“Aresti konturatu zan purismoak poesia eroaten ebala ulertua ez izatera”

Gabriel Aresti idazle ezagunaren poesiaren inguruko azterlan dibulgatiboa plazaratu dau Jon Kortazar irakasle eta ikerlari mundakarrak, Gabriel Aresti. Poesia eta Gizartea izenburupean. Bilbotarraren ibilbide poetikoa osorik hartu dau kontuan, hasiera-hasierako lanetatik hasita, eta izandako bilakabidea jorratu dau. Hartara, Kortazarrek lau aro nagusitan banatu dau Arestiren olerkigintza. XX. mendeko euskal literaturaren inguruko aditu nagusietako bat da Kortazar eta liburu barria beste mugarri bat da bide horretan.

Gabriel Arestiren ibilbide poetikoa aztertu dozu liburu barrian. Ze ezaugarri ditu haren olerkigintzak?

Bere kezka nagusia komunikazinoa da, hau da, Arestik poesiari eskatzen deutsan lehenengo baldintza da zeozer komunikau behar dauela: soziologiaz frankista dan gizarte baten kontrako bideak, hau da, egiaren eta justiziaren aldeko, langileen aldeko poesia bat. Euskaltzaletasunaren alde be egin eban. Esaten da modernidade batek beste modernidadeak ukatzen dituala eta hori Arestiren poesian ikusten da, euskal literaturan haren aurretik egon ziran modernidadeak ukatu zituan, kontzeptu barriak sartuta, sozialismoagaz eta komunismoagaz lotuta. Arestik esaten ebanez, debalde egindako poesia zan berea, jente guztiarentzat, erraz ulertzekoa.

Zertan oinarritu zara liburua idazteko?

Hamar bat urtez hemen eta Europan zehar emondako berbaldiak eta hainbat lekutan argitaratutako testuak batu eta euskeratu dodaz, hori da liburuaren oinarria. Europan, batez be, garbizaletasunaren kontua azaldu behar izaten neban ondo, han ez dalako ulertzen. Sabino Aranaren dotrina dalakoa oso garbizalea zan, politikan, gizartean zein hizkuntzan, baina Gabriel Aresti ez zan bape garbizalea. Hortaz, Aresti ez da bere aurreko belaunaldikoen aldekoa, garbizaleak ziralako. Konturatu zan purismoak poesia eroaten ebala ulertua ez izatera.

Liburuan dinozu lau arotan banatu behar dala Arestiren poesia. Orain arte hiru arotan banatu izan da, ezta?

Liburuan planteatzen dot Gabriel Arestiren ibilbide poetikoan lau aro nagusi dagozala, ikuspegiaren aldaketa bat ekarri dot, bai. Baina ez da orain artekoagaz konforme ez nagoalako, beste barik ikusi dot oparotasun bat dagoala Arestiren poesian eta aproposagoa dala lau aro bereiztea. Lehenengoan, Lizardiren ereduaren bidetik hasi zan idazten, sinbolismoaren estiloan, poesia nahiko minoritarioa egiten eban. Halako batean, bertsolaritza ezagutu eban, seguruenez Hauspoa bildumako argitalpenak irakurriz, eta bertsolari txapelketetan epaile be hasi zan. Bigarren aro horretan, beraz, bertsolaritzak sekulako eragina dauka, baina aro horren barruan fase bi bereiztu geinkez: batean bizkaieraz idazten dau, bere bizitzari buruzko poesia da, zortzikoetan egituratua; bigarrenean, Maldan behera lan ezaguna dago.

Beste bi aro be aitatu dozuz. Zelako poesia egin eban horreetan?

Ba, hirugarrena aro politikoa da, poesia antifrankista egin eban eta, jakina, ezin izan eban argitaratu, diktadura betean egozalako sasoi haretan. Argitaratzen ez dana, sarritan, ez da ondo ezagutzen. Azkenik, aro soziala heldu zan, Harriaren Zikloa be esaten deutsaguna.

Lau aroak zehazteaz aparte, ze beste eduki topauko ditu irakurleak Gabriel Aresti. Poesia eta Gizartea liburuan?

Liburuaren hasieran artxibo lan moduko bat egin dot. Bestetik, nabari da Arestik gaztelaniaz be idatzi zituala poemak, hori gauza jakina da, baina lau aroak zehazteko orduan hori ez dot kontuan hartu, beharbada bosgarren bat izango litxake. Garbi dagoana da hasierako Aresti bat dagoala, gaztea, Lizardiren bidetik poesia idazten. Ondoren, aldaketak ikusten hasten gara, adibidez, bertsolaritzaren eraginez.

Liburu honen aurretik be, Arestiren poema ezezagunenak gizarteratzen ibili izan zara.

Suberte handia izan dodala esan behar dot. Familia batek gordeta eukazan Arestik gaztelaniaz idatzitako pare bat soneto eta nigana jo eben. Gero, Euskaltzaindian egoan Mailu batekin, biola batekin, titulua ezezaguna zan, baina ikusi genduan edukia ezaguna zala, Arestik Euskal harria osatzeko erabili ebalako horko materiala. Gauzen bila ibilten gara, bai, baina artxibo lan handiagoa falta jaku. Ez da ahaztu behar Karmelo Landak eta haren lantaldeak 1986an egindako edizinoan material asko agertzen dirala. Horregatik, aurrerantzean muturrak agertuko jakuzala uste dot, egoerari lotutako poesia laburrak, ez lan luzeak. Agertu izan dira lantzean behin gauza bitxiak, gogoan dot Harri eta Herri-ren azken bersinotik kendutako poesia bi topau genduzala, bat ezaguna zan baina bestea ez.

Beraz, sarritan, Arestiren testu barriak agertzen diranean, bere obra ezagunen argitaratu aurreko zatitxuak izaten dira.

Hor Arestik ohitura bat eukan, ahalegintzen zan idatzitako guztia argitaratzen, ezer kanpoan itxi barik. Baina batzuetan horretarako arazoak be izan zituan, adibidez Zuzenbide debekatua-n, lan horren Euskal Tragedia zatiagaz. Oso aitagarria da Zuzenbide debekatua, hasierako bersinoan lau zatitan banatu eban baina, ondoren, bost izan ziran. Eta lehenengo zatia oso polita da, 40 euskal idazlegaz karta-joko bat sortu eban. Dukat banatan egindako bertsuak izeneko partea be interesgarria da, Euskal Harria-n erabili zituan horko gauza batzuk. Baina Euskal Tragedia-k buruko minak eragin eutsazan, Francoren kontra garbi egiten ebalako berba.

Zentsuragaz arazoak izan zituan?

Euskal Tragedia-ren kasuan, berak baekian argitaratuz gero kartzelatu egingo ebela. Beste aldean [Ipar Euskal Herrian] argitaratzea be pentsau eban. Ondoren Harri eta Herri argitaratu eban eta ez eban horrenbeste arazo izan zentsuragaz. Euskal Harria-k, ostera, bai: liburuaren erdia plazaratu eban eta beste erdia, ba ezin. Arazo handiak izan zituan zentsuragaz, bai.

Gerra aurreko idazle batzuk be sakon aztertu dozuz beste ikerlan batzuetan, adibidez, Lizardi eta Lauaxeta. Zelako eragina izan eben horreek autoreek Arestiren obran?

Hasiera batean, eragin handia izan eben. Arestik Euzko Gogoa-n argitaratu zituan lehenengo poemak eta hor Lizardi oso presente dago. Lehen esan dodan moduan, Gerra aurreko garbizalekeriagaz apurtu eban Arestik, baina, gero, badagoz belaunaldi horreetakoei egindako omenaldiak Maldan behera-n, besteak beste. Lauaxetaren kasuan, haren irudiak Arestigan izan eban eragina aitatu behar da. Gerran hil eben Lauaxeta eta, horregaitik, Gerran hildako beste poeta batzukaz lotzen dau Arestik: García Lorca, Miguel Hernández… Frankismoak isildutako poetak ziran, baina Arestiren poesian eragin handiagoa izan eben beste batzuek, batez be Blas de Oterok. Uda bat alkarregaz pasau eben Mundakan, Martin Arrizubietaren etxean. Liburuan aitatzen dot zelan Arestik Harri eta Herri plazaratu eban eta elementu biok [harria eta herria] Blas de Oterok lotu zituan lehenengoz, Gallarta izeneko poema batean, ‘España, patria de piedra’ idatzi ebanean.

Zein da Lauaxeta eta Lizardiren lekua euskal letretan?

Sinbolismoaren eragina ekarri eben euskal literaturara. Erromantizismoa eta post-erromantizismoa egon ziran lehenengo, eta Lizardi, Lauaxeta eta beste batzuk urrundu egiten dira hortik. Azken batean, modernismoaren ezaugarri bat da aurrekoa ukatzea. Nazinoa agertzeko poesia egitea da euren asmoa, nazinoa sortzea literatura idealista baten bidez.

XX. mendeko literatura aztertzeko grina zelan sortu jatzun?

Tesia Lauaxetari buruz egin neban eta haren bidez ikusi neban zeintzuk ziran modernismoaren ezaugarriak. Ondoren hasi nintzan begiratzen modernismo horren aurretik zer egon zan eta zer etorri zan gero. Dana dala, hasiera-hasieran, Mikel Zarategaz izaten nebazan Bizkaiko euskal literaturaren inguruko eskolak eta han ezagutu nebazan Barrutia eta Lauaxeta, eta tesia Barrutiari buruz egitea pentsau neban, barrikuntzaren atzean egoana azaleratzeko asmoz. Azkenean, tesina moduan egin neban baina Koldo Mitxelenak zuzenketa handiak egin eutsazan eta pentsau neban, ‘nora noa ni!’. Horregatik erabagi neban tesirako Lauaxeta aukeratzea, Koldo Mitxelena bera izan neban zuzendari, ganera.

Poesiak gehiago erakarten zaitu?

Egia esan, izan dodaz aldiak prosa aztertzen ibili izan naizena. XX. Mendeko Euskal Literatura argitaratu nebanean be, poesia zein narrazinoa aztertu nebazan. Baina erroetara bueltau naizenean, egia da Lauaxeta eta Arestigana bueltau naizela, poesiaren bidez gehinbat.

Arestik eta Lauaxetak, biek dabe lotura sakona Busturialdeagaz, ezta?

Bai. Hasteko, orain plazaratu dodan liburuaren portadako argazkian, Aresti Mundakan agertzen da, Portuondoko begiralekuan. Harri eta Herri-n badira poemak Mundaka aitatuz, uda batzuk pasau zituan herrian. Gaixotu zanean, pisu bat erosi eban Ean eta han pasau zituan bere azken urteak. Lauaxeta, ostera, Gernikako bonbardaketagaz estu lotuta dago. Bonbardaketa gertatu eta hiru egunera etorri zan Gernikara, Georges Berniard kazetariari zer pasau zan erakustera. Saraspen gudarien komandante batek oharra egin eutsan, aurrera ez egiteko, uria nazionalen esku egoala ordurako, baina Lauaxetak ez eban atzera egin eta Santa Klarako komentuan harrapau zituen Lauaxeta eta Berniard. Bestetik, Lauaxetaren mitin ezagun bat Gernikako frontoian izan zan.

Zuk zeuk ezagutu zenduan Gabriel Aresti?

Ni Mundakako talde batean ibilten nintzan txistua joten eta taldekide batek gogoan dauka Aresti ikusi genduala behin, kalerik kale txistuagaz genbizala, Martin Arrizubietaren etxean. Baina nik ez daukat gogoan. Ondo gogoan daukat, ostera, Deustuko Unibersidadean Galiziako literaturaren inguruko berbaldi batean egon zala: Manuel Maria zan hizlaria eta Aresti aurkezlea. Arestiri kristoren txolopotea montatu eutsen, nik 17-18 urte neukazan eta ez neban kontua asko ulertu, seguruenez espainolista eta komunista izatea leporatuko eutsen. Terriblea izan zan, gogoan dot Karmele Rotaetxe jenteari txilioka, ea zertara etorren ha guztia. Berbaldi horren grabazinoa pasau eustan Galiziako adiskide batek, gordeta daukat, eta entzuten da eztabaida moduko bat, eta Aresti berea defendatzen.

1980ko hamarkadan nobela bat eta umeen literaturako liburuak plazaratu zenduzan. Segitzen dozu fikzinoa idazten?

Buf, ez. Kapitulu hori aspaldi itxi neban. Hizkuntza minoritarioetako literaturak lan bakarreko idazlez beteta dagoz eta uste dot ni horreetako bat nazela. Ikerlanak argitaratzen dodaz neure lanbideagaz lotuago dagoalako, ze ni irakaslea naz, eskolak emoten dodaz 1977tik eta uste dot ikerkuntzan oihartzun askoz handiagoa izan dodala fikzinogile lez baino.

Ikerkuntza aitatu dozu. Euskal literatura ikertzen segitzeko prest ikusten dozuz belaunaldi barriak?

Garbi ikusten dot baietz, tesien eta halakoen bidez ikusten dot badagoala jentea prest.

Eta zuk zeuk, ze proiektu darabilzu gogoan?

Gure ikerlari taldean oraintxe atara dogu beste liburu bat, oso akademikoa, santu kulturalak izendatu doguzanen inguruan. Hau da, podere politikoak idazleak eta literatura zelan eta zergaitik erabilten dituan. Gure agintariek erabili egiten dabe literatura eta, horren barruan, santu kulturalak sortu. 2025ean Lauaxeta eta Gabriel Aresti omendu ditue, baina baita Jon Mirande eta Lurdes Iriondo be. Aurrerantzean be, santu kultural horreen inguruan aztertzen segiduko dot, hareen irudiaz egiten dan erabilpena oso zabala dalako. Esate baterako, Urduliz aldean Lauaxeta izeneko garagardoa sortu eben, danetariko kasu bitxiak dagoz.