Oriol Cardona, mendiko eskiko txapeldun olinpikoa. Milan-Cortina d’Ampezzo 2026ko Neguko Jokoetan urrezko eta brontzezko dominak irabazi ostean, Oriol Cardona mendi-eskiatzaileak hartu-emon estua dauka Gautegiz Arteagagaz; presinoetatik deskonektetako behar dauan bakea topau dau bertan.
Noiz eta zelan hasi zinen eskiaren munduan?
Hiru-lau urte besterik ez neukazan edurragaz lehenenego kontaktua izan nebanean, eta dana familiagaitik hasi zan. Grasoak izan ziren-eta niri zein anaiari eskia eta mendia erakutsi euskuenak. Ni Banyolesekoa naz, elur bako herri batekoa (mendia ordu t’erdi edo bi ordura daukagu), eta asteburuetan igoten ginen eski alpetarra egitera, ahal gendun guztietan.
Noiz erabaki zendun eski alpetarra itxi eta mendiko eskirako jauzia emotea?
13 urte bete arte eski alpetarrean ibili nintzen buru-belarri, monitoreakaz eta taldeagaz entrenetan. Adin horregaz, Kataluniako Teknifikazino Zentroaren bidez, mendiko eskia probetako aukerea izan neban, eta hortik aurrera gero eta gehiago gustetan hasi jatan.
Zelangoa izan da zure ibilbidea kirol honen elitera heldu arte?
Oso prozesu mailakatua izan da. Gaztetatik sartu nintzen selekzinoaren beheko kategorietan, kadete eta junior moduan. Eta 18 urtegaz serioago hartu neban eta nazinoartean lehiatzen hasi nintzen. Hortik aurrera, senior mailara pasau nintzen eta Munduko Kopan parte hartzen hasi nintzen.
Nor izan da zuretzat ezinbesteko erreferentea kirolari moduan hazi bitartean?
Nire aita, dudarik barik, berak erakutsi eustalako kirol hau eta mendirako zaletasuna. Nire anaia be bai, haren pausoak jarraituz hasi nintzelako eskiatzen. Eta maila profesionalean, elitean sartu nintzenean, Kílian Jornet zan niretzat erreferente nagusia; izan be, dana irabazten ebilen momentu hartan eta bera izan dot espilu.
Zelan antolatzen dozu gaur egun zure prestaketea eta zein da zure lan-taldea?
Hiru entrenatzailez osotutako talde bategaz egiten dot lan, eta hareek arduratzen dira denboraldia eta egunerokoa planifiketeaz. Victor López-Ros eta Andres Arroyogaz urte asko daroadaz beharrean, eta azken urteetan Kilian Jornet bera be batu da taldera; horrek sekulako “plus”a emon deusku kirolaren ezagutza mailan. Horrez gain, Dani Brotons medikuagaz be egiten dot lan, elikadura eta suplementazino arloan laguntzen deustana.
Zelangoa da zure ohiko entrenamendu egun bat?
Nire egunerokoa nahiko oinarrizkoa da: entrenamenduaren eta errekuperazinoaren arteko ziklo etenbako batera mugatzen da. Nire eguna goizean hasten da, gosaldu osteko lehenenego saioagaz; normalean eskiekin izaten da, eta bizpahiru ordu irauten dau, denporaldi-momentuaren arabera. Lehenengo bloke hori amaitu ostean, helburu nagusia ondo jatea eta atseden hartzea izaten da; horregaitik, ahalik eta goizen bazkaltzen saiatzen naz, lo apur bat egin eta indarra berreskuratu ahal izateko. Errekuperazino hori funtsezkoa da arratsaldeari aurre egiteko. Gero, barriro entrenetan dot: ordu bete gehiago eskiekin edo, bestela, gimnasioan (astean bizpahiru bider egiten dodana). Egunaren amaieran, nire errutina afaldu eta goiz oheratzea bezain sinplea da; funtsean, kirolari erabat eskainitako bizitzea da.
Zer dauka sprintak zuretzat hain berezia izateko?
Sprint-a mendiko eskian dagoen proba azkarrenetakoa da, eta niri abiadurea asko gustetan jat. Gainera, ahalegin mota hori nire ezaugarrietara ezin hobeto egokitzen da: oso laburra da, intensidade ikaragarrikoa, eta hasieratik amaierara arte dana emon behar dozu. Ez daukazu astirik nekea apurka pilatzeko; une horretan bertan ahalik eta gehien estutzea da gakoa, mugaraino. Trantsizinoak, erritmo aldaketak eta lasterketaren berezko tentsino hori be asko gustetan jataz; azken baten, gustetan jatan sufrimendu mota bat da.
Zer da erabakigarria sprint lehiaketa baten?
Faktore asko dagoz jokoan, oso kirol teknikoa da eta: igoerak ondo egin behar dira, trantsizinoetan bizkor ibili, eta jaitsieretan be segurtasuna eta kontrola izan. Gainera, materialak eta baldintzek be eragina daukie. Edozelan be, azkenean forma fisikoa izaten da erabakigarriena; hortik abiatzen da dana. Hori bai, errendimendu ona lortzeko ezinbestekoa da alderdi guztiak lerrokatuta egotea: teknika, burua eta sasoi fisikoa.
Zelan bizi izan zendun urrezko domina irabazi zendun momentu hura?
Egia esan, lasterketa osoan zehar ez neban ezertan pentsau; begiak tapauta daukazan zaldi baten moduan nindoan, inguruan neukanari kasurik egin barik, jomugan kontzentrauta. Dana dala, helmugara heldu baino momentutxu bat lehenago, atzera begiratu eta errusiarrarekiko tarte apur bat neukala ikusi neban. Momentu horretan bertan hasi nintzen garaipena dastatzen. Helmuga-marra gurutzatzean, oso zoriontsu eta beteta sentidu nintzen urte askotako entrenamenduek fruitua emon ebela ikustean.
Zer lotura daukazu Gautegiz Arteagagaz?
Bi uda pasa dodaz han. Nire bikotea, Amaia Aberasturi, bertakoa da eta egia esan oso esperientzia polita izan da. Oso leku aproposa da entrenetako zein deskonektetako, eta niretzat aldaketa garrantzitsua izan da kirol-prestakuntzari jagokonez, bai Basque Teameko instalazinoek emondako aukerengaitik, bai inguruak berak eskaintzen dauan guztiagaitik. Horri esker, bizikletan zein gimnasioan ordu asko pasau dodaz, eta, gainera, Gernikako Arrolape Mendi Klubagaz trail lasterketaren baten parte hartzeko aukerea be izan dot.
+10
Film bat
Eraztunen Jauna: Erregearen Itzulera.
Kirol-erreferente bat
Jakob Ingebrigtsen.
Eski-estazino bat
Vallter.
Abesti bat
Lonely (Akon).
Gozoa ala gazia?
Gozoa.
Deskonektetako toki bat
Itsasoa eta hondartzea daukan edozein toki.
Arerio bat
Arno Lietha.
Maniaren bat lehiatu aurretik
Bat be ez.
Janari bat
Arroza okela xehetuagaz.
Goiz jaiki ala berandu oheratu?
Berandu oheratu.





