15 urtegaz eta Gernika-Lumoko San Fidel ikastolan DBHko 3. mailan egoala, Marenek argi eukan bere etorkizuna musika zala eta bere helburua lortu dau. 2021ean “Margaritas y Lavanda” lehen diskoa kaleratu ostean, orain disko barria prestetan dabil.
Maren oso gaztetatik konturatu zan musika ez zala jolas soila, Gernika-Lumoko San Fidel ikastolan egoanean, hain zuzen be. Txikitatik hasi zan kantuak idazten, modu naturalean, hasiera batean bere egunerokoaren parte legez eta etorkizun profesionalik irudikatu barik. Denporagaz, ordea, musikak beste leku bat hartu eban bere bizitzan: komunikatzeko eta inguruan pasetan zana ulertzeko tresna bilakatu zan. Barne-behar horrek bultzatuta, hamalau urte besterik ez ebazala argitaratu eban bere lehenengo EP-a, Alguien Sin Vergüenza, eta lehenengo kontzertu akustikoak eskaintzen hasi zan.
Handik aurrera, bere proiektuak etenik bako hazkundea izan dau. Etxetik hur jotzen hasi eta estatuko areto eta jaialdi esanguratsuetara heldu ostean, Marenek Bizkaia eta Bartzelona artean finkatu eban bere bizitza; azken hiri horretan emon eutson formea bere ibilbide profesionalari. 2021ean kaleratu eban lehen disko luzea, Margaritas y Lavanda, lan intimo eta hausnartua; bertan, beldurrak, denboraren joana eta barne-kontraesanak lantzen dauzen, ironiaz eta zintzotasunez.
Ibilbide horri beste urrats batzuk gehitu jakoz, zelan halan Begixek, euskeraz sortutako EP-a, bere sustraiei egindako keinu pertsonal eta kultural moduan ulertzen dana, baita bere hurrengo lanen bilakaera iragarten daben hainbat single be. 2024an, azken urteetako lanak formea hartu dau Qué Lástima bigarren disko luzean. Lan horregaz, Marenek bere ibilbideko aro barri bati ekin deutso, helduagoa, ausartagoa eta begirada are zintzoago bategaz eraikia. Testuinguru horretan, Marenek oraintsu kaleratu dau “Zure Zain”, euskeraz sortutako kantu berezia, bere diskografian leku oso intimoa hartzen dauana. Abesti horrek memoria, absentzia eta lotura afektiboak daukaz ardatz; eta azkenaldian bere sorkuntza-prozesua norantz doan ulertzeko gako interesgarriak eskaintzen dauz. Elkarrizketan zehar, kantu horren atzean dagoen istorio pertsonala eta emozionala sakonago ezagutzeko aukera izango dogu.
Oraindino ezagutzen ez zaituenarentzat, zelan azalduko zenduke zure proiektu musikala berba gitxitan?
Nire proiektua oso modu naturalean sortu da. Txikitatik idatzi izan dodaz abestiak, eta ia konturatu barik, zerbait profesionala bihurtu zan. Nire abestiak askotariko gaiak lantzeko espazio bat dira: batzuk sakonagoak, beste batzuk arinagoak; batzutan ironiaz, beste batzutan modu zuzenago edo zorrotzagoan. Uste dot proiektua bi mundu horreen arteko orekan dagoala.
Zer artistak edo soinuk izan dau eragin handiena zugan azken urteotan?
Arctic Monkeys da nire talde gogokoena, eta beti izango da, jaja…. Azkenaldian, ordea, asko entzuten dodaz Guitarrica de la fuente, Fontaines D.C., Wolf Alice edo Zaho de Sagazan. Eta Euskal Herriko artistaiei jagokenez, Mikel Laboaren musikak izan dau eragin handiena nigan.
Zer gustetan jatzu gehiago, estudioan lan egitea ala zuzenean jotea?
Zuzenekoa, zalantza barik. Uste dot abestiek han hartzen dabela benetako indarra. Estudioan perfekzinotik hurbil egotea topetan dogu beti; zuzenekoak, barriz, espontaneotasuna dauka, eta abestiak gehiago bizitzen dira. Ganera, publikoaren erreakzinoa momentuan ikustea oso berezia da, eta horrek emoten deutso zentzua guztiari.
Areto txikietan zein jaialdi handietan jo dozu; non sentitzen dozu publikoanganako lotura handiagoa?
Oso esperientzia ezbardinak dira. Aretoetan aukera gehiago dago abestiak azaltzeko, publikoagaz lasai berba egiteko, prisarik barik, eta horrek giro berezia sortzen dau. Jaialdietan, barriz, helburua jenteak ondo pasetea da; normalean abesti indartsuagoak joten dira, eta esperientzia guztiz bestelakoa da. Bi tokietan konektau daiteke publikoagaz, baina aretoetan sentitzen dot proiektua gehiago garatu ahal dala.
Euskeraz eta gaztelaniaz argitaratu dozu musika; zer emoten deutsu hizkuntza bakotxak maila sortzailean eta emozionalean?
Hasieran euskeraz eta ingelesez idazten neban. Gaztelaniaz idaztea, niretzat, zerbait barria ikastea izan zan, ezin nebalako bardin adierazo. Hor hasi nintzen nire estilo propioa garatzen. Euskera nire ama-hizkuntza da, oso naturala egiten jat, eta oso poetikoa iruditzen jat. Hizkuntza bakotxak zerbait desbardina emoten deust, eta helburu ezberdinetarako erabilten dodaz.
Azken urtean kontzertu garrantzitsuak emon dozuz Euskal Herrian; zer esan nahi dau zuretzat etxean joteak?
Egia esateko, Euskal Herria beti izan da pendiente neukan lekua. Pena apur bat emoten eustan hamengoa izanda kanpoan aukera gehiago izateak. Orain, ordea, sentitzen dot proiektuak bere tokia aurkitu dauala hazi nazen testuinguruan, eta horrek ilusino handia emoten daust. Askotan esaten da etxean jotea dala gatxena, espektatiba handiak egoten direlako, eta nik espektatiba horreek bete eta egindako lanaz harro sentidu gura nuke.
Sare sozialetan komunidade handia daukazu; zelan bizi dozu esposizino hori eta jarraitzaileenganako harremana?
Nire jarraitzaile asko nigaz batera hazi da, adin berekoak gara, eta horrek harreman estua sortzen dau. Beti izan dot errespetuzkoa publikoa, eta hori asko baloretan dot. Ganera, entzuleekaz harreman zuzena izatea oso polita da; lehen hori ez zan posible. Babesten zaituen jendearen eritxia zuzenean jasotea oso berezia da.
Oso gazte hasi zinen; musikeagaz batera hazi zarela sentitzen dozu?
Bai, erabat. Nire hazkundea eta nire musika eskutik joan direla uste dot, eta hori abestietan be igarten da. 13 urtegaz hasi nintzen kontzertuak emoten, eta gaur egun horretatik bizi ahal izatea suberte handia begitantzen jat. Batzutan bidea luzea egin jat, oso goiz hasi nintzelako, baina bizitako gauza politengatik oso eskertuta nago. Momentu gatxak be egon dira, baina beti aurrera egin dogu.
Atzera begiratuta, zelan gogoratzen dozu hasierea, eta zer aldatu da gehien ordutik?
13 edo 14 urte neukazan, eta egia esan, ez nekian oso ondo zer egiten nebilen. Nire familian inor ez zea musikan aritzen, eta gidatzen ninduana gustetan jatana egitea zan: abestiak idaztea eta jotea. Ordutik gauza asko aldatu dira. Orain proiektua aurrera eroaten laguntzen deustan taldea daukat; lehen, barriz, ama eta biok bakarrik ginen. Inprobisazinoaren ordez, plangintza etorri da, eta proiektuak egitura dauka.
Lehen aldiz zuzenean ikusten zaituenak zer eroatea gustauko litxakizu?
Gustauko litxakit norbaitek nire kontzertu bat ikusi ostean zerbait bere egitea: identifikauta sentitzea edo pentsaraztea. Eta, batez be, ondo pasetea. Nire musikak denporan lagun egitea nahiko neuke. Musikaren edertasuna da bakotxak bere interpretazinoa egiten dauala, eta hori pasetan bada, niretzat nahikoa da.
Zelan ikusten dozu zure burua momentu honetan?
Momentu oso polita bizi dot. Azken urteak gogorrak izan dira, barrura begiratzeko eta gauza askori aurre egiteko garaia, baina orain lasaitasun handiagoa sentitzen dot. Aurten disko barria argitaratuko dot euskeraz zein gaztelaniaz, eta ilusino gehien egiten deustana zuzenean jotea da, hori dalako gehien gustetan jatana.
Zelangoa da zure egunerokoa musikaz harago?
Ez da bape lasaia, egia esan, jaja. Bartzelona eta Euskal Herriaren artean nabil eten barik, bi leku horreetan bizi eta lan egiten dodalako, eta errutina nahiko kaotikoa da. Oso gitxitan egoten naz leku berean denpora luzez. Ganera, musika barrian erabat murgilduta nago, baina irakasle ikasketak egiten nabil; beraz, gauza asko pilotzen dira aldi berean. Gustetan jat, ez dodalako aspertzeko astirik.
Zer egiten dozu aisialdian, musikatik deskonektetako?
Bidaiatzea asko gustetan jat, eta aurten aukera izan dot nahiko bidaiatzeko. Argazkiak egitea be gustoko dot, batez be analogikoak, eta bideoak be bai, oroitzapenei garrantzi handia emoten deutsiedalako. Skatean ibiltzea, kozinatzea eta zinema be asko gustetan jatez. Film mordoa ikusten dot.
Abesti barri bat argitaratu barri dozu, eta sareetan zure birramumagaz izandako alkarrizketa bategaz lotu dozu. Zelan sortu zan kanta?
Abestia amets batetik sortu zan. Bertan nire birramuma Mari agertzen zan, eta esaten eustan ez gendula berbarik egiten, etxeko egongelan egoanean ni oharkabean pasatzen nintzela. Esnatu nintzenean, ametsak barrua mobidu egin eustala konturatu nintzen. Normalean ez dot halakoetan sinisten, baina aukera neukan amets hutsa zala pentsetako edo benetan zerbait esaten eustala sinisteko. Bigarren aukera hori hautatu neban, eta hortik sortu zan abestia. Beragaz bizitako urte askogaz lotzen naben xehetasun asko dauka. 99 urtegaz hil zan, eta niretzat beti izan da eredua. Urte batzuk behar izan dodaz hari abesti bat idazteko, eta azkenean “Zure Zain” bihurtu da; oso modu polita begitantzen jat bera gogoratzeko.
Zer esango zeunskio oraindino entzun ez zaituen norbaiti?
Gatxa da hori esatea… Baina akaso nire abestiren bat entzutean norbaitek bere burua islatuta ikusi ahal dau. Danok identifiketan dogu gure zerbait besteen abestietan, eta hori nire musikeagaz pasetan bada, akaso entzuten jarraitzeko gogoa biztuko jako.





