“Bitxi bat apaingarri soil bat baino gehiago izan ahal da”

Mundakako bihotzean, tradizioak eta eskulan astiroak bat egiten daben txoko magiko baten, Agirre Bitxiak marka jaio da. Oñatitik etorritako artisau honek bere sormen prozesua, materialen hautaketa eta etorkizuneko erronkak azaldu dizkigu, belaunaldiz belaunaldi iraungo daben bitxi berezien inguruko elkarrizketa hurbil baten.

Zein izan da bitxigintzaren munduan egin dozun ibilbidea?

Dena Bilbon ikusitako bitxigintza erakusketa batekin hasi zan. Une hartan piztu jatan bitxigintzanganako interesa, eta handik gitxira horretan trebatzeari ekin neutsan. Hasieran hiru urtez ikasi neban Bilbon, eta ondoren Bartzelonan osatu neban nire prestakuntza; bitxigintza artistikoan, goi-bitxigintzan eta bitxigintza bereberrean, besteak beste. Gero Bilbora itzuli nintzan, eta hainbat urtez tailer partekatuetan lanean aritu ostean, 2019an Mundakara joan nintzan bizitzera; izan be, nire bikotea bertakoa da —ni Oñatiko azken finean— eta aspalditik genduan bertan elkarregaz bizitzeko ametsa. Azkenik, 2022an nire tailer propioa irekitzea lortu neban Mundakan.

Nola sortu zan Agirre Bitxiak?

Marka orain dala hilabete gitxi batzuk sortu neban, ordura arte nire izen-abizenekin egiten neban lanari beste dimentsio bat emoteko asmoz. Agirre Bitxiak sortzearen helburua nire lana marka gisa sendotzea eta jende gehiagorengana iristea zan, betiere nire nortasunari eutsiz. Horregatik aukeratu neban nire abizenari indarra eta buelta bat emotea.

Zerk egiten dau berezi gaur egun lan egiten dozun espazioa?

Nire tailerrak nire bikotearen familiaren bost belaunalditako historia gordetzen dau, eta horrek esanahi emozional oso sakona emoten deutso. Izan be, antzinako txakolindegi bat da, gaur egun tailer bihurtuta, eta barruan XVII. mendeko altxorrak kontserbatzen dauz: dolarea, kupelak eta ardoa egiteko erabiltzen zan jatorrizko harria. Niretzat magikoa da duela mende batzuk beste batzuek mahatsa landu eta txakolina botilatzen eben toki berean, lau horma eta habe beren artean, nire artisau-lana garatzea. Gainera, urteetan zehar bidaietan aurkitutako makina eta tresna zaharrak be bertan daukadaz. Horrek, nire ustez, nortasun handia emoten deutso tailerrari.

Nola definituko zenduen egiten dozun bitxigintza?

Denboraz gaindiko bitxigintza dela esango neuke. Askotan esaten dot nire piezak ez dirala modaz pasatzen, modan ez dagozalako. Beti sentitu izan dut bitxigintza zaharrak gaur egungo joerek baino erakargarritasun handiagoa daukiela. Izan be, bisigodoetatik, erromatarretatik edo greziarretatik hasi eta garai victoriar edo georgiarreraino, estilo askotatik edaten dot. Finean, nortasun propioa daukien eta urte askotan iraungo daben piezak sortzea da nire helburua.

Nolakoa da zure piezetako baten sorkuntza-prozesua?

Inspirazioa edozein unetan etor ahal jate, baina sarritan herritik paseatzean, itsasoari begira geratzean edota beste herrialde batera bidaiatzean bururatzen jataz ideiak. Lehenik, pieza buruan imajinatzen dut eta, jarraian, tailerrera eroaten dot. Batzuetan zirriborroren bat egiten dot xehetasunik ez galtzeko; nolanahi be, hasieratik eukitzen dot bitxiaren itxura nahiko argi, eta horretan buru-belarri jarduten dot buruan daukadan emaitza zehatza lortu arte.

Zergatik da hain garrantzitsua artisau-lana zuretzat industria-prozesuak nagusi diran garai honetan?

Ez dodalako bitxigintza beste modu batera ulertzen; izan be, astiro lan egiten dot, erabaki bakoitzari bere denbora eskainiz eta xehetasun oro zainduz. Nire ustez, bitxi bat mimoz egin behar da, presarik gabe, belaunaldiz belaunaldi iraungo dauela ohartuta.

Zein da zure lanaren alderdirik aberasgarriena?

Niri gehien betetzen nauena jendearen bizitzako une garrantzitsuen parte bilakatzen diran piezak sortzea da, dudarik gabe. Sarritan oso esanahi handiko enkarguak jasotzen dodaz: antzinako bitxietan inspiratutako ezkontza-eraztunak edo gaixotasun bat gainditu dauan norbaitentzako opariak, esaterako. Norbaitek sortu dauan pieza bati esanahi pertsonala gehitzen edo emoten dautsenean, lotura oso berezia sortzen da, arlo estetikotik haratago doana. Azkenean, bitxi bat apaingarri soil bat baino askoz gehiago izan ahal da.

Zein materialegaz egiten dozu lan?

Urre eta zilar birziklatu eta ziurtatuekin lan egiten dot batez ere, baita harri naturalekin eta diamanteekin be. Bereziki eskuz landutako diamanteak gustatzen jataz, arrosa kolorekoak, ohiko ebakiek baino distira sotilagoa daukielako. Oro har, naturaltasuna eta nortasuna mantentzen dabezan materialak bilatzen dodaz, baita berezi eta ezberdin egiten dabezan inperfekzio txiki horiek be.

Zer ikasi dozu zure marka zure kabuz martxan jartzeko bidean?

Ez dela prozesu erraza. Proiektu propio bat aurrera ateratzeko lan handia egin behar da, eta askotan arriskuak hartzeko prest egon behar zara. Finean, kamikaze samarra izan behar dozu, edo pertsona oso ausarta! Nik neuk hainbat erabaki beldurrez hartu dodaz, diru asko inbertituz eta asko arriskatuz; baina gaur egun atzera begiratzen dodanean eta nire bezeroak egonkortuta ikusten dodanean, egindako ahalegin guztiek merezi izan dabela sentitzen dot.

Zein erronka daukazuz datozen urteetarako?

Marka bezala hazten jarraitu nahiko neuke, baina proiektuaren artisau-izaera galdu barik. Nire helburuetako bat nire stand propioarekin azoketan parte hartzen hastea da, Bilboko Gabonarten lehenik eta, aurrerago, Madrilgo Recoletos pasealekuan edota Municheko bitxigintza garaikidearen azokan. Beste alde batetik, hazkunde hori lortzeko, zilarrezko bilduma barriak garatzea da nire asmoa. Prezio eskuragarriagoak izateko, nire lana jende gehiagorengana hurbiltzeko, betiere hasierako diseinuari eta kalitateari tinko eutsiz.

10+10

Liburu bat

El libro de los abrazos, Eduardo Galeano.

Film bat

Captain fantastic.

Abesti bat

Paloma negra.

Miresten duzun artista

Oteiza.

Kolore bat

Berdea.

Mundakako txoko bat

Tala.

Aldi historiko bat

Erromatarra.

Harri eder bat

Turmalina sandia.

Bidaia bat

Sizilia, Mexiko, Kuba… ezin bat aukeratu.

Amets bat

Nire familiaz urte askotarako gozatzea.