Galdera ikurrak

Lau hamarkada eta erdi luze bete dira euskara hauspotzeko lege-tresneriaren ardatz nagusia onartu zenetik. Hark ekarri beharrekoa normalizazio betetik gertukoa zen; batik bat epe luzera begira, mende erdi beranduagora esaterako. Euskararen Legea mugarri izan zen 1982an, luzaroko, ia betidaniko, ukazio, debeku eta jazarpen mota ororen ostean. Baina elebitasun ahalik eta orekatuenaren helburura hurbildu beharrean, berori gero eta urrunago dagoela ematen du orain. Beharbada ez garela inoiz horretara iritsiko, eta atzeraka ere bagoazela.

Zenbait azterketak horixe adierazten dute: hamarkada batean hizkuntzaren arnasguneak iragana izango direla, ezinean moldatzera behartzeraino. Ez dago urruti joan beharrik euskararen inguruko kezkari dagokionaren tamainaz ohartzeko. Gernika-Lumon bertan inoizko nekezen entzuten da kalean eta edozein bazterretan. Espazio publikoan atzera egite hori zeharo ari da nabarmentzen, eta belarri fina duenak edozein parketan umeen artean ere ez du sasoi batean beste adituko.

Zer esan merkataritzaz eta ostalaritzaz: sarriegi ez dago euskararen arrastorik ere, eta badira gaztelera huts-hutsean dihardutenak, bai bezeroenganako arretan, zein kartel, publizitate eta bestelako guztietan. Bitartean, Udalak lo ematen du, erabateko pasibitatean, ganorazko hizkuntza-politikari bertako komunikaziotik hasita muzin eginda, trakeskeria eguneroko ezaugarri bihurtuta.

Bidegurutzeetan, honakoa ez da bakarra. Frankismoaren amaieran, adibidez, dena zegoen egiteke, dena euskalduntzeke. Baina bazegoen halako herri-bultzada geraezin bat eta euskarak bazuen aparteko prestigioa, hiztun-komunitate horretako parte izateak ematen zuena, gizartea trinkotzearen aldekoa, nortasun bat grinatsu adieraztekoa, etorkizun partekatu bat lantzekoa.

Hori, neurri handi batean, galdua edo apaldua da gaur egun. Globalizazioaren eta horrek eragindako ajeen eraginez, akaso. Baina norbere nortasuna urardotuta, bertoko hizkuntza beharrezko beharrean ia hautazko edo apaingarri gisa baliatuta, gureak egin du. Larrialdia da hau, aktibismoaren eta herri-kontzientzia astintzearen premia eragiterainokoa. Keinuetatik askoz harago jotzea eskatzen duena. Eta hizkuntzaren batasunetik, ez jatorkeria araugabe eta banatzaileetatik. Ez jokabide zentrifugoetatik, borondaterik onenekoak izan arren.

Sarri esan izan da, eta hala da, ez dela euskararik gabeko Euskal Herririk izango. Bestelako zerbait izan liteke zera hori, baina ez nortasun beteko nazio bat. Eta berezkoa duen hizkuntzan mintzo ez den Gernika-Lumo ere udalerri desitxuratua eta arimarik gabea besterik ez litzateke, memoria bako eta izen hutsalezko eremua.

Hala, badago zer dinamizatu, zertan jardun, zeri ekin euskara berrindartzeko, plazara bete-betean behingoz eramateko, berton hizkuntza propio bat dagoela aldarrikatu eta berau bizikidetzaren erdigunean kokatzeko. Gure aurrekoei zor diegu, diktadurarik ankerrenaren pean tinko eutsi zioten aitona-amonei edo-ta sasoi latz horietan ikastolara bidali gintuzten gurasoei. Eta gure buruari zor diogu, jakina. Gure txikitasunetik, ginena eta garena izaten jarraitzeko beste biderik ez dagoelako.