Sarraskia, lehen Gernikan orain Gazan

Gernikako bonbardaketaren basakeriatik Gazako sarraskira amesgaiztoko bidai zuzena egin dugu. Gernikako txikizioaren ondorio latzen sentiberak izan garenok, Gazakoa jasanezina sentitu dugu. Egunak izan dira non errealitate hori gordinegia egiten zitzaidan, eta egunekoak nekez aurrera eraman ahal izan ditut.

Hamas erakunde armatuak kontraerasora jo zuen 2023ko urriaren 7an. Ekintza armatu horren ondorioz, 1.400 heriotza eragin eta 251 israeldar atxilo eraman zituzten, zibil zein militarrak, 50 inguru bi urtez gatibu izan direnak. Horiek guztiak bizitza birrinduak dira, tragediak alegia.

Ondoren, jakina, Israelgo estatuaren erantzun bortitza etorri zen. Izan ere, 1948tik bultzatzen ari da inposizio militar sistematikoa palestinarren aurka, Gazan zein Zisjordanian; besteak beste, okupazio militarizatu ilegala, palestinarrak masiboki bere herrietatik egoiztea (Nakba gogoan), Intifadan gaztetxo palestinarren besoak harriekin apurtzea, edota kolono israeldarren etengabeko Zisjordaniaren okupazioa, ahaztu gabe –ene bada– milaka preso/bahitu palestinar eta tortura sistematikoa Israelgo kartzeletan.

Idazten dudan egunean, palestinarren artean 67.000 gora hildako zenbatu dira, horietatik 20.000 umeak. Gainera, kontaezinak dira –14.000 inguru estimatu dira– etxe bonbardatu txikituen hondakinen artean desagertuak, horiek ere eraildako biktimak, zibilak gehienak. 170.000 zauritu dituzte tiroketa eta bonbardaketa masiboetan, eta ondorioz oso egoera larrian dira palestinar askotxo, mutilazioak barne; ume umezurtzak ere hor dira, noraezean. Basakeria planifikatu honetan, 2.000.000 herritar psikologikoki heriotzara eramanak izan dira, traumatizatuta eta sutondoa ostuta, Gazako kartzela erraldoian behin eta berriro bortxaz eta heriotza-mehatxupe errealean lekuz aldatuak izan direnak; milaka etxebizitza misilek jota txikitu dituzte, eta gainera babes kanpamenduak bonbardatuak izan dira; ura, erregaiak eta elektrizitatea moztuta izan dute, erabat; baita elikadura eta botika hornidura ere. Ondorioz, palestinarrak goseak jota hil dira. Adi, eszena anker eta apokaliptiko hau 2025. urtean izan da.

Hitz batez, sarraskia. Hortik aurrera nork jarri dezala nahi duen kalifikatibo beldurgarria, etika eta moralaren muga aspaldi gainditu zuena. Gizatasuna erabat galdu da bidean, eta palestinarrak animalia irrazionalak izango bailiran jazarri eta armaz erasotu dira. Eta herrialde ekonomikoki gorenek beste aldera begiratu dute, sarraski hau gauzatzeko Israel armaz lagundu edo bere “defentsarako eskubidea” legitimotzat hartu ez dutenen kasuan.

Sarraski gorria bizi izan dute palestinarrek, eta munduak nolabait irudikatu ahal izan du, Israelgo gerra propaganda artean. Edo tarteka zuzenean ikusi, entzun eta sentitu ahal izan dugu gertatzen ari zena, 195 kazetari erail baititu Israelgo ejerzituak Gazan azken bi urte hauetan; horietako asko modu selektiboan, etxea misilaz jo baitu familia bertan zegoela. Lekukoak soberan zeuden, eta daude. Horregatik exekutatu eta gauzatu da kazetaritzaren desagertzea, berriz ere, Israelgo gobernuaren inpunitate osoan. Isiltasun agertoki horretan burutu da Global Sumud Flotilla ontzidiaren ibilaldiaren etena eta eskifaiaren bahiketa. Boluntario atxilotuak eta bertan zihoazen kazetariak basamortuko kartzela israeldarrera eraman dituzte. Garai ilunen aurrerapena, komunikazioaren gailur teknologikoan.

Israelgo herritarrei dagokienez, banakako hildakoak eragin dituzten atentatuak munduan zehar, misilen jaurtitzea eta dronen leherketak ere jasan behar izan dituzte bere lurralde eta hirietan bi urtez. Hartara, amorrua, beldurra eta heriotza.

Gaza etsita dago, baina Palestinak eta palestinarrek aurrera egingo dute. Horrela daramate mendeetan bere etxea eraikitzen poliki, eta behin eta berriro berreraikitzen, munduko inperio desberdinen eta interes boteretsuen zurrunbilo bortitzean. Dena den, urak nahasita badatoz ere, gero eta Legebiltzar gehiago dira Palestinako estatua aldarrikatzen dutenak.

Gabriek Arestik idatzi zuen “Nire aitaren etxea”, eta amarena, noski.

“Harmak kenduko dizkidate, eta eskuarekin defendituko dut nire aitaren etxea; eskuak ebakiko dizkidate, eta besoarekin defendituko dut nire aitaren etxea; besorik gabe, sorbaldik gabe, bularrik gabe utziko naute, eta arimarekin defendituko dut nire aitaren etxea. Ni hilen naiz, nire arima galduko da, nire askazia galduko da, baina nire aitaren etxeak iraunen du zutik.”

Gizatasun eza, basakeria ankerra izan da begien bistan izan duguna azken bi urteetan, hala ere aspalditik datorrena, mendeetan zehar. NBE Nazio Batuen Erakundeak bi estatuen soluzioa onetsi eta ezarri zuen 1947. urtean, palestinarren eta herrialde arabiarraren adostasunik gabe. Israeldarrentzat lurralde azalera zabalena eta eremu konektatua egokitu zuen, lurralde-batasuna; palestinarrei, ostera, azalera txikiagoa (israeldarrek okupatzen eta kolonizatzen jarraitu dutena) zein bi lurraldeetan zatikatuta geratzen zen herrialdea, hau da, Zisjordania eta Gaza bananduak, praktikan bakartuak.

Israelgo herriak nahiz Palestinako herriak bakea behar dute, orain. Azken bi urteetan krudelkeria eta sufrikarioa azken muturrera eraman da. Istorioa desberdina dator oraingoan. David Goliaten aurka, baina alderantziz, orain David palestinarren artean baitago. Ea soluzio bidea orekatzen den. Biziak egin dezala bere bidea, zinez, bakea lagun.