Geure burua etengabe engainatzen dugu. Batzuetan gauza txikietan; beste batzuetan, askoz ere garrantzitsuagoak diren kontuetan. Seguru asko, gure garunaren mekanismo bat izango da, behar-beharrezkoa dena baino gehiago sufritzea saihestu nahirik. Esoporen “Azeria eta mahatsak” alegian bezala gertatzen da: mahatsak lortzeko saiakerak alferrikakoak izan ondoren, azeriak bere porrota erlatibizatzen du, benetan oraindik berde zeudela sinetsiz.
Askok pentsatuko dute bizitzak nahikoa atsekabe ematen dizkigula, ahal dugunean gozatu gabe uzteko. Eta agian hala da. Baina iruditzen zait errealitatea leuntzeko joera hori arriskutsuagoa bihurtzen dela esparru pribatura mugatzeari uzten dionean eta mundua ikusteko dugun modura ere hedatzen denean.
Informazio itxuraz jasotzen dugun desinformazioa gure iparrorratza desitxuratzen ari da. Informazio-eskasia batetik gentozen, gutxi gorabehera ezagutzen genituen iturri gutxi batzuekin, baina bat-batean etengabeko albiste-jauzi baten azpian aurkitzen gara. Ez da lehen albiste guztiak egiazkoak zirenik, ezta objektibotasunak agintzen zuenik ere. Orduan ere manipulazioa, joerak eta interesak zeuden. Baina, nolabait, iturriak hobeto ezagutzen genituen eta hobeto genekien zeri heldu.
Egoera informatibo berri honengatik edo gizakiaren funtzionamendu naturalagatik, badut sentsazioa gero eta joera handiagoa dugula burua lur azpian izkutatzeko. Azken hilabeteotan bizi izan ditugun tragediak —Palestina, Ukraina edo Iran—, haserrez bizi ditugu eta erantzun sozial nabarmena sortzen dute. Baina, gizatasunetik eta emozioetatik harago, gure baitan geratzen da urruneko gerrak direla sentitzeko ideia, bonbak beti beste nonbait eroriko direla.
Egia da azken gertakariek – batez ere Ukrainako inbasioa eta Iranen aurkako erasoek-, beldurra areagotu dutela; haien ondorioak guregana irits daitezkeelakoan, eta ez bakarrik ikuspegi ekonomiko batetik. Beste herrialdeak suntsitzen dituzten bonba horiek nolabait gure atea jotzera irits daitezkeela. Baina baliteke arazoa hortxe bertan hastea, galdera hori sinetsi ezinik planteatzen dugunean. Nola da posible halakorik XXI. mendearen erdian, mendebaldeko zibilizazioaren erdigunean?
Ziur asko askok gogoratuko duzue duela ia hogeita hamar urte markatu gintuen pelikula bat: La vida es bella. Ikusi ez dutenentzat -irakurle nahiko gazteak izango zarete-, Bigarren Mundu Gerran girotutako tragikomedia bat da. Roberto Benignik italiar judu bat antzezten du, bere seme txikiarekin batera kontzentrazio-esparru batera bidalia. Gatibualdian, aitak semeari sinetsarazi nahi dio dena joko baten parte dela, ondo pasatzen ari direla. Errealitatea ezkutatu nahi dio sufrimendua saihesteko. Ez dakit kolektiboki ez ote gauden antzeko logika batean murgilduta. Nahiz eta ustez gerren ondorioez jabetu, uste dut kosta egiten zaigula mentalki agertoki okerrenean jartzea. Ez da beldurra elikatzea edo larrituta bizitzea, baina bai ebidentzia bat aitortzea: oraindik ere zail egiten zaigu benetan gertagarria den zerbait bezala sentitzea.
Duela hilabete batzuk beste pelikula bat ikusi nuen, oraingoan Netflixen: Nº 24. Norvegiako erresistentziako kide baten benetako istorioa kontatzen du, nazien okupazioaren garaian. Bertan, agure batek, gazte zirenean hartu behar izan zituzten erabaki zailak azaltzen dizkie ikasle batzuei. Ta honako hau botatzen die: gaur egun beraiek seguru sentitzen diren bezala, bere garaian ere hala sentitzen zirela. Lehen Mundu Gerraren amaieraren ondoren, ia inork ez zuela beste gerra baten beldurrik. Lasai bizi eta eroso sentitzen zirela.
Egia da ez dela beharrezkoa okerrenean jartzea. Konfiantza izan behar dugu gatazka hauek laster amaituko direla eta, denborarekin, oroitzapen txar bihurtuko direla. Baina gauza bat da beldurrak menderatuta ez bizitzea, eta beste oso desberdina urrun gertatzen delako okerrena inoiz guregana iritsiko ez dela sinestean babestea.





