2014tik, Gaizka San Justok surf eskola hau erreferente bihurtu du Bizkaiko kostaldean, surfa bertako gazteengana eta bisitariengana hurbilduz eta komunitate osoan itsasoarekiko pasioa sustatuz. Berarekin elkartu gara, bere ibilbideaz eta Mundaka Barra Surf eskolari buruz hitz egiteko.
Nola hasi zen zure harremana surfarekin?
Mundakarra izanda ume-umetatik bizi izan naz itsasoari oso lotuta. Hemen itsasoa eguneroko bizitzaren parte da; hala ere, bitxia bada ere, ni nerabe nintzenean herriko gazteen artean ez zegoen kanpotik eman dezakeen hainbesteko surf kulturarik. Mundakako olatua mundu osoan zen ospetsua –leku askotako surflariak etortzen ziren–, baina guk ez geneukan kirol honetan hasteko aukera errealik, ia-ia. Ikasi edo lehiatu nahi genuenok gure kabuz moldatu behar izaten ginen. Horixe izan zen hasiera guztiaren iturburua.
Orduan, aukera falta hori izan zen Mundaka Barra Surfen sorrera bultzatu ebana?
Bai, erabat. Lagun talde bat ginen, gehiago surfeatu eta serio ikasi nahi genuenok, baita lehiatu ere, baina ez zegoen erraztasunik. Zeuden eskolak oso garestiak ziren herriko gazte askorentzat. Neguan, gainera, jarduera hori ia erabat desagertzen zen. Orduan pentsatu neban bazeukala zentzua herriarentzat hurbilagoa, eskuragarriagoa eta urte osoan jarraipena izango eban zerbait sortzeak. Ideia guk geuk genduen behar horretatik sortu zen.
Hasieran lehiatzeko gogoa bazenduen ere, zerk eraman zintuen irakaskuntzaren aldeko apustua egitera?
Gaztea zarenean lehiatzea gustatzen jatzu, noski; puntuazioek, urduritasunak eta giro horrek badauka euren erakargarritasuna, euren xarma. Ni neu ere, bide horretatik, tokiko txapelketetan eta Euskal Zirkuituko probetan aritu izan naz. Baina denborak aurrera egin ahala konturatu nintzen nire motibazioa ez zegoela emaitzei edo txapelketetako presioari lotuta.
Niri benetan gustatzen jatena kirol hau irakastea eta besteei transmititzea da. Horixe da gaur egun gehien betetzen nauena. Izan ere, ume zein heldu batek olatu baten gainean lehen aldiz zutik jartzea lortzen dauenean aurpegian agertzen jakon irribarreak ez dauka preziorik.
Nola gogoratzen dozuz hasiera harek?
2014an hasi nintzen, 19 urte nituela. Aurreko udan sorosle gisa aritu nintzen lanean eta aurreztutako diruarekin hamar taula eta hamabost neopreno erosi nebazan. Lokal txiki bat lortu eta martxan jarri nintzen. Ez neukan negozio bat eroateko esperientziarik, ezta gehiegi gidatuko ninduen inor ere, eta bidean ikasiz joan nintzen.
Zer izan zen konplikatuena lehen urte hareetan?
Burokrazia, zalantzarik gabe. Imajinatzen nebana baino askoz konplexuagoa izan zen. Hamen, Mundakan, oso egoera berezia daukagu: marearen arabera Laidako hondartzan ere jarduten dugu, eta horrek bi udali eta bi kostalde-zuzendaritza desberdini baimenak ordaintzera behartzen nabe. Nahaspila handia izan zen hasieran, eta gaur egun ere hala izaten jarraitzen dau. Askotan laguntzak baino oztopo gehiago aurkitzen nebazala sentitzen neban. Gainera, hain gazte izanda autonomo gisa hastea ere ez zen batere erraza izan. Izan ere, eskola oraindik martxan jartzen ari nintzenean, – eta hortaz diru-sarrerak oso urriak zirenean– gastu, zerga eta ardura askori aurre egin behar izan neutsien.
Nola emon zenduen zuen burua ezagutzera hain eskola txikia izanda?
Oso pixkanaka, eta batez ere ahoz ahoko zabalkundeari esker. Hasieran publizitatean inbertitzeko plan handirik ez geneukan; gure bermerik onena jendea jasotako zerbitzuarekin gustura geratzea zen. Beraz, lehenengo herriko gazteak etortzen hasi ziren, eta ondoren lagunak eta ezagunak. Horrela, gure ingurukoen artean konfiantza sortuz joan zen, eta pixkanaka gure izena zabaltzen joan zen. Geroago etorri ziren webgunea eta sarean utzitako lehen iritzi positiboak, eta horri esker kanpoko jendea ere erakartzen hasi ginen. Inoiz ez gara izan publizitate kanpaina handietan oinarritu den eskola bat; gure hazkundea modu naturalean etorri da. Azkenean, jendeak gehien baloratu dauena emon dogun tratu hurbil eta profesionala izan da, eta hori bihurtu da gure indargunerik handiena.
Urte honetan guztietan egindako bidearen ondoren, zer dimentsio eta izaera daukaz gaur egun Mundaka Barra Surfek?
Eskola txikia izaten jarraitzen dogu, baina nortasun oso argiagaz. Ikasturtean zehar 45 edo 50 ikasle inguru izaten doguz, adin guztietakoak. Beste eskola batzuekin alderatuta gitxi dela eman ahal dau, baina guretzat oso ondo dago, talde txikiekin eta modu oso hurbilean egiten dogulako lan. Udan erabat aldatzen da kontua, herria 1.500 biztanle izatetik 12.000 baino gehiago izatera pasatzen delako. Orduan, bigarren etxebizitza daukan familia asko etortzen dira, Bilbotik batez ere, baina baita Madriletik edota Bartzelonatik ere; horrez gain, Busturialdeko beste udalerri batzuetako jende asko ere hona etortzen da surfeatzen ikastera. Beraz, udan askoz lan gehiago egiten dogu, baina hala ere, gure bezero gehienak etxekoak dira, eskualdekoak nagusiki.
Egiturari dagokionez, talde txiki horiek mailaren eta adinaren arabera antolatzen doguz, eta gaur egun sei edo zazpi monitorez osatutako lantaldea daukagu. Gainera, guretzat garrantzitsua da eskola prestakuntza-gune bat baino zerbait gehiago izatea; ez dogu nahi kontsumo azkarreko zerbitzu huts bat izatea, jarraitutasuna daukan hezkuntza-esperientzia bat baino. Horren adibiderik argiena lantaldean bertan daukagu, monitore batzuk nire hasierako urteetan ikasle izandakoak baitira. Pasadan urtean, esaterako, Koldo gehitu jakun monitore gisa 18 urterekin, eta nire lehenengo ikasleetako bat izan zen. Ziklo honek proiektuaren muina indartzen dau: denboran irauten dauen lotura bat sortzea.
Zein da zuen filosofia?
Hiru zutabe oso argi daukaguz: segurtasuna, erantzukizuna eta errespetua; pertsonenganako, itsasoarekiko eta ingurunearekiko errespetua, hain zuzen. Surfa askotan ikusgarritasunetik bakarrik saltzen da, baina guretzat hezkuntza-alde oso garrantzitsu bat ere badauka. Itsasoa ulertzen, harekin bizitzen eta zaintzen irakasten dogu. Gainera, niretzat oso garrantzitsua da eskolak gure hizkuntza sustatzeko ere balio izatea. Herriko ikasleekin euskaraz egiten dogu lan asko, gure nortasunaren eta hemen bizi garen modu naturalaren parte delako. Izan ere, kirola ere tresna kultural oso indartsua izan ahal dala uste dot.
Zuen jarduerak eraginik al dauka herrian?
Bai, nolabaiteko eragina dauka. Surfeatzera datorren jende askok hemen hartzen dau ostatua, herrian jaten dau eta tokiko negozioetan kontsumitzen dau. Ez da eragin erraldoi bat, baina egon, badago. Gainera, guk hainbat urte daramatzagu neguan ere ikastaroak egiten, eta horrek udako denboralditik kanpo mugimendua egon dadin laguntzen dau. Guk ekin geuntsen bide horri lehenengo, eta gaur egun ere jarduera horri hilabete hotzenetan eusten dotsegun bakarrak gara praktikan.
Nola aldatu da surfaren kultura Mundakan azken urteetan?
Asko. Orain dala hamar urte ia ez zegoen surf egiten eban bertako gazterik, eta orain askoz integratuago dago herriko egunerokoan. Are gehiago, gorputz hezkuntzako klaseetan ere txertatu da, eta horrenbestez ikasleek hilabete batez surfeatzen ikasteko aukera daukie. Horri esker, ume askok euren inguruan bertan daukien kirol bat gertutik ezagutzeko aukera bikaina izaten dabe.
Nolako bilakaera izan dau emakumezkoen presentziak eskolan azken urteotan?
Orain dala urte batzuk nesken presentzia oso eskasa zen, eta askok, nerabezarora iristean, surfa uzten eben. Gauzak horrela, haientzako espazio erosoago bat sortzea falta zela ikusita, negu oso batez emakumeentzako soilik ziren doako ikastaroak antolatu genduzen. Ekimen hartatik talde oso polita sortu zen, urtez urte haziz joan dena; gaur-gaurkoz, hain zuzen ere, neguan daukagun talderik handiena emakume helduena da, 23 ikasleekin. Urte askotako lana izan da, eta oso-oso pozik nago lortutakoarekin.
Jende askok uste dau Mundakako hondartza surflari adituentzat bakarrik dela. Zer iritzi daukazu horren inguruan?
Bai, uste hori oso zabalduta dago, neurri handi batean kanpora begira saltzen den irudia beti delako ezkerreko olatu ospetsuarena, hodi erraldoiena eta nazioarteko txapelketena. Normala da jendeak hori pentsatzea, baina irudi mitiko horrek ez du errealitate osoa ordezkatzen, ezta gure inguruak eskaintzen dauen guztia ere. Guk oso eremu seguruetan egiten dogu lan, olatu txiki, gozo eta babestuekin, surfean hasi eta lehen urratsak segurtasun osoz emoteko aproposak direnak. Itsasadarrak, putzuek eta hondoen aniztasunak aukera asko emoten dabe bai hasiberrientzat, bai teknika hobetu nahi daben surflarientzat. Mundaka ez da olatu handia bakarrik; maila guztietako surflarientzako aukera ugari eskaintzen dabezan ingurunea ere bada.
Nola aldatu da sektorearen profesionalizazioa?
Asko. Gaur egun, sektoreak garatu dauen araudiarekin bat eginez, monitoreek surf-entrenatzaile titulu ofiziala eta sorosle-prestakuntza izatea eskatzen da. Gure aldetik, konpromiso horrek irakaskuntzaren segurtasuna eta kalitatea bermatzen dauz, Mundaka Barra Surf proiektu formatibo eta jasangarri gisa indartuz. Azken finean, pertsonekin eta itsasoarekin egiten dogu lan, eta horrek erantzukizun handia dakar.
Hamabi urte igaro ondoren, zer esan nahi dau Mundaka Barra Surfek zuretzat?
Azkenean, nire bizitzaren zati handi bat da. Ideia oso sinple batekin hasi zen, ia-ia herriko gazte batzuek geneukan beharrizan batetik, eta pixkanaka belaunaldi desberdinak lotu dabezan proiektu batean bilakatu da. Nire ustez, politena da ikustea zelan oraintxe hemengo ume eta familiek surfa Mundakaren alde natural bezala sentitzen dabien, baita hori guztia denboragaz nola hazten joan den ikustea ere.



