Zergatik Gaztetxea Gernika-Lumon?

DANEL UNAMUNO

Gaztetxeak garapen kulturalerako tresna garrantzitsuak izan dira Euskal Herri osoan zehar, eta gure herrian be halan izaten saiatu gara. Musikari askoren proiektuak gaztetxeei esker loratu ahal izan dira, entsaiatzeko espazioak lagaz, lehenengo kontzertuak bertan eskainiz… Horrezaz gan, tailer, irakurketa talde, bertso saio eta abarren bidez herriari kultura eskuragarriago egitea lortu dogu.

MAITE GRANDE

Niretzat gaztetxea da sistema kapitalistaren barruan gazteok gure kabuz antolatu eta errealidadea eraldatzeko tresna. Espazio seguru bat, harreman barriak egin eta hausnarketa politikoa landu eta formetako. Gaur egungo testuinguru honetan, faxismoaren gorakada eta antolakuntza kolektiboaren ahulezian, garrantzitsua da gazteon ahotsak entzutea eta aldi berean gure kabuz pentsetako tresnak izatea: asanbladak, eztabaidak eta ekintzak. Antolatzeko eta burrukatzeko espazio seguru baten alde egiten daualako. Konfiantzazko gune bat dalako.

ANITZ ARRONATEGI

Gaztetxea gazteok politizetako espazioa da. Bizi garen testuinguru honetan, ideia erreakzionarioak, matxista, faxista eta abarrak handitzen eta normalizetan dagozen honetan, gaztetxea ideia horreetatik salbu dagoen espazioa da. Beste mundu baterantz pausuak emoteko tresna.

JANIRE ARRIZABALAGA

Gaztetxea da inponidu nahi deuskuen herri eredu postalarekiko erresistentzia ordezten dauan espazioa. Udalak turismora begirako herri estetiko bat nahi dau, gazte estatiko eta apolitikoakaz; gaztetxeak herri bizi bat bultzatzen dau, politizaua eta aldarrikatzailea. Hori da gatazka honen guztiaren atzean dagoen talka.

MARTZELO VAZQUEZ

Gaztetxea herritarren artean harremanak sortzeko, beharrezkoa dan eztabaida politikoa emoteko eta gazteen proiektu barriak biztuteko ezinbesteko espazioa da. Gazteen behar izanei aurre egiten deutson espazioa da; kontzertuak, kirolak, ikasgelak, tailerrak, hitzaldiak, bazkariak… eskeintzen dituena. Proiektu honek urtenbide bat emoten deusku gazte belaunaldi barriari, sistema eta instituzino kapitalisten eskuetatik kanpo. Orain nire galdera da: zer da herri bat Gaztetxerik barik?

UXUE ARRUTI

Gaztetxe bat formakuntzarako espazioa be bada. Mundu mailan koiunturan dagozen auzien inguruan informetako, hausnartzeko eta norbere pentsaera kritikoa garatzeko. Gazteoi eragiten deuskuen problematiken inguruko mintegiak antolatzeko edota aisialdirako tailer edo ekintza ezbardinak gauzatzeko tokia be bada.