“Guernica” koadroari buruzko polemika dala eta Gernikara ekarri beharko leukiela uste dozu?

Leire Irazabal

Nire ustez, 'Guernica' koadroa Gernika-Lumora ekartea ideia bikaina litxake. Azken finean, bonbardaketa berton pasau zan eta, Picassok Durango edo beste toki batzuk aukeratu ahal izan zituan arren, herri hau hautatu eban margolana eiteko. Koadroak berak herriaren izena daukanez, herria bera dala uste dot artelana egoteko dala lekurik onena.

Usua Aldekoa

Niretzako gauza logikoa izango litxake koadroa hemen egotea. Azken batean, hemen pasau zan dana, desgrazia hori, eta beraz, berton egon behar leuke, ez Madrilen. Horrek ez dauko ezelango zentzurik.

Victor Aranburu

Bai, hori koadroa Gernikan egon beharko litxake. Gernika errepresentetan dau-eta. Herri honen gerra garaian, 1937an, sufridu ebana irudikatzen dau; Picassok herriko tragedia horregatik margoztu eban eta, ondorioz, berton egon behar da koadroa.

Julen Gorostiaga

Nik uste dot sasoia dala koadroa etxera bueltetako. 90 urte pasau dira eta, nahiz eta Madrilen ondo egon, margolan hau Gernikako herriarentzako eta haren oroimenerako egin zan. Koadroa hemen egoteak esanahi bereziagoa emongo leuskio Picassoren lanari.

Maria Azpitarte

Guztiz ados nago koadroa hona ekarteagaz. 'Guernica' gure nortasunaren parte da, gure herriaren memoria bizirik mantentzeko modu bat. Bonbardaketa hemen izan zan, eta herriak koadroa bere jatorrian ikusteko eskubide osoa daukala uste dot.

Maialen Idiri

Niri gustauko litxakit “Guernica” koadroa herrira ekartea; azken finean gure herriaren historia da eta gernikar askok hori bizi ez izen arren txiki-txikitatik argi azaldu deuskuen gertakari bat izen dalako.

Madrilen egoteak egia da han ikusgarritasun handiagoa emoten deutsala eta jente gehiagongana heltzen dala; baina herrian bertan euki ezkero, sakontasun eta zentzu gehiago daukala uste dot, eta herrianganako eta herritarrenganako errespetu gehiago be bai. Gainera, modu horretara, ikustera datorren jenteak ez leuke kuadroa bakarrik ikusiko, eta Gernika-Lumo testuinguru osoagaz ikusi eta ezagutu ahalko leukie.