Aste Santua bertan daukagu, zer iritzi daukazu turismoari buruz?

Naroa Martinez

Egia esan ez dakit oso ondo hamendik turismoan kontue zelan doien Aste Santuen beti joaten nazelako kanpora gurasuegaz…. emoten dau ihes egiten dotela. Baina lagunek kontetan dostienagatik, askoz jende geixau datorrela kanpotik igertzen da. Ez dauket iritzirik bez honen gainien beste pertsona batzuentzako ni turista nazelako be.

Garoa Basterretxea

Turismoa beti izan da nabarmena eta gaur egun bai ikusten da gero eta jente gehiago data honetan. Ez nago turismoaren aurka, gu bebai gara turistak kanpora irteten garenien, eta gero eta gehiago egiten dogun zeozer da. Baina bai uste dot neurriz ein behar direla gauzak, eta Guggenheim proiektuaren aurkako mobilizazioak eredu izan dire erakusteko muga horiek jartzeko prest gauzela.

Flavia Solaguren

Azken urteetan turista kopuruak nabarmen gora egin dau eta Aste Santuen ere egunero ikusten dira turistak gure kaleetan zehar. Turismo ereduari dagokionez, eguna berton igarotzen dabe baina ez dakit herriari ekarpen ekonomikorik egiten dotsien. Aldiz, herritarrok turisten gorakadaren ondorioz, ondorio ekonomikoak pairatzen doguz (aisialdia, etxebizitzaren garestitzea...).

Xabier Arregi

Bueno, turistak hamendik ikustie gauza normala da. Ni Elantxoben bizi naz, leku ederra dana, eta logikue da Aste Santuen jendea hona etorri gure izetie ingurue ezagutzera. Ez neban esango masifikaziño handia dagoenik, baina bai gogoratzen dot COVID garaia desberdina izan zala, jendeak ezin zauelako urrutira bidaiatu eta beraz ohikue baino jende gehiau zauelako.

David Pindado

Gernikako urdaitegi batean egiten dot lan, eta mostradoretik ikusten dodanagatik, atzerritik txangoan etorten diren talde askok herritik buelta bat emoten dabe, baina normalien ez die dendetara sartzen. Aldiz, Estatuko beste leku batzuetatik etorten direnek bai erakusten dabe interes handiagoa tokiko produktuekiko. Beraz, niretzako turismue zentzu horretan ezta arazo bat, ze zenbat eta jende gehiago bertako produktue erosi, gero eta etekin gehiau merkatarientzat.

Amaia Bilbao

Bidaiatzea garrantzitsua da eta danori gustatzen jaku, baina turista arduratsuak izaten saiatu behar garela uste dot, tokiko herriak eta bertako bizimodua errespetatuz; bai gu, bai hona datozenak. Azkenean, egia da turismoa iturri ekonomiko garrantzitsua dala negozio askorentzat, baina horregaz batera bidaiatzeko modu arduratsua sustatzea eta neurriak hartzea be beharrezkoa dala uste dot.