Hondartzetako sasoian bete-betian egonik, zelan ikusten dozu aparkalekuen egoera?

Txato Etxaniz

Nik uste dot Laga eta Laidako aparkaleku-arazoak ez dekola konponbiderik; tokian bertan behintzat. Azken baten, Biosferaren Erreserba baten barruan gauzenez, ingurunea erabat babestuta dau eta, fisikoki, ez dau aparkaleku gehiago egiteko inolako lautada edo espaziorik. Horregaitik, nire ustez, irtenbiderik egokiena kotxeak kostaldetik ateratea litzateke.

Amaia Gabantxo

Nik uste dot konponbidea garraio publikoa indartzea eta hobeto antolatzea dala. Adibidez, ahalko zan kanpoaldean aparkaleku bat eraiki kotxeak han uzteko, eta handik hondartzetara doazen autobusak jarri. Era berean, jendea kontzientziatu beharko genuke kotxeak hain hutsik ez eroateko; izan be, zenbat eta pertsona gehiago sartu kotxe berean, orduan eta kotxe gehiagok aparkatu ahal izango dabe.

Mikel Arco

Laga edo Laidara goazenok badakigu aparkatzeko arazoa itzela izaten jarraitzen dauela gaur egun. Hala ere, irtenbidea ezin leike aparkaleku berriak eraikitzea izen, bertan obrak hasteak ingurunea erabat hondatuko baileuke. Horregaitik, txikizio hori ein beharrean, jendea garraio publikoa erabiltzeko kontzientziatu behar dogula uste dot. Horretarako, ziurrenik erakundeek eskualdeko herrietatik lanzadera gehiago jarri beharko lituzkete.

Garazi Aizpurua

Niri Lagara jutie gustetan jate, eta ez neban esango aparkalekuen kontua hainbesterako danik. Arazo bat bada, bai, baina ohituta gauz jada. Danok dakigu lekua topau gura bada goizean goiz joan behar dala; eta bestela, betiko lez, urrunago, gorago, aparkatu eta handik oinez hondartzara joateko aukera dauela. Halanda be, hau konpontzeko niri bururatzen jatena aplikazino bat sortzea da, momentuan bertan aparkalekuen egoera zein dan erakutsiko dauena.

Vicente del Palacio

Leku gehiago egitea ezinezkoa bada eta gero eta kotxe gehiago badagoz, benetako irtenbide bakarra kotxea etxean ixtea da. Baina jendeak hori egin daian, benetako garraio publiko bat behar da; hau da, tren eta autobus sare eraginkor bat, etengabe martxan egongo dana. Azken baten, autobusa bete eta hurrengoa hartzeko ordu erdiz zain egon behar bada, jendeak kotxea hartzen jarraituko dau.

Naroa Galvan

Bermeoko hondartzak txikiak die eta ez dau autoagaz zuzenean sartzeko aukerarik; inguruetan aparkatu behar da. Ildo horretan, nire ustez ez lirateke dagoeneko dauzen baino aparkaleku gehiago ein beharko. Herrikoak izanda, oinez mugi gaitezkeela uste dot, eta aparkaleku horiek autoa benetan behar dabenentzako itzi.