoten deuskuz, nahiz eta gaur egun aterpe libreak topetea gero eta gatxagoa izan. Gorbeiak historia eta kultura handia dauka: txondorrak, elurtegi naturalak, Mariren mitologiagaz lotutako haitzuloak… Hori guztia erakusten deutsagu gazteei. Ez da oinez ibiltea bakarrik, ingurunea ulertzea baizik.
Bestalde, ekainaren 28tik uztailaren 3ra, ‘Basoetatik Itsasora’ proiektuagaz ibiliko naiz. Kasu honetan, 15 eta 17 urte bitarteko gazteentzako udaleku ibiltaria da, Euskal Autonomia Erkidegotik barrena egingo doguna. Sei egunetan zehar naturan murgiltzeko esperientzia paregabea izango da; izan be, barnealdeko basoetatik kostalderaino helduko gara, Gorbeia, Urkiola eta Oiz lotzen dabezan ibilbide bati jarraituz. Gainera, bidean denetarik egingo dogu: eskalada saioak izango doguz eta piraguak be hartuko doguz, inguruneaz modu ezberdinean gozatzeko.
Ildo horretan, nire funtzino nagusietako bat euskararen erabilerea sustatzea da, niretzat funtsezko zutabea da eta; horregaz batera, talde lana eta diziplina lantzea be badaukagu helburu. Hori dala eta, gazteek eurek hartuko dabez eguneroko ardura asko: bazkariak eta afariak prestetatik hasi eta ezarritako ordutegiak errespetatzeraino. Azken baten, haitzuloetan edo zeru irekian lo egiteak esperientzia oso berezia eskaintzen deutsie gazteei: horrek erosotasun-eremutik urten eta mendia bere horretan, modu zuzen eta zintzoan ezagutzeko aukerea emoten deutse.
Zelan ikusten dozu zure burua hemendik urte batzutara? Badaukazu epe luzerako planik?
Ointxe bertan lunbalgia bati aurre egiten nabil, eta horrelakoetan konturatzen zara gure lan-tresna bakarra gorputza dala; izan be, horrek huts egiten dauanean hasten dira benetako arazoak. Orduan konturatzen zara, ezinbestean, denpora aurrera doala. Zentzu horretan, gero eta garrantzi handiagoa emoten deutsat etxekoekin egoteari; amak bere adina dauka eta, mendian hainbeste ibili ostean, etxean denpora gehiago pasetea be polita da.
Dana dala, momentuz urtea zarratuta daukadat eta hurrengorako kanpoko urteerak bideratuta daukadaz. Ogibideari jagokonez, egunen baten mendia itxi eta etxean patatak erein behar badodaz, ba patatak ereingo dodaz, jaja! Momentuz, egiten dodanagaz gozetan eta ikasten jarraituko dot, horixe da nire motorra eta.





