Emakumeen eta gizonen arteko bardintasunaren alde nabarmendu diran alkarte eta proiektuei gorazarre egiten deutse Bizkaiko Foru Aldundiak Zirgari Sarien bidez. Aurtengo edizinoan, Busturiko Atxurkulu Emakumeen Alkarteak irabazi dau saria, entidadeen atalean, Urduñako Loraldi taldeagaz alkarbanatuta. 2000. urtearen hasieran sortu zan alkartea modu ofizialean, baina urte batzuk lehenagotik batzen hasiak ziran herriko emakume batzuk, batez be, aratusteetan parte hartzeko eta antzerkia egiteko. Pixkanaka, hazten joan da Atxurkulu eta, gaur egun, Busturiako ospakizun guztietan ibilten da, antolatzaile zein laguntzaile, auzorik auzo animazinoa zabaltzen.
Alkarteko lehendakari Bihotza Araukuak dino bultzada handia izan dala Zirgari Saria, batez be errekonozimendua dakarrelako urteetako lanarentzat. Gazteak erreleboa hartzera animau ditu. Bihotza Araukuagaz batera, Atxurkuluko zuzendaritzaren parte diran beste kide bik be lagundu dabe alkarrizketako galderei erantzuten: Yoli Varak eta Adeli Lazkanok.
Zirgari Sariak zer esangura dauka Atxurkulurentzat?
Poztasuna, ilusinoa eta, batez be, errekonozimendua ekarri deuskuz, ze agirian geratu da andrak zelako beharra egiten dogun. Urte asko daroaguz beharrean baina ez genduan espero saririk emongo euskuenik. Dirua be irabazi dogu, baina sariak guretzat daukan baliorik handiena errekonozimenduarena da, halako satisfakzino moduko bat eragin deusku, badakigulako alkarte honek zer esan gura dauen guretzat eta Busturiarentzat. Eta badakigulako zelako sinbolismoa daukan antxinako zirgarien irudiak.
Ekitaldia egin zan martian Bilbon, zuei Zirgari Saria emoteko. Han egon zineen Atxurkuluko kide gehienak, zelako eguna izan zan?
Subidoia izan zan. Saria bera be ederra da, zirgarien beharra irudikatzen dau, zelako behar gogorra zan hareena! Ekitalditik egun gitxira martiaren 8a izan zan, guk urtero egiten dogu kartelada egun horretan, baina aurten diferentea izan da, errekonozimenduak animoa emon deuskulako eta jente gehiago be etorri dalako. Ganera, San Mameseko palkora eroan gintuen sariaren ekitaldiaren ostean, VIP Gunera, jatekoa eta edatekoa ordainduta, bai ondo! Klubeko presidenteak gu ezagutu gura izan gintuan, baina bueltako azken trena hartu behar genduan eta bizkor urten genduan partiduaren ostean.
Busturiko Udalaren ekimenez aurkeztu zan zuen hautagaitza. Beraz, herriko erakundeen partetik be balorau egiten da zuen lana.
Guk ez genduan jakingo Zirgari Sarira zelan aurkeztu eta hori zer dan be justu-justu jakin dogu. Baina Maitane Zearreta zinegotzia etorri jakun proposamena egiten eta asko lagundu deusku, herriaren alde zenbat gauza egiten doguzan azaltzeko proiektua aurkezten. Ze Busturia handia da terrenoz baina txikia biztanlez eta guk dagoeneko 25 urte baino gehiago daroaguz gauzak egiten urteko sasoi guztietan. Udalak beti kolaborau dau geugaz. Ganera, aurten, Zirgari Saria irabazteagatik, Atxurkuluko bazkide bakotxari larrosa bat erregalau deusku Udalak.
Zirgari Sariaren epaimahaiak dino Atxurkuluren lana erreferentzia komunitario bihurtu dala.
Holan da, ze guk geure lana herri guztirako egiten dogu. Esango neuke ez dagoala Busturian ez ekitaldirik ez ospakizunik Atxurkuluk parte hartzen ez dauenik. Hasieran aratusteetan-eta parte hartzen hasi ginan andra talde bat baina, gitxinaka, Busturiko ekitaldi kultural guztietan laguntzen hasi ginan eta herriko jente asko be geure ingurura batu zan. Bazkideok danok gara emakumeak, baina geure inguruan herritar asko ibilten dira, baita gizonak be. Gaur egun, jubilauen alkarteagaz lankidetzan ibilten gara, umeen tanborradan be bai. Hau herri txikia danez, gauza guztietan gagoz sartuta.
Zelakoak egiten dozuez, ba?
Bueno, danetarikoak, urtarrilean hasi eta urte osoan ibilten gara. Errege Egunagaz hasten gara, Axpen hasi eta Altamiraraino joaten gara, ume guztiak eukiten doguz itxaroten eta herriko erresidentzia bietara be bisitea egiten dogu, karameluak danentzat dagoz. Santa Ageda Eguna be polita izaten da, gero aratusteak. Playbackeko aktuazino eta guzti eukiten dogu karnabaletan, Arriagara joateko moduan, elegante-elegante. Tanborrada San Kristobal egunean egiten dogu, uztailean. Jaietan kantu kantari ibilten gara, abeslari onak daukaguz eta ukeleleagaz laguntzen dogu. Artista ederrak daukaguz. Herri guztirako txokolatea egiten dogu jaietan.
Ospakizun eta jaiez aparte, ze bestelako ekintza antolatzen dozuez?
Astean egun batez batzen gara liburutegian irakurketa egiteko. Liburu bat aukeratu, irakurri eta danon artean komentetan dogu, holan euskeraz irakurteko ohitura be hartzen dogu. Astelehenetan jostungintzako tailerra egiten dogu eta horko kolaboratzailea da Isabel, 90 urte daukaz baina bera da abilena, jostuna izan zan eta. Honeek jarduerok herritar guztiei zabalik dagoz, Atxurkuluko kide izan zein ez. Ekaineko urteera kulturala, ostera, bazkideontzat baino ez da.
Gizarteko gaietan be laguntzen dozue, ezta?
Bai. Esate baterako, Korrika dagoan bakotxean kolaborau egiten dogu, aurten be lekukoa eroan dogu Busturian. Alkartasun kontuetan be laguntzen dogu, boletoak salduz edo ahal dan moduan: minbizia dala, Gambian proiektu bat bultzatzea dala… Deitzen deuskuen leku guztietara goaz gu. Lagundu behar bada, gu prest. Eta ez dogu ahaztu behar martiaren 8an kartelada egiten dogula eta, azaroaren 25aren bueltan [emakumeen kontrako indarkeriari ezetz esateko eguna], zapi moreagaz urteten dogu eta, ganera, pelikula bat ikusi eta debatea egiten dogu. Feminismoaren inguruko irakurketak be egiten doguz batzuetan.
Gauza asko dira eta Atxurkulu ez da alkarte handia. Beti beharrean ibiliko zarie…
Beharra baino, ardurea dala esango neuke. Ondo pasetan dogu hori guztia egiten, bestela ez ginateke Atxurkulun egongo, baina ardura handia da, bai. Azkenaldion igarten nabilena da sekula baino batuago gagozala alkarteko guztiok. Gure batzarrak beti dira zaratatsuak eta kanpoko baten batek pentsau leike hasarratuta gagozala, baina kontrakoa da, beti goaz batera. Konplizidadea be badago geure artean, berba askorik ez dogu behar alkar ulertzeko.
Dagoeneko 25 urte baino gehiagoko ibilbidea dauka Atxurkuluk. Zelan sortu zan alkartea?
Lagun batzuk hasi ginan batzen aratusteen bueltan, baina hasieran disfrazau eta alkarregaz afaria jan, gehiago ez genduan egiten. Ondoren, zapatu guztietan batzen hasi ginan, 1998 inguruan izango zan. Horrezaz gan, antzerkia be egiten genduan batzuok, saria be irabazi genduan Gasteizen, e! Inportantea izan zan antzerkiarena, herri guztia mobiduten zan geugaz. Gu gazteak ginan baina baegozan erreferente batzuk be, gogoan dot Lolo, bera jatorriz Gijonekoa zan eta baita Txaro be, udaleko behargina. Alkartea sortzeko proposamena egin euskuen eta, lehenengotan, gu harrituta, orduan oraindino apur bat arraroa zan emakumeek halako ekimenak martxan jartea, zorionez gizarteak aurrera egin dau horretan. 2000n sortu zan Atxurkulu Emakumeen Alkartea modu ofizialean, orain dala 26 urte.
Sarri, kanpotik ez da ikusten halako alkarte bat martxan jarteko dagoan lan guztia.
Atxurkuluk badauka arazo bat, beste asoziazino askok be badaukena: edadea, gazteek ez dabe izena emoten. Kolaborau bai, jente askok kolaboretan dau geugaz, ume, gazte zein heldu, baina ez dabe ardura handiagoak hartzeko pausua egiten. Urteak daroaguz alkartearen juntakook eta igaz ixtekotan egon ginan eta ez egoan erreleboa hartzeko inor.
Zenbat bazkide daukaz Atxurkuluk gaur egun?
Orain 32 gara, ea gazteak animetan diran. Egia da, bestetik, gu pozarren gagozala ardura honegaz, ez da karga bat guretzat, alkar babesten dogu juntakook. Badakigu ze balio daukan gure alkarteak, zenbat emoten deutsan herriari.
Zer litxake Busturia Atxurkulu ez balego?
Animazinorik ez zan egongo, bizi barik geratuko litxake herria. Aratusteetan teatro modukoa egiten dogu beti eta jente mordoa etorten da, jaietan be musikea, kantua, tanborrada eroaten doguz kalera. Umeek, gazteek eta zaharrek, danek hartzen dabe parte geugaz, baina Atxurkuluren bultzada barik, egongo ete zan halako animazinoa? Igual erratuta gagoz, baina hori da ikusten doguna.
Hortaz, animazino horri luzaroan eusteko, Busturiko emakumeak animau daitezala Atxurkulun ardurak hartzera, ezta?
Motibazinoren bat topau behar dogu gazteak gugana etorri daitezan. Idea barriak hartzeko prest gagoz, guk ulertzen dogu gaur egungo gazteek beste modu batera egiten dituela gauzak. Etorri leikezan enfoke barriak onartuko doguz ze geuri be ondo etorriko jakuz, sormena beti da inportantea. Gu motibauta gagoz eta pozarren segiduko dogu beharrean, baina erreleboa eta idea barriak be beharko doguz.





