Bazkaloste bat zen. Jandako kroketa eta txipiroien zama guztiz digeritu gabe oraindik. Hortzoietan letxuga zati bat katigaturik eta, betazaletatik dindilizka, lo eginarazten ninduen hari fin bat . Hondo-zaratan, telebistako telesail turkiarraren Brumel usaindun esaldi solteak barrundatzen ziren. Nire alboan, familia arteko Mus txapelketako giroa, Poker partida klandestinoetan bezain sibilino. Lasai antzean aurreikusten nuen arratsaldea. Gizajoa ni. Barearen ostean omen dator beti ekaitza. Bapatean, mahaiaren bazter batetik, bere presa usaindu berri duen harraparia nola, nigana zuzendu zuen begirada. Ez zidan erreakzionatzeko astirik eman. Begiak zabal, atzamar salatariz, arnasa hartu zuen. Nik ondo ezagutzen nuen aurrean neukana. Oihaneko espezie endemikoa. Etxe guztietan aurki daitekeena. Zotza ahoan, koadrodun alkandora soinean, coignac zaporedun listuz orraztutako buru gaineko lorategi apurrarekin… Leku bakoitzean nork bere izena jartzen badio ere, gure etxeko eskala ebolutiboan ondorengoa da: Homo Cuñadus. Dirudienez, askeegi sentitu zen arratsaldeko ehiza esparruan eta, ni, “eeeeeeeez” bat oihukatzeko gai baino ez nintzen izan. Beranduegi. Kamara geldoan eta ihes egiteko aukerarik eman gabe, brausta bota zidan: “eta, Koldo, zuk ze iritzi duzu honi buruz?”.
Sokrates izan zela uste dut, “nik bakarrik dakit ez dakidala ezer” esaldia ezagun egin zuena. Lotsabako galanta morroia. Ez ote zuen hobeto, bere tunika itsusi horrekin, Souvenir dendetako katilugileentzat esaldi hutsalak pentsatzen hasi baino, humanitaearen mesedetan, isilik geratu?. Ezer ez jakitetik urrun egotera behartuta gaude, zoritxarrez. Nik politika gustuko dut, gustatzen zaizkit nire ingurutik hasi eta mundu mailara heltzen diren arazoen inguruko hausnarketak. Horrek ez du esan nahi Txinako egoera sozioekonomikoari buruzko Master bat daukadanik edo Oka ibaira heltzen diren arrainen ezkatek ze forma duten dakidanik. Bustitzea ondo dago, egunero busti behar gara: zer erosi eta zer ez hautatzean, non igaro aisialdiko egunak, zein hizkuntzatan hitz egin… Bustitzea beharrezkoa da munduak aurrera jarraitu dezan. Bustitzen ez dena, politika gustatzen ez zaionaren aitzakiaz, ohartu ere egin gabe, lerratzen dabil, eskubideak murrizten dizkigutenen alde, alegia. Horregatik ezinbestekoa da gauzetaz informatzea une oro, eta, adibidez, feminismoaz galdetzen digutenean, bere herria mapan kokatzeko gai ez den gizon baten Podcastean entzundakoak ez errepikatzea. Hala ere, badago, abiaduraren garaiotan, dena azkar kontsumitu beharraren beharraz, guztiari buruz iritzia emateko beharrizan bat: arin, txarto eta ekarpenik egiteko gogorik gabe. Fast Foodaren logika jakintzara aplikatua. Beraz, zilegia da, eten bat aldarrikatzea noizean behin. Eskubidea daukagu guztiari buruzko iritzirik ez edukitzeko, hanka sartu baino lehen, hanka egitea aldarrikatzeko. Ez, ez gara perfektuak eta ez dugu beti iritzirik eduki nahi; lasaitasuna edukitzearekin nahikoa da gehienetan.
Bazkaloste gogorra izan zen hura. Nire burua behartu nuen animalia ehiztari hari erantzun bat ematera. Ez nintzen hain ezeroso sentitzen, behin, “zelan zaude?” galdetu eta “txarto” erantzun nuen egunetik. Garaipen bat izan zen Homo Cuñadusarentzat. Oroitzen ditut oraindik bere algarak, sukaldera beste coignac kopa baten bila zihoan bitartean. Odolustu egin ninduen. Totelka hasi nintzen, izerditan blai eta koherentetik oso urrun zeuden hitzak kanporatu zituen nire ahoak. Esaten nenbilena Socrates berak ere ezingo zukeen ulertu. Galdutako bataila bat izan zen baina ez da berriro gertatuko. Hurrengorako, arma guztiekin joango naiz, harro-harro mahaitik altxatu eta, inongo konplexurik gabe, zera erantzungo diot: “nire iritzia da ez daukadala iritzirik”.





