“Beste erailketa matxista bat Euskal Herrian” dio titular batek albistegieetan. Berdin du zein den egunkaria edo katea; guztietan errepikatzen da gauza bera.
Ez da azalean joango, hori politikarien kontuetarako baita. Ekonomia eta kirolaren artean sartuko dute, gizarteko beste edozein gai bailitzan, eta ez diote paragrafo pare bat besterik emango, beste albiste “garrantzitsuagoak” moztea ez delako aukera bat.
Irakurleekin ere berdin. Askok ez dute irakurri ere egingo. Itxuraz, titularra ez da aski deigarria; “Athletic”, “ustelkeria” edo antzekoren bat jarri behar du. Baina beno, hori ez da guztien kasua. Badira irakurri bezain laster testura jotzen dutenak ere. Batzuek kasuaren xehetasun bila joko dute testura, morboagatik bada ere. Besteren batzuek, aldiz, ahoz gora irakurri, eta albokoarekin komentatu dute zeinen “fuertea” den oraindik horrelakoak entzutea. Hori bai, orria pasatu, eta hurrengo albisterako ahaztuko zaie ezinegona, eta zihurrenik, titularra bera ere.
Ordu gutxi batzuen buruan, kartel bat zabalduko da sareetan eta whatsapp taldeetan. Horrela dio lemak: “Indarkeria Matxistari aurre egin”. Arratsaldean, egoera salatzeko egingo den elkarretaratzearen berri ematen du. Askok ikusiko dute; gutxik partekatu.
Horrela helduko dira 19:00ak, eta Merkurioko iturrian betiko berdinak azalduko dira. Itxuraz, egunkaria irakurri dutenek planak zeuzkaten arratsalderako, kartelari like eman diotenek ere, eta kontzentrazio albotik pasatzen direnek nonbaitera heltzeko presa dute. Hori da arazoa: jada heriotza bat ere ez da aski gure bizitzak une batez eteteko.
Zerbait normalizatzen dugunean, dena da “garrantzitsuagoa”, baina zein momentutan heldu gara halako gauzak normalizatzera? Ez nuke sentsazionalismoan erori nahi, baina deshumanizazio hau gehiegizkoa da. Nola ez zaigu barrenik nahasten senar batek emaztea kolpeka hil duela entzuteak? Edo aita batek alaba bortxatu duela, edo seme batek ama labankadaka erasotu duela… Kasu bakoitza bestea baino gordinagoa da.
Iruditzen zait “beste bat” horretan dagoela tranpa. Heriotzarekin bizi behar garela onartuta, jasangarriago egiteko trikimailu gisa erabiltzen dugu. Errepikapenak garrantzia kenduko balio bezala. Baina ez da hala. Errepikapenak zerbait egitekotan, betikotu egiten du, araua baieztatu. Sarritan esaten dugu sistemak hiltzen gaituela, eta kasu batzuetan literala da.
Okerrena da, hori Icebergaren punta baino ez dela; ondo odoleztaturiko punta zorrotz bat, hori bai. Horregatik da horren garrantzitsua hori ikustea, azpian dagoen indarkeriazko egitura osoa ikusi ahal izateko: jaietako erasoak, kaleko komentarioak, instituzioetan salaketak jartzeko dauden traba burokratikoak, sareetako hipersexualizazioa, genero arrakala, lan feminizatuetako baldintza negargarriak… Hori dena ere indarkeria da. Horregatik, ez du balio erailketa Irunen gertatu delako Gernikan zerbait egiteak zentzurik ez duela esateak. Gernikan ere gertatu daiteke, eta orduan zer? Orduan desagertuko dira egiteko ditugun gauza “garrantzitsuago” horiek?
Ez, aurretik egin behar da lan. Beti gabiltza prebentzioa behera eta gora, bada, halako gauzak saihesteko modurik onena erantzutea da; hori da daukagun prebentzio modu bakarra. Inpunitateak tokirik izango ez duen testuinguruak sortu behar ditugu, bai erailketa batean, baina baita erasoetan ere. Herri guztiak jakin dezala gertatu dena, eten dadila herri osoaren bizitza gogoz aurka bada ere. Horrela soilik lortuko dugu halako zerbait egin nahi duenak birritan pentsatzea. Horrela soilik pasatuko dugu beldurra beste bandora.
Gainera, azaroaren 25a igaro berri dugun honetan, une ezin hobea izan da horretarako. Egia da borroka egunero egin behar den zerbait dela, eta askotan halako egun handiek sinbolismoan erortzeko arriskua dutela. Baina beno, hartu dezagun kaleak hartzeko aitzakia gisa, indar erakustaldi bat egiteko aukera gisa. Izan dadila zerbaiten hasiera. Aldarrikatu dezagun, sistemak hartzen gaituen bezain bortitz, ez dugula BESTE erailketa matxista bat onartuko.





