“Kazetari batek hiru balio nagusi izan behar dauz: egia, laburtasuna eta enpatia”

Zerk bultzatu zinduan kazetaritzearen alde egitera eta zelan jakin zendun hori zala zure bokazinoa?

Kazetaritzan gehien gustetan jatana da egunero zerbait barria ikasten dozula. Badakit oso topikoa dala, baina egia da. Guk ez dogu inoiz erabat kontroletan zertaz idatziko dogun edo zertaz ibiliko garen, eguneroko aktualidadeak eroaten gaituelako.

Ofizio honek emoten dauan aberastasuna ikaragarria da: informazinoan, kulturan, jakin-minean… danean.

Gogoratzen dozu zure lehenengo testua argitaratua edo kronikea? Zelango sentsazinoa itxi eutsun esperientzia horrek?

Egia esan, ez dot oso ondo gogoratzen zeri buruz idatzi neban nire lehen artikulua, baina oso ondo gogoratzen dot
orduko sentsazinoa. Prozesua zalantzaz betea izan zan: idazten neban berba bakotxa hiru edo lau bider pentsetan
neban, edo gehiagotan. Hitz bakar baten esango neuke: konfiantza falta. Ez nintzen seguru topetan egiten neban guztiaz, mila galdera egiten neutsazan neure buruari, eta hori erabat normala da. Denporeagaz baino ez da lortzen segurtasun eta lasaitasun hori informetako orduan.

Istorioak kontetako orduan, euskeraz edo gaztelaniaz idaztea nahiago dozu? Zelan eragiten dau hizkuntzak zure estiloan?

Nire ibilbidearen hasieran euskeraz egiten neban dana, batez be prentsa idatzian. Baina irrati mundura salto
egin nebanean, hainbat arrazoigaitik, gaztelaniaz hasi behar izan neban. Egia esan, urte batzuk irrati lanean
emon ostean, gaztelaniaz be konfiantza handia hartu dot. Dena dala, nire eguneroko hizkuntza nagusia euskerea
da, baina hizkuntza bietan eroso sentitzen naz komuniketan.

Zure ustez, ze balio edo printzipio dira funtsezkoak kazetaritzan, eta zelan apliketan dozuz egunerokoan?

Kazetari batek hiru balio nagusi izan behar dauz: egia, laburtasuna eta enpatia (edo irakurlearekiko konpromisoa).
Egia, beti ahalik eta egia osoena topau behar daualako kazetariak.

Zure kasuan, eskualdean jada kazetari ezaguna zarela uste dozu? Zelan eragiten dau horrek zure lanean eta sortzen jatzuzan aukeretan?

Bai, esango neuke jende askok ezagutzen nauala eskualdean, baina ez kazetari izateagaitik bakarrik; oso pertsona aktiboa naz, herriz herri ibilten naz eta mota askotako ekitaldietan parte hartzen dot. Azken urteotan hainbeste gauza burutu ostean, jendeak aurpegia jarten deutsu, eta horrek gertutasuna sortzen dau kazetariaren eta herritarren artean.

Kirol arloan, ze une gogoratzen dozu bereziki protagonisten atzean dagoen emozinoagaitik edo istorioagaitik?

Momentu asko ditut gogoan, baina bereziena izan zan Bizkaiko pilotari handi baten agurra kontatu neban eguna.
Pilotari horrek ia dana irabazia eukan -Buruz burukoa, Lau eta Erdikoa eta Bikotekakoa-, eta agur egunean herri osoak bere maitasuna erakutsi eutson.

Afizionau izatetik kazetari izatera pasau zinenez geroztik, zelan aldatu da kirolari buruzko zure ikuspegia?
Asko aldatu da. Lehen, kirola pasinoz bizi neban, talde edo kirolari jakin batzuei lotuta. Orain, barriz, askoz ikuspegi kritiko eta analitikoagoagaz begiratzen deutsat. Kirola beste modu batean bizi dot: jokoan, istorioetan eta xehetasunetan jarten dot arreta.

Badago bereziki estali nahi dozun kirolik edo diziplinarik? Zerk erakarten zaitu harengandik?

Izugarrizko ilusinoa egingo lidake noizbait Athletic Cluben egunen bat estaltzeak, baina aukeratu behar badot, txirrindularitzea izango litzateke nire ametsa. Noizbait izan dodazan aukera gitxitan txirrindularitzea kontatzea plazer hutsa izan da. Kirol hori gure herrian eta Euskal Herri osoan oso errotuta dago, eta giro berezi-berezia dau: jendea, taldeak eta antolatzaileak oso gertukoak dira. Txikitatik Samuel Sánchez edo Igor Antón moduko txirrindularigaz hazi nintzan, Euskaltel-Euskadiren maillota jantzita, eta gustatuko litzaidake horreen ahotsen jarraipena emotea.

Teknologia eta sare sozialak kirol kazetaritzan eragin handia izaten ari dira. Zure ustez, zelan eragiten deutsee tokiko hedabideei?

Hedabide txikiek, handiek moduan, teknologia barrietara egokitu behar dabe; ez dago hor desbardintasunik. Egia da komunikabide handiek baliabide gehiago dituela, eta, beraz, bizkorrago eta zehatzago moldatzeko ardura handiagoa.
Baina tokiko hedabideek be pausuak emoten jarraitu behar dabe, eta uste dot batzuk berandu heltzen dabilzala.

Etorkizunari begira, zer lortu nahiko zeunke kirol-kazetari legez, eta ze erronka edo abentura barri probau nahiko zeunkez?

Egunerokoan bizitzen saiatzen naz, eta ez dot oso epe luzera pentsetan. Halandabe, etorkizunera begiratuta, amets bat badaukat: Frantziako Tourra kontetea bertatik bertara, zuzenean.

LABURRAK

Urdaibaiko txoko bat:
Bizkaigane

Idazle bat:
Gabriel Aresti

Kazetari bat
Miguel Quintana

Hondartza ala mendia?
Hondartza

Liburu bat:
Nahiz eta pertsona modura ez gustau, Simeoneren Creer.

Film bat:
MasPalomas

Sentimentu bat:
Zuzeneko baten aurreko urduritasuna

Injustizia bat:
Genozidioa

Maitasun keinu bat:
Pertsona berezi horri gol baten ostean emondako besarkada

Kirol bat:
Zesta-punta