“Gernika-Lumon memoriaren inguruan badago zer egin.”

PIPERGORRI ELKARTEA

Iñaki Uribarrena

Pipergorri alkartea Gernikako Ospitale Militarraren historia berreskuratzeko eta ahanzturan ez jausteko helburuarekin hasi zan lanean. Iñaki Uribarrena, alkartearen idazkariarekin izan gara bere lana hobeto ezagutzeko asmoz.

1.- Zelan sortu zan Pipergorri eta zein helbururekin? Zenbat lagunek osatzen dozue alkartea?

Gerra eta Errepublikaren inguruko ardurea euki genduan eta gure kasuan Gernikako Ospitale Militarrean hildako errepublikanuak gogoratu egiteko, ahanzturan jausi ez egiteko hasi ginan beharrean 2014an. Pipergorri lagunak dozena bat dira baina ekitaldietarako lagun gehiago batzen gara.

2.- Memoria berreskuratzeko hainbat proiektu eta desobiratzetan parte hartu dozue, hala nola oraintsu memoriaren leku bihurtutako Ospitale Militarrean. Zein proiektu gustatzen jatzue gehien?

Ardatza beti izan da  Gernikako Gerra-Presoen Ospitale Militarra (1938-1940)eta horren inguruan garatu doguz ekimen gehienak. Ospitale militarra Memoriaren Lekuaren ondaretzat hartzea Gernikarron memoria integratzailearen partea da.

Beste herri batzuetan (Urduña, Amorebieta, Saibigain) desobiratzeetan laguntzea izan da alkartasunezko ekitaldia, Gernikan halakorik ezin dalako egin.

3.- Urtearen amaieran, zuen alkarteak Alacanteko Unibertsitateko Arxiu de la Democràcia-Demokraziaren Agiritegiaren aitorpena lortu eban. Zelan lortzen dozue biktimen senideekin harremanetan jartzea?

Guretzat oinarrizkoa izan da familiakaz hartu-emona lortzea, eta honetan garrantzi handikoa izan da ikerketak berak euki daben zabalkundea. Gure ekina be ez da txikia izan. Kasu batzuetan 82 urteren buruan jakin izan dabe famili batzuk -geure ahotik- zer pasau zan eta non hil zan euren senitartekoa. Emozinoz beteriko hartuemonak dira, eta familiak asko estimetan dabe geure beharra. Egia ezagutzea ezinbestekoa da eurentzat, familiaren isilpeko dolu hori gainditu ahal izateko.

4.- Ikerketa-lana zaila izango da. Memoria historikoa berreskuratzen lanean dagozen erakundeen edo bestelako elkarteen babesa dozue? Euskadikoak, Estatukoak?

Ikerketa egitea lan pertsonala da, taldeak bere gain hartzen dabena. Horretarako eta beste ekimenetarako badaukaguz laguntzak, besteak beste Kultur Etxea-Udalarena, Gogora Institutuarena, eta Memoria Democráticarena. Artxibo militarrak eta ostantzekoak be lagungarri euki doguz ikerketa aurrera eroateko, ahaztu barik Erregistro Zibilak, Udal Artxiboak, eta besterik.

5.- Zer zailtasun daukazue zuen lana egiteko orduan? Daukazuezan giza baliabide eta baliabide ekonomikoak nahikoak dira?

Atalik handiena boluntarioen ekarpena da, baina dirua be beharrezkoa izan dogu ekitaldiak antolatzeko, urruneko artxiboetara (Ferrol, Salamanca, Ávila, Zaragoza, Guadalajara, Madril, Alacant, Jaén…) joateko, lekuei bersignifikazinoa emoteko (Zalloko 269 memoriala, Gernika BHI), berbaldiak antolatzeko, liburuen zabalkunderako bidalketak egiteko, … eta hor ba, horren guztiorren atzean badago behar administratiboa (diru-laguntzen epeak, memoriak, zuriketa…). Borondatezko(en) beharra handia da.

6.- Ikerketarekin batera, zuen lanaren beste alderdi garrantzitsu bat dibulgazioa eta zabalkundea da. Zer bide erabiltzen dozue helburu hori lortzeko?

Urtero Memoria eta Historia jardunaldiak antolatzen doguz, eta omenaldiagaz batera dokumentalak, pelikulak, hitzaldiak egin izan doguz. Beste alkarte eta ikertzaileakaz hartuemonetan gagoz eta urtean- urtean egitarau interesgarria garatzen dogu.

7.- Estatuan onartutako Memoria Demokratikoaren Legeak zeuen lana erraztu dau?

Gernikan bertan egon zan Fernando Martinez estatu-idazkaria (2023/apir) horren azalpena emoten, eta lege horren bidetik etorri da Gernika-Lumoko esparru urbanoa Memoriaren Lekua izendatzearena (2023-2024). Izendapen horren alegazino-epean be parte hartu genduan Ospitale Militarra dan ondarea beste ondareen artean ondo integratuta geratzeko. Aktiboak izan gara prozesu luze horretan, eta batez be  azken ekitaldian (2025/01/31) eragileak izan gara, erakundeen arteko hariak batzeko ahaleginetan.

8.- Zelan inplikau leitekez herritarrak zeuen proiektuetan?

Informazinoa da lehenengo pausua, memoriaren atalak edo zatiak integratuta ikusteko moduan: Gernika-Lumon badaukaguz integrau beharreko atalak (bonbardaketa, fusilatuak, errepresino franquista, sumarioak, depurazinoak, inkautazinoak…), eta badago zer egin. Eskolan bai, baina familian be jorratu beharreko gaia da.

Memoria publikoa eta partehartzailea: gure ekitaldiak publikoak dira eta esaterako Zallon egiten dan 269 presoen izenen irakurketa partekatua herritarron artean egiten dogu, hurreratzen diranei izen batzuk irakurteko konbita eginaz.

9.- Zeuen ustez, gazteek informazio nahikoa daukie honen inguruan? Behar bezala azaltzen al da historia eskoletan eta institutuetan?

Eskola-Institutuetan egiten dan beharra be zabaldu da gizarteak berak be eskatzen dabelako.

Kontzientzia hori be zabaldu behar dogu, eta eskolan ez eze, etxean eta familian be badago zer ikasi. Egia esateko, urteetako atzerapena ikusten dogu orain, eta guztiz ahaztu orduko, ekin egin beharko jako, memoria publikoari lekua emonaz.

10.- Zein proiektutan ari da lanean gaur egun Pipergorri Elkartea?

Ospitaleagaz lotuta honelakoetan jarduten dogu:  zabalkunde beharretan, familien bilaketan, dokumentu barrien begira, Gogora edo Catalunyako Memorial Democratic erakundeen biktimen datu-baseen izenak eta datuak zuzentzen (Censo Estatal de victimas barrian uztartu beharrekoak). Laster Memoriaren Legearen araberako Declaración de Reparación y Reconocimiento ziurtagiriak bultzatu gura doguz familien artean. Beste alde batetik, errepresino frankistak fusilatutako gernikar biak (oraingoz Gernikan omendu bakoak) be ezin doguz ahaztu, eta sasoi haretako beste trabeskeria batzuk be ez.

 

LABURRAK

1.- Nondik dator Pipergorri izena?

Piperra eta gorria: argi dago. Ezagunagoa, piper berdea.

2.- Zer transmititzen deutsue biktimen familiek eurekin berba egiten dozuenean? (mina, esker ona, tristura…) Esker ona. Urteetako ahanztura. Egiaren beharra.

Bakea.

3.- Gehien hunkitu zaituen proiektua

Orokorrean proiektu honek daukan giza dimentsinoa: zenbakien atzeko pertsonak eta familiak.

4.- Gehien harritu zaituen biktimaren senitartekoa

Familia baten esanetan “fusilado por rojo” zan Antonio Muntión Gernikako ospitalean hil zan. Ezin sinistuta egoan familia.

5.- Gure historia markatu duen gertaera bat

Hauteskunde libreak.

6.- Euskadiren historiako pertsona garrantzitsua

()

7.- Ba al dago oraindik sasoi hori ez gogoratzea nahiago dauen pertsonarik?

Bai segurutik. Beste askoren kalterako.

8.- Berreskuratuko al dugu erabat gure Memoria Historikoa?

Horren aldeko mogimendu zabala dago, tartean geurea.

9.- Gazteek ba al dute gai horrekiko interesik?

Baietz esango neuke, eta familia guztietan badira antxineko kontuak gogora ekarteko.

10.- Gernika-Lumo eta eskualdearen etorkizunerako nahia

Gerra eta errepresino/ indarkeria konturik euki ez daigun. Bakea.