Sukarri Elkarteak ikerketa sakona argitaratu dau Gerra Zibilean eta osteko diktaduran atxilotuak, espetxeratuak eta errepresaliatuak izan ziran herriko emakumeen bizipenak berreskuratzeko.
Isiltasunagaz eta ahanzturagaz amaitzeko urrats sendoa emon dau Sukarrietako komunitateak. 2024ko martxoan sortutako Sukarri Elkarteak proiektu historiko eta sozial bat burutu dau, erregimen frankistaren mende sufritu eben Busturialdeko hamaika emakumeren duintasuna eta oroimena jasotzeko.
Artxibo militar, eklesiastiko zein historikoetan sakondu ostean eta senideen ahozko testigantzak grabatu eta babestu ondoren, elkarteak Liburuxka argigarria kaleratu dau, Bizkaiko Foru Aldundiaren zein Sukarrietako Udalaren laguntzagaz.
Atxiloketak, gosea eta Saturrarango zein Zornotzako kartzelak
Ikerketak erakusten dauenez, frankismoaren errepresioa bereziki krudela izan zan emakumeen aurka. EAJ, Emakume Abertzale Batza edo errepublikagaz lotura izateagatik —edo, besterik gabe, senide izateagatik—, salaketa anonimoen bidez atxilotu ebezan asko.
Bizi-baldintza beldurgarriei egin behar izan zioten aurre Larrinaga, Orue Txalet, Saturraran zein Zornotzako espetxeetan: gosea, pilaketak, gaixotasunak (tifusa adibidez) eta euren seme-alaben lapurreta edo galera jasan ebezan.
Omenaldi hau jaso daben hamaika emakume heroikoak honako hauek dira:
-
Juana Algorta Olaeta (“Juanita Bermio”): Tabernaria, 8 urteko kartzela-zigorra ezarri eutsien.
-
Celia eta Susana Arrasate Abendaño: EAJ eta Emakume Batzako kideak, 12 urteko espetxealdira zigortuak.
-
Salvadora Arrasate Zarrabeitia: Dorretxe baserriko nekazaria, Larrinagan atxilotua eta azkenean absolbitua.
-
Nikole Atxikallende Iturri: Abiña baserrikoa, 64 urterekin atxilotua eta tifusak jota irten zena kartzelatik.
-
Elena Bajineta Portuondo: 68 urterekin espetxeratua milizianoentzat arropa egiteagatik.
-
Madalen Tribisarrospe Asteinza: Emakume Batzako presidentea, 3 hilabeteko semeagaz kartzelaratua.
-
Abelina eta Maria Portugalete Zarandona: Iparraldera erbesteratuak; Maria Chalet Oruen egon zan preso.
-
Jesusa eta Carlota Urrutxua Urizar: Axpeko Palas tabernako jabeak, heriotza-zigorra ezarri eutsien hasieran eta gero komutatua izan zena.
Sukarri Elkarteak azpimarratu dauenez, ikerketak zabalik jarraitzen dau datu gehiago biltzeko asmoz, “emakumeen esperientziak isilpean bilduta gera ez daitezen”.



