JOSE ANTONIO GONDRA
Gernikesa txirrindulari alkarteko presidentea
Busturialdeko zaleek txirrindulari onenak bertatik bertara ikusi ahal izango ditue apirilaren 11n, Euskal Herriko Itzuliaren 5. etapa Urduñan hasi eta Gernika-Lumon amaituko da eta. Pello Bilbao gernikarrak diseinau dau 172,4 kilometroko ibilbidea eta pelotoiak eskualdeko errepideetan gora eta behera egingo dau egunaren zati handi bat: helmugarako 90 kilometroren faltan, Aretxabalgane mendatetik sartuko dira eta Errigoiti, Akorda, Nabarniz eta Zallobanteko aldatzak pasauko ditue, baita Arteaga eta Foruko sprint bereziak be. Gernikesa txirrindulari alkarteko presidente Jose Antonio Gondraren esanetan, Gernika-Lumoko etapa aukera ederra da eskualdean zaletasuna indartzeko. Klubeko harrobian hazitako Pello Bilbaorentzat etapa aproposa dala uste dau.
Zelango etapa izango da Urduñatik Gernika-Lumora bitartekoa?
Gogorra izango da, ibilbidea gora eta behera doa momentu guztietan, zati laurik ia ez dago. Azken batean, Busturialdeko inguru honetan hori da daukagun orografia. Nire ustez, Akordako igoera izango da giltzarria, errepide estua dalako eta lekua ondo hartuta heldu behar diralako txirrindulariak. Akordatik lehenengo pasetan diranek irabazteko aukera handia izango dabe. Jatsieran be adi ibili beharko dira, estua eta teknikoa da Akordatik beherako zatia.
Zelango txirrindularientzat da aproposa etapa hori?
Beharbada ez da igotzaile petoentzako etapa, mendate luze-luzerik ez dago eta. Baina erdi-igotzaile diranentzat aproposa izango da. Gureen artean, Pello Bilbaorentzat ibilbide ona da, Mikel Landarentzat be bai. Ganera, Pellok ederto ezagutzen ditu bideok eta, gernikarra izanik, jaioterrian irabazi egin nahi izango dau.
Ganera, Pello Bilbaok berak diseinau dau ibilbidea.
Egia esan, ederto jatorkon perfila preparau dau. Pello ez da mendate luze edo gogorretako txirrindularia, mendi txikiagoetan errazago ibilten da. Ganera, Gernika-Lumora aurreko taldean heldu ezkero, esprintean bizkorra da.
Mende laurdena joan da Euskal Herriko Itzuliko etapa bat Gernika-Lumon amaitu zanetik. Apirilaren 11koa egun handia izango da herriko zaleentzat?
Gernika-Lumon eta inguruetan zaletasun handia dago, halakoak jai modukoak izaten dira, jenteak kalera urtengo dau, etapaz gozauko dau.
2023ko udan Frantziako Tourra pasau zan Gernika-Lumotik. Zelan gogoratzen dozu?
Ni ez nintzan hemen egon egun haretan. Jai hartu genduan eta Pike aldatzera joan ginan [Sondika eta Bilbo artean], disfrutetako momentua izan zan. Pentsau behar dogu hamen inguruko txirrindularitzan sekula izan dogun ikuskizunik handiena izan zirala Tourreko hareek etapak. Gu, lehen, Gernikesa alkarteko kideok urtero joaten ginan Pirinioetara Tourra ikustera, Alpeetan be egonda gagoz. Batez be, Euskaltel-Euskadi taldearen sasoietan, baina gero be bai, pandemiara arte. Giroa ikaragarria zan, milaka lagun errepide baztarrean, txirrindulari guztiei animoak emoten, euskaldunei zein besteei. Euskal zaleok beti animetan doguz txirrindulari guztiak, bertoko zein kanpoko, lehenengo zein azkanengo… Urte askoko ahaleginaren ostean Tourra geurera ekarri ahal izatea gauza handia izan zan, bultzada.
Eskualdeko txirrindularitzarentzat lagungarri izan zan Tourra?
Mundu guztiak urten eban kalera Tourra ikusten, umeek eta helduek. Hamen zaletasun handia dago, ba zaletasuna areagotu eban. Bultzada handia izan zan oinarriko zein profesionaletako euskal txirrindularitzarentzat: klubentzat, zaleentzat eta kirolarientzat. Umeek eta gazteek munduko onenak ikusi ebezan euren etxe aurretik pasetan, horrek gogoa biztuten dau, ‘nik Pogacarren modukoa edo Pelloren modukoa izan gura dot’, pentsetan dabe. Ganera, mundu guztiak ikusi eban euskaldunok zelan bizi dogun txirrindularitza. Beste leku batzuetan be zale bikainak dagoz, baina hamengoen parekorik ez. Tira, ez dot esango munduko onenak garenik, ze ni Belgikan eta Herbehereetan egonda nago eta itzela da, baina hangoen pare gagoz.
Zelan dago harrobia Busturialdean?
Urte eskas batzuk euki genduzan, gazterik ez zan etorten. Inguruko taldeok txirrindulariak alkarri kentzen ibilten ginan, eta hori ez da ona. Orain dala 10-15 urte izan zan hori eta, gaur egun, barriro dago goraldi moduko bat, gazteak engantxetan hasi dira barriro. Horren atzean dago ikastetxeetan egiten dogun lana, besteak beste. Busturialdeari jagokonez, orain ia ez daukagu gazteen talderik, ze Gernikesakook orain dala urte batzuk erabagi genduan lehiaketako talderik ez eukitea, gure gazteak Busturiko klubera pasau ziran, baina hangoa be desagertzear dago. Orduan, bakotxak bere kontura topau dau lekua beste talde batzuetan: Zornotzan, Durangon eta abar.
Ez da erraza gazteak txirrindularitzara erakartea.
Aspaldi, kirol gitxi egozan aukeran: futbola, saskibaloia, txirrindularitza, atletismoa eta gitxi gehiago. Orain, danetariko jarduerak dagoz ume eta gazteentzat eta txirrindularitzak sakrifizioa eskatzen dau. Kadete edo jubenil mailako adinean dagozanek ikusten ditue lagunak parrandan eta eurak etxera joan behar dira, lasterketak daukiezalako. Orduan, askok itxi egiten dabe, konpromiso handia behar da.
Horrezaz gan, klub asko be bizirauteko larri dabiz. Ze traba topetan dozuez?
Gure kasuan, gazteen talde ugari izan genduzan eta danak kentzea erabagi genduan orain dala urte batzuk. Batez be, arrazoi bat egon zan, hau da, ez egoala erreleborik, klubaren martxan laguntzeko jente barririk ez da etorten. Lasterketetara joateko, gitxienez zuzendari bat behar dozu, gazteak hara eta hona eroango dituan baten bat be bai eta ez dago inor prest. Gernikesan gabilzanotatik inork be ez dau dirurik irabazten, afizinoagaitik gagoz hamen. Baina gero eta gitxiago gara, eta zaharragoak, betiko arpegiak gagoz aspalditik. Bestetik, krisi ekonomikoaren kontura babesleak be galdu genduzan.
Ez daukazue lehiaketako talderik. Hortaz, zer egiten dozue Gernikesan?
Orain, batez be, lasterketak antolatzen ibilten gara. Jubenilen lasterketa bat egiten dogu urtero, Mendatakoa, aurten Bizkaiko txapelketa izango da, ganera. Afizionaduetan beste hiru lasterketa atontzen doguz: Natxitukoa, San Romanekoa Muxikan eta San Bartolomeetakoa Gernikan, Errenteria auzoko jaietan. Bestetik, inguruko herrietan egiten diran beste lasterketa batzuetan laguntzaile ibilten gara, adibidez, Ereñon. Behar danean laguntzeko prest gagoz: Euskal Herriko Itzulirako jentea behar dala? Hantxe egongo gara, bideak jagoten, hesiak ipinten edo dana dalakoan. Beti gagoz txirrindularitzaren alde egiteko.
Gipuzkoan protestan ibili dira klubetako eta lasterketetako arduradunak, agintariek jarritako oztopoakaitik. Bizkaian antzekoa da egoera?
Ez, Bizkaian ez daukagu arazo hori. Gipuzkoan be, negoziazinoei esker, egin dabe akordioa. Bizkaian, normalean, herri inguruetako errepide txikietan egiten doguz lasterketak, trafiko gitxiko eremuetan. Gipuzkoan, ostera, errepide nagusiak sarriago erabilten ditue eta horrek eragin dau arazoa.
Gernikesako harrobian hazitakoa da Pello Bilbao.
Benetan pozgarria da Pello Bilbao halako maila bikaina emoten ikustea, munduko txirrindulari onenen artean dago. Bizikleta ganean persona argia da Pello, azkarra, badaki zelan kolokau, noiz erasoa jo… Umetatik halakoa izan da. Ganera, persona ona da, gure klubeko txirrindularia zanean beti egoten zan beharrerako prest eta ez eban ezelako arazorik emoten. Entrenamenduetan eta elikaduran metodo zorrotza euki dau betidanik, ikasketak eta goi mailako kirola bikain buztartzen jakin dau, eta horri guztiari esker heldu da dagoan lekura. Profesionalen pelotoian errespetua deutse eta lagun asko ditu, persona ona dalako. Eta Gernikesa alkartea ez dauka ahazteko! Beti gogoratzen da gugaz eta zeozertan lagundu ahal badeusku beti emoten dau baiezkoa, atzerriko lasterketaren batean ez badabil, behinik behin. Gernika-Lumoko beste txirrindulari klubagaz, Aixerrotapegaz, be ederto konpontzen da. Pellok ondo daki nondik datorren eta zelako lana dan klub bat aurrera eroatea.
Pello Bilbao eta halako txirrindulariak Euskal Herriko Itzulian edo Tourrean izan daitezan, oinarritik egin behar da lan.
Ez badago harrobiko lanik ezin da egon txirrindulari profesionalik, hori garbi dago. Ez bada oinarrizko kluben lana babesten, ezin da ekarri Itzulia edo Tourra. Daukagun zaletasunari eutsi behar jako oinarritik, Euskadik txirrindularitzaren puntan segidu daian eta hamendik urte batzutara barriro Tourra Gernika-Lumotik pasau daiten. Zergaitik ez? Tourreko arduradunak pozarren geratu ziran bertoko etapakaz: giro beroa, profesional guztiei emondako tratu bikaina, ibilbide erakargarria, paisaje ederrak. Eguraldiagaz suertea euki genduan, hori be esan behar da.
Euskal Txirrindularitzaren historian Gernikesa klubak izan dau zeresana.
Beharrean daroaguz 67 urte. Sei-zazpi txirrindulari Gernikesatik profesionaletara heldu dira. Orain Pello Bilbao da ezaguna, baina aurretik Rafa Mateos, Fede Etxabe, Gorka Gerrikagoitia eta beste batzuk be lan ona egindakoak dira.
Iragan distiratsua, baina etorkizuna zelakoa ikusten deutsazu Gernikesari?
Apur bat iluna. Klubean gabilzanok gero eta zaharragoak gara eta ez dau inork erreleboa hartu gura. Atzetik ez dator inor, babesle pribadu gitxi daukaguz eta erakundeen babesa be faltan sumatzen dogu. Zuzendaritzako kideon batez besteko adina 65 urteren bueltakoa izango da. Hortaz, aldaketarik ezean, momenturen batean hau amaitu egingo da. Pena litxake Gernikesa desagertzea, batez be, daukan historia galduko litxakeelako: zenbat presidente, laguntzaile… Gauza guztiek daukie hasierea eta amaierea, baina hori guztia amaitzea tristea da. Beharbada, penarik handiena izan zan gazteen taldeak kentzeko erabagia hartu behar izan genduanean.
Amaitzeko, 2025eko Euskal Herriko Itzulirako aurreikuspenik badaukazu?
Ez dot ikusten faborito garbirik. Sei-zazpi txirrindulari dagoz irabazteko aukera handiagaz, hor sartu leitekez Pello Bilbao eta Mikel Landa. Itzulia beti izaten da lasterketa edegia, pronostiko garbirik bakoa. Denporaldia hasi barria da eta oraindino ezin izan dogu ondo ikusi txirrindulari bakotxa zelako sasoian dagoan. Batzuk apirilean bete-betean dagoz eta beste batzuk, ostera, uztail aldean dagoz topera, Tourra orduantxe dalako.





