Euskerearen arnasguneak indartzeko helburuagaz sortu dan Esnatu dinamikeak Euskal Herriko hainbat eragile batu ditu. Diagnostiko kezkagarri batetik abiatuta, udalerri euskaldunen etorkizunari buruzko hausnarketea eta ekintza sustatzen dabil. Bide horretan daborduko hainbat topaketa egin dira, besteak beste, Ean eta Muxikan, herritarren eta tokiko eragileen ekarpenak jasoteko.
Azken urteotan euskarearen inguruko albiste asko irakurri doguz. Batetik, inoiz baino jente gehiagok daki euskeraz; bestetik, erabilerearen inguruko datuek buruko mina sortzen dabe. Arabere gehiago, euskerearen indargunetzat hartu izan diran herri eta eskualdeetan be beheranzko joerak antzemoten hasi dira. Horrek guztiak hausnarketa sakona eragin dau euskalgintzan eta erakunde askotan. Testuinguru horretan sortu da Esnatu dinamikea, euskerearen etorkizunari buruzko kezkatik abiatuta baina, batez be, egoereari erantzuteko gogotik jaioa.
Esnatu, Udalerri Euskaldunen Mankomunidadeak (UEMA) sustatutako ekimena da. Halan be, ez da erakunde bakar baten proiektua. Holan, euskerearen egoereagaz kezkatuta dagozen hainbat eragile sozial, ekonomiko, kultural eta hezitzaileen arteko alkarlanaren emoitza da. Dinamikearen helburua argia da: arnasguneak indartzea eta euskerearen aldeko konpromiso barriak sustatzea.
Arnasguneak dira euskereak bizitza sozialaren esparru gehienetan presentzia sendoa dauen herri eta eskualdeak. Bertan, euskerea ez da soilik eskolan edo etxean erabiltzen dan hizkuntzea; kalean, dendetan, kirolean, kultur jardueretan eta eguneroko hartu-emonetan be naturaltasunez erabiltzen da. Horregaitik, arnasguneak ezinbestekoak izan dira historian zehar euskerearen biziraupenerako. Hizkuntza gitxitu batek behar dituan espazio naturalak dira, eta horreetan sortzen dira hiztun barriak, erabilera ohiturak eta hizkuntza komunidade sendoak.
Halan be, azken urteotako ikerketek erakutsi dabe eremu horreek be ez dagozela aldaketetatik salbu. Mobikortasunak, globalizazinoak, demografia aldaketek eta gazteen hizkuntza ohituretan pasetan dabizen transformazinoek eragina izan dabe udalerri euskaldunetan be. Euskerea nagusi izan dan hainbat herritan erabilerea jatsi egin da, eta horrek alarma biztu dau euskalgintzan.
Kezka horren atzean dagozen azterlan garrantzitsuenetako bat Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 ikerketea izan da. Azterlan horrek hainbat joera identifikau zituan, eta ondorio nagusietako bat izan zan arnasguneek be arrisku egoera batean sar leitekeela datozen urteetan neurriak hartzen ez baziran. Holan, euskerearen etorkizuna ezin dala soilik ezagutza datuetan oinarritu ondorioztatu eben adituek; erabilerea eta transmisinoa be jagon behar dira.
Ikerketa horren emoitzak ezagutu ostean, hainbat eragilek egoeraren inguruko kezka partekatu eben. UEMAk adierazo dauenez, Euskal Herriko Bertsozale Alkartea izan zan lehen urratsak emoten hasi zan erakundeetako bat. Euskerearen inguruko diagnostikoa ezagutu ondoren, UEMA erakundeagaz hartu-emonetan jarri zan eta udalerri euskaldunen aldeko lankidetza sendotzeko prestutasuna adierazo eban. Horren ondoren beste hainbat eragile be batu ziran hausnarketara, eta gaur egun Esnatu izenez ezagutzen dan dinamikea osotzen joan zan.
Izenak berak be mezu argia dau. Esnatu berbak erreakzinoa, mobiimendua eta aktibazinoa adierazoten ditu. Azken urteotan hainbat soziolinguista, ikertzaile eta euskaltzalek egoerearen larritasunaz ohartarazo dabe. Diagnostikoa egina dagoala esan daiteke; orain martxan jarteko sasoia dala defendetan dabe dinamikearen sustatzaileek. Horregaitik aukerau dabe Esnatu izena: egoerearen aurrean esnatzea eta erantzutea.
Dinamikearen aurkezpenean hemezortzi erakundek hartu eben parte. Horreen artean, ondokak dagoz: AEK, IKA, Euskal Herriko Bertsozale Alkartea, Euskadiko Futbol Federazinoa, Euskal Pelota Federazinoa, Euskalgintzaren Kontseilua, Hekimen, Fagor Taldea, Laboral Kutxa, Kutxabank, Bankoa Abanca, LAB, ELA, Bilgune Feminista, Euskaldendak eta beste hainbat erakunde. Eragile horreek guztiak oso esparru desbardinetakoak dira, baina helburu bera partekatzen dabe: euskerearen bizibarritzean aktiboki parte-hartzea.
Hori da Esnaturen berezitasun nagusietako bat. Euskerea ez da soilik hezkuntzearen edo hizkuntza politiken kontua. Gizarte osoaren ardurea dala aldarrikatzen dau dinamikeak. Horregaitik, kulturea, kirola, ekonomia, komunikazinoa, merkataritzea edo sindikalismoa lako esparruetako eragileak batu dira proiektu berean.
Parte-hartzen daben erakundeek ez dabe babesa berbaz bakarrik adierazo. Konpromiso zehatzak hartu ditue euren jardun eremuetan euskerearen presentzia eta erabilerea indartzeko. AEKk, esaterako, helduen euskalduntzea sustatzeko ekimen barriak bultzatuko ditu. Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak, barriz, bertsolaritzearen bidez udalerri euskaldunetan euskerearen erabilerea sustatzen jarraituko dau. Euskadiko Futbol Federazinoak, bestalde, futbolaren munduan euskerearen presentzia handitzeko neurriak iragarri ditu, eta Euskal Pelota Federazinoak be antzeko bidea egingo dau haren jardunean.
Herritik sortutako konpromisoak
Esnatu dinamikak ez ditu soilik erakunde handiak mobidu. Herri mailako alkarteek be euren ekarpena egiteko prestutasuna erakutsi dabe. Horren adibide da Eako Natxitu auzoan lanean dabizen Natxituko Jai Batzordea. Ean egindako Esnatu saioan aurkeztu eben euren konpromisoa, argi adierazoz hemendik aurrera herriko jaietan eta Azaroko Asteburua ekimenean atontzen dituen jarduera guztiak euskeraz egingo dituela.
Horrezaz gan, hornitzaileei, musikariei, hizlariei eta ganerako kolaboratzaileei fakturak eta bestelako komunikazinoak euskeraz bialdutea eskatuko deutsee. Modu horretan, euskerearen erabilerea ez da ekitaldietara mugatuko, baizik eta antolakuntza prozesu osora edegiko da. Neurri umila emoten dauen arren, hizkuntza ohituretan eragin zuzena izan leitekeen urratsa da. Izan be, jaiak herri baten bizitza sozialaren erdiguneetako bat dira, eta bertan erabiltzen dan hizkuntzak komunidadearen eguneroko praktiketan eragin handia dau.
Kontuak kontu, Natxituko Jai Batzordearen adibideak erakusten dau Esnaturen helburua ez dala adierazpen instituzinonaletara mugatzen. Herri mailako taldeek be euskerearen bizibarritzean eragin daiteke, eta holako konpromisoek arnasguneen indarra sendotzen laguntzen dabe.
Ekonomiaren eremuko erakundeek be euren ekarpena egingo dabe. Finantza erakundeek bezeroei euskerazko arreta eskaintzeko aukerak handitzeko konpromisoa hartu dabe. Lehen begiratuan zehetasun txikiak emoten dabezen arren, holako neurriak funtsezkoak dira hizkuntza baten normalizazinoan. Izan be, herritar batek bere eguneroko bizitzako tramiteak, erosketak edo gestio ekonomikoak euskeraz egiteko aukerea dabenean, hizkuntzeak presentzia eta erabilgarritasuna irabazten dau.
Bestalde, komunikabideen sektoreak be badau zeresana, izan be, euskerazko edukiak indartzeko eta herritarren artean euskerearen erabilerea sustatzeko konpromisoa hartu dabe. Gaur egun informazinoaren eta entretenimenduaren zati handi bat sare sozialen eta komunikabideen bidez konsumiduten danez, esparru horretan euskerearen presentzia bermatzea estrategikoa da.
Esnatu, halan be, ez da aurkezpen instituzional batean amaitzen dsn egitasmoa. Sustatzaileen asmoa da dinamika herriz herri zabaltzea. Horretarako, hitzaldiak, topaketak, mahai-inguruak eta hausnarketa saioak atontzen dabiz udalerri euskaldunetan. Lehen saioetako batzuk Ean eta Muxikan egin dira, bertako herritar, alkarte eta eragileekaz batera. Jardunaldi horreetan tokian tokiko egoerea aztertu da, datuak partekatu dira eta euskerearen alde hartu daitekezan konpromisoei buruz hausnartu da.
Helburua ez da herritarrei arazo baten barri emotea bakarrik. Dinamikearen arduradunek azpimarratu dabe konpromiso personalak eta kolektiboak sustatu gura dituela. Izan be, euskerearen etorkizuna ez dago erakundeen esku soilik. Hiztun bakotxaren eguneroko erabakiek be eragin zuzena dabe hizkuntzearen bizitasunean. Lagunartean, lanean, kirolean edo sare sozialetan euskeraz egiteak hizkuntza komunidadea indartzen dau.
Esnaturen beste ekarpenetako bat da diskurso barritua proponiduten dauela. Azken urteotan euskerearen inguruko mezu askok kezka eta arriskuak azpimarratu ditue. Dinamika honek, barriz, egoeraren larritasuna ukatu barik, aukeretan be jarri gura dau fokua. Sustatzaileen ustez, oraindino garaiz gagoz joera batzuk aldatzeko, baina horretarako mobilizazinoa eta alkarlana behar dira.
Azken finean, Esnatu euskerearen aldeko dei kolektiboa da. Arnasguneak babestu eta indartzea dau helburu, baita euskerearen inguruan konzientzia barritua sortzea be. Dinamikeak mezu argia zabaltzen dau: euskerearen etorkizuna ez dago aurrez idatzita. Herritarren, erakundeen eta gizarte eragileen esku dago neurri handi batean.
Horregaitik, Esnatu ez da kanpaina huts bat. Diagnostiko batetik abiatu eta ekintzara pasau gura dauen mobimendua da. Euskereak bizirik jarraitzeko espazio sendoak behar ditu, eta espazio horreek defendatzea guztion ardurea da. Arnasguneak indartsu eustea ez da udalerri euskaldunen mesederako soilik; euskal hiztun komunidade osoaren etorkizunerako be ezinbestekoa da.
Dinamikearen izenak berak laburbiltzen dau haren mezua: esnatzeko garaia da. Euskerearen aldeko konpromisoak barritzeko garaia da. Eta, batez be, etorkizuna eregiten hasteko garaia da.




