“Gernikako alaba izatea oso berezia da; nire erroak, gure herriaren trauma eta garaipen guztiak nire herentzia eta indarra dira”

Eusko Ikaskuntzak emoten dauan sari nagusia jaso dau Gloria Totoricagüenak, mundu osoko euskaldunen komunidadea eta “Euskadi Globala” lau hamarkadaz ikertzeagatik. Idahon egindako ikurrinaren defentsa sutsuaz, emakumeen paper ezkutuaz eta euskal gizartearen etorkizunaz berba egin dau gugaz.

Munduko euskal komunidadea ez litxake bardina izango Gloria Totoricagüena Egurrolaren lan barik. Politologoa, ikertzailea eta irakaslea, bizitza osoa daroa munduko txoko desbardinetara bidaiatzen, euskal etxeetako ateak joten eta hango euskaldunen istorioak jasoten. Aurten, herriaren eta euskal komunidadearen babes itzelari esker, Manuel Lekuona Saria jaso dau Eusko Ikaskuntzaren eskutik.

Sari hau mugarri bat da: lehenengo aldiz, zazpi lurralde geografikoetatik kanpo bizi eta lan egiten dauan persona bati emon deutse. Gloriak Boise (Idaho, AEB) eta Gernika-Lumo artean bizi dau bere egunerokoa, baina bihotza beti Busturialdeko txoko guztietan daukala erakusten dau astero. Gure aldizkarirako prestau dauan alkarrizketa gogoangarri honetan, bere bizitzako pasarte gogorrenak, azken burruka politikoak eta euskaldun izatearen harrotasuna partekatu dauz gugaz.

Manuel Lekuona Sari handi hau jasotea, eta ganera herriaren eta komunidadearen botoari esker izatea, zer da zuretzat maila personalean eta profesionalean, euskal kultura hainbesteko pasinoz ikertu dozula kontuan hartuta?

Nire lehenengo erreakzinoa, berria jaso nebanean eta gaur egun be, zera izan da: lortu dodan guztia nire amari, nire aita zenduari eta nire neba-arreben babesari esker izan dela. Hori da nire oinarria. Nire ama, Mari Carmen Egurrola, eta aita, Teodoro Totoricagüena, asko sufritutako jentea dira. Emigrazino bide gogorra bizi izan eben, eta hareen erabakiak justifiketako eta hareen sakrifizioari balioa emoteko bidean ipini ninduen ni bizitzak.

Gernika-Lumoko alaba izatea oso berezia da niretzat. Herentzia horretan trauma zein garaipen pertsonal eta kolektibo guztiak sartzen dira. Gernikak badauka mundu osoan ezagutzen dan indar eta sinbolismo hori, eta niri horrek nortasuna markau deust txikitatik.

Aitortza hau ez da niretzat bakarrik. Nire ikerketa, ikastaro, hitzaldi eta proiektuetan lau hamarkadatan zehar parte hartu daben milaka pertsonentzat be bada: Uruguai, Argentina, Txile, Peru, AEB, Australia, India eta euskal lurralde guztietako euskaldunentzat.

Eusko Ikaskuntzak lehenengo aldiz saritu dau zazpi lurralde tradizionaletatik kanpo bizi dan persona bat. Ni “mundu euskaldun” zabal horretakoa naz, “Euskadi Globala” deitzen dogun espazio intelektual, akademiko eta emotibo horretakoa. Diaspora eta herri-botoa modu honetan balioesteak indar handia emoten deutso nire lanari eta etorkizuneko proiektuei.

Azkenaldian lehenengo lerroan ikusi zaitugu AEBtan, Idahoko eraikin ofizialetan ikurrinaren presentzia legala eta historikoa sutsu defendiduten. Pentsau zendun inoz han, euskal komunidadea hain errotuta dagoen leku baten, gure ikur nagusia zalantzan jarriko zanik? Zelan bizi izan zendun hori guztia?

Lege proposamen zentzubako hori Alderdi Errepublikanoko ordezkari batetik etorri zan, AEBtan azken urteotan bizi dan “kultura gerra” deitutako pakete politikoaren barruan. Hasierako helburua zan bandera anitza edo ortzadarra deitutakoa (LGTBIQ+ komunidadearena) egitura publiko eta eraikin ofizial guztietatik kentzea eta debekatzea.

Baina, ezjakintasun hutsagatik edo estrategia politiko baldar baten ondorioz, ordezkari horrek debeku hori lortzeko formula moduan edozein motatako kanpoko bandera guztiak debekatzea proposau eban lege-testuan, AEBkoak eta militarrenak izan ezik.

Gauzak okertu egin ziran batzordean ikurrinari buruz galdetu eutsenean. Ordezkari errepublikano hori diskurtso bildurgarri eta zentzubako bategaz hasi zen: ikurrina Espainian eta Frantzian debekatuta dagoela esan eban, terroristen bandera dala, ETArena dela…

Gernika-Lumoko alaba honi, hori entzutean, ezinbestekoa iruditu jakon batzordeko buruari zuzenean deitzea. Hurrengo egunean bertan parte hartzeko baimena eskatu neban, erregistro ofizialean esandako gezur horreek guztiak zuzentzeko eta nire testigantza publiko eta akademikoa emoteko.

Bandera bat, azkenean, oihal zati bat baino ez da, baina sinbolismoz, historiaz eta identidadez beteta dago. Arazoa dator identidade hori inposau gura denean edo batzuei lekua ukatu eta besteei emon nahi jakenean.

Azkenean, nire agerraldiari eta euskal komunidadearen presinoari esker, lege-proposamena aldatu egin zan eta estatu edota herrialde ofizialen banderak eraikin publikoetan sartu ahal izatea lortu gendun. Ikurrina Espainiako entidade gubernamental baten (Eusko Jaurlaritzaren) ikur ofiziala danez, beti altxau ahal izango da Idahon legez.

Dana dala, niretzat ez zan erabateko garaipena izan; nik nahi dodalako erakunde bakoitxak nahi dauen bandera ipintea modu librean: anitza, gardena, herrikoia edo loraz betetakoa! Askatasuna hori da.

Europatik begiratuta, AEBko polarizazino politikoari kritika handiak egiten jakoz gaur egun, batez be hauteskunde garaietan. Zelan bizi dozue zuok, euskaldun eta etorkinen pasarteak daukazuezan familiek, egunerokoan etapa hau herrialde barruan?

Gure familian kezka handiz bizi dogu egoera hau. Nire ama Gernikako bonbardaketatik eta ondorengo frankismoaren diktadura gogorretik bizirik urten zala, eta aita zendua Gerra Zibiletik ihesi Idahora artzain joan zela kontuan hartuta, oso ondo dakigu zer dan polarizazino politikoa eta muturreko diskurtsoak. Badakigu zer dakarren horrek, bai maila intelektualeani, bai emozionalean.

Nire amari, gaur egungo AEBko albisteak irakurtzean eta hango politikari batzuk entzutean, 1950eko hamarkadako Francoren erregimena jatorko burura zuzenean. Beldurgarria da. Apurka-apurka ura berotzen doa, igela konturatu barik egosten dan arte.

Azken 40 urteetan ikusi dogu diruak zelan eragin dauan hauteskunde-kanpainetan eta botere egituretan. Orain fokoa ez dago ekonomian, gai erlijioso, kultural eta “identidade politikan” baino; mugimendu antifeministetan eta etorkinen kontrako jarrera gogorretan.

Baina argi itxi nahi dogu zuek jakin deizuen gure inguruko jenea egunero gagozela burrukan eta protestan. Trumpen muturreko politikak sustatzen dabezan errepublikanoen bulegoen aurrean egoten gara, sare sozialak erabiltzen doguz, hitzaldi irekiak emoten doguz eta komunidade mobimentuak antolatzen doguz

Nik neuk, supermerkaduan erosketak egiten nagoela be, jenteari galdetzen deutsat ia bozkatzeko izena emonda daukien; eta ezetz esaten badaustie, nire poltsatik fitxa ofiziala atara eta bertan emoten deutsiet! Aktibismoa eguneroko gauza txikietan dago.

Euskal Etxeetan eta diasporan emakumeek daukazuen papera asko bistaratu eta aldarrikatu dozu zure liburu eta ikerketa guztietan. Emakumea izan da kanpoan euskal identidadeari, hizkuntzari eta kulturari eutsi deutson motor ikusezin hori?

Euskal Etxeetan emakumeek beti izan dabe paper esanguratsu, indartsu eta itzela. Caracasko euskal eskoletako irakasleetatik hasi eta North Queenslandeko (Australia) bazkide sortzaileetaraino; emakumeek eskuetan izan dabez mailuak eraikinak altxatzeko, zartaginak ehunka lagunentzako otorduak prestetako, umeak hezteko, baina baita mikrofonoak ekitaldiak gidatzeko eta erabaki garrantzitsuak sinatzeko boligrafoak be. Ez neuke esango ikusezinak izan direnik, baina egia da azken 20 urteetara arte erakundeek eta historialariek ez deutsiela euren lanaren aitortza ofizialik emon.

Nire ikerketa gehienetan datuekin ikusi dodanez, emakume euskalduna izan da “ama lurraren” (Euskadiren) eta familia emigrantearen arteko komunikazinoari eta kordoiari eutsi deutsona. Nire amak berak hori islatzen dau primeran: zazpi hamarkadatan gutunak idatzi dauz astero, argazkiak bialdu dauz, eta gero, teknologia barriekin Gernika eta Boise arteko harremana eta lotura familiarra bizirik mantendu dau. Berak bultzatzen eban familiak bialtzen ebazan egunkariak Euskal Etxeko tabernan egoteko, danek politika eta kultura ezagutzeko, adibidez, Aldaba aldizkaria ez da inoz faltan izan gure etxean.

Emakume askok Boiseko ostatu eta tabernetan lan egiten eben gau eta egun dirua irabazteko; eta diru hori ez zan AEBtan besaulki barri bat edo luxuzko ezer erosteko, Euskadira guraso eta neba-arrebak ikustera bueltetako bidaia-txartela erosteko baizik. Komunikatzaile bikainak izan direnez, historialari nagusiak be izan dira. Gutun horreek eta argazki horreek dira gure diasporaren artxibo eta altxor nagusia.

Gernika eta Euskadiko zilbor-hestea oso bizi daukazu beti. Urtean zehar askotan etortzen zara hona. Zelan ikusten dozu gaur egungo Euskadi kanpoko behatzaile akademiko moduan? Zerk harritzen zaitu eta zerk kezkatzen zaitu gure gizartean?

Asko harritzen nau, eta beti esaten dot, euskal herri eta hirien garbitasun eta txukuntasunak. Biztanleria hazten ari dan arren eta turismoaren gorakada handia daukagun arren, jasangarritasuna, kutsadura baxua eta zabor bilketa sistemak hain arrakastatsuak izatea asko eskertzen dot kanpotik natorrenean. Gernika-Lumon, Gasteizen edo Iruñean nagoela, lorak, zuhaitzak eta espaloi garbiak ikusten dodaz. Balkoietako lorak ikusteak etxeko eta herriko zaintzaren ezaugarri kultural sakona erakusten dau. Gure espazio publikoa maite dogula erakusten dau horrek.

Kezkatzen nauena, ostera, eraikin publikoetan, trenetan eta denda askotako ateetan ikusten dodazan pintadak dira, “tagging” edo sinadura motz horreek. Niretzat, horrek herriarekiko harrotasun falta, gauza komun eta publikoekiko errespetu falta eta egoismo handia erakusten dau: “ni”-a gailentzen da, nire sinadura ipintea, eta ez “gu”-a edo “gurea” dan espazioa zaintzea.

AEBtako gizarteak Euskaditik asko dauka ikasteko arlo askotan: alkar zaintzeko etika eta moralidadea, babes soziala eta inor atzean ez izteko konpromiso kolektibo hori. Indibidualismo amerikarra amildegi kultural, sozial eta politiko izugarriak sortzen ari da hango gizartean.

Baina euskaldunek be onartu behar dozue eta konturatu behar zarie hamen, Europako beste leku batzukin eta AEBkin alderatuta, ezbairik barik oso ondo bizi zariela. Sarri etxetik urten behar da eta kanpoko errealidade gogorrak ikusi, daukagunaz jabetzeko.

Adibidez, Osakidetzaz kexatzen diren horreei AEBtako adibidea emango neuskioe: AEBtan osasungintza publikorik ez dago ia, eta gaixotzea edo istripu bat izatea da erdi-mailako familia oso batek porrot ekonomikoa eragiteko eta etxea galtzeko arrazoi nagusia. Stress eta ikara hori barik bizi zarie hamen, lasaitasun sozial handiagoagaz.

Beraz, nire azken mezua argia da: daukagun altxor sozial eta kultural hau zaindu dagigun guztion artean. Egunerokoan berdintasunaren, jasangarritasunaren eta demokrazia sozialaren alde lan egin behar dogu, eta diskurtso erradikal edota intoleranteen aurrean jarraian esku hartu behar dogu gure askatasuna defendiduteko.