1901ean sortu eben San Fidel ikastetxea, beraz, aurten 125 urte beteko ditu. Luzaroan monja karmeldarrek gidatutako zentroa izan zan, 1985etik ikastola izendapena dauka eta gaur egun Eleizbarrutiko Ikastetxeak sareko kide da. Urko Duarte da San Fideleko zuzendaria eta, kontau dauanez, ikastola beti egon da Gernika-Lumo eta inguruko eskualdearen zerbitzura, zutabe sendoetan oinarrituta: ikasle bakotxari arreta personalizaua, giza baloreen transmisinoa eta euskeraren aldeko lana.
Aurten 125 urte beteko ditu San Fidel Ikastolak, benetan zifra aitagarria. Zelan zabize urteurrena ospatzen?
Urte berezia da guretzat eta ospatu beharrekoa da. Urteurrena irailean izango da, baina erabagi dogu Aste Santuaren bueltan egitea ekitaldi gehienak. Lehenengo, zazpi kilometroko mendi martxa bat egin genduan ikastolako familia guztientzat. Bestetik, Bizkaiko Batzar Nagusiei eskatu geuntsen Gernikako Arbolaren kimu bat gure ikastetxean landatzeko. Ekitaldia egin genduan landaketarako, horrek protokoloa daukalako, Batzar Nagusietako presidentea be etorri zan. San Fidelek Gernika-Lumon zuztarrak ondo errotuta daukazala adierazo gura dogu eta, urte asko barru, gu ez gara egongo baina espero dogu ikastola eta arbola hor egotea. Urteurrena Korrikagaz be lotu dogu, Korrika Txikia amaitu zanean Pasealekuan jarri genduan gure ikasle izandako Xaibor, tailerrak be atondu genduzan eta herriko ikastetxe guztietako neska-mutilak konbidau genduzan gure jaian parte hartzera. Geure ikasleentzako beste jai bat be egin genduan Aste Santutik bueltan eta, zelan ez, ikasle ohien bazkaria be bai, trikipoteo eta guzti.
Ze mezu zabaldu dozue urteurrenagaz lotuta?
Hasteko, poztu egiten garela 125 urte bete doguzalako Gernika-Lumoko hezkuntza komunidadean laguntzen. XX. mendearen hasieran San Fidelek izan eban egiteko garrantzitsua be nabarmendu gura dogu, ze gaur egun gauzak asko aldatu dira baina sasoi haretan neskek ez euken ikasketa formala jasoteko modurik herrian, mutilentzako ikastetxea baino ez egoan eta San Fidelek hutsune hori bete eban. 125 urte daroaguz gernikarrei eta ingurukoei laguntzen gura daben lekuraino heldu daitezan.
Zelan sortu zan San Fidel 1901ean?
Hau dana Urduñako monja bategaz hasi zan, Teófila de Agirre y Olaeta. Lursail bat eukan Gernika-Lumon eta hemengo monja karmeldar batzuei dohaintzan emon eutsen, eskola bat sortzeko. Teófilaren idea zan emakumeentzako ikastetxea izatea, doan. Mutilak be onartzen ebezen baina, kasu horretan, ordainduta. Ikastetxeari izena amaren omenez jartea pentsau eban Teófilak eta haren ama Fidela de Olaeta y Salazar zanez, ba hortik dator San Fidel. Izan be, Teófilak amagandik jaso eban lursaila.
Ikastetxeak hasieratik egin eban lekua Gernika-Lumon, ezta?
Urte gitxian ikasle asko etorri ziran, lursailean etxetxu bat egoan baina bete egin zan. Leku faltagatik arduratuta, karmeldarrak Udalagaz berbetan hasi ziran eta lortu eben Gernikako lurjabe handia zan Ramón de Goia y Basterretxeak gaur egungo lurrak emotea. 1907an zabaldu zan gaur danok ezagutzen dogun San Fidelen eraikin historikoa. Herri inguruan baserri asko egozan orduan, eta San Fidelek lagundu eutsen hangoei irakurten, idazten eta kontuak egiten ikasten.
Pasarte latzak be bizi izan ditu San Fidelek: Gerra, diktadurak…
Bai, 1936ko Gerran ospitale bihurtu eben. 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketan jentez bete-bete egin zan gure eraikina, babesleku moduan ikusi ebelako askok. Hainbat hildako eta zauritu egon ziran hemen. Gerra amaitu eta gero, barriro bihurtu zan ikastetxe eta aurrera egin eban, sasoian sasoiko hezkuntza beharrei erantzuten.
Diktadura betean, aldaketa sakonak egon ziran Gernika-Lumoko hezkuntzan eta euskal giroan.
1960an azaleratu zan euskeraren aldeko ardura, guraso batzuk batzen hasi zirenean, gerora Seber Altube ikastola izango zanaren inguruan. Baina talde horretako batzuek erlijinoagaz sensibilidade handiagoa euken eta, Seber Altuberen bidea alboratuta, Gernikako Ikastola sortu eben euren kontura. Hori inportantea da gure historian, 1980an bat egin ebelako Gernikako Ikastolak eta San Fidelek. Urte batzuez bakotxak bere proiektuari eutsi eutsan eta 1985ean erabateko batasuna etorri zan. Holan, gure izena aldatu eta San Fidel Ikastola gara orain.
Monja karmeldarrek noiz itxi eutsen San Fidel gidatzeari?
Ikastola bihurtu eta gero be, betiko lez segidu eben monjek, baina momentu batean ikusi eben ezin eutsela ardura horri eutsi, karmeldarren komunidadekoak gero eta zaharragoak ziralako eta erreleborik ez zalako etorten. Alternatiba bat baino gehiago agertu ziran eta, azkenean, Bilboko Eleizbarrutiak erosi eban ikastola, Eleizbarrutiko Ikastolak izeneko sarean sartzeko. Beste nobedade bat 2018an etorri zan, Batxilergoa jarri gendualako. Ordura arte, 0-16 urteko zentroa zan eta, gaur egun, 0-18 tartea hartzen dogu.
Ze leku dauka San Fidelek Eleizbarrutiko Ikastetxeak sarean?
Eleizbarrutiko Ikastetxeetako ezaugarri bat da zentro guztiek autonomia zabala daukiela. Ni, zuzendaria nazenez, hilero batzen naz sareko beste ikastetxeetako zuzendariakaz, baina ganerakoan askatasuna dogu geure programa guztia sortzeko. Sarean danetariko zentroak gagoz, ez da bardin Bilboko ikastetxe bat, edo Otxarkoagako Lanbide Heziketa, Bermeoko Sagrado Corazón, Markinako Arrantza Eskola edo geu. Orduan, bakotxak bere eremuari egokitutako programa dauka eta Eleizbarrutiak zentro bakotxaren identidadea errespetetan dau.
1980ko hamarkadara arte ez eban San Fidelek ikastola izendapena hartu, baina lehenagotik dator lotura euskeragaz, ezta?
Denporak asko aldatu dira baina nik uste dot beti euki dauala euskeraren aldeko jarrera, ze hemengo karmeldarrek beti euki dabe euskera eta euskal kultura babesteko jokera. Eskolak erderaz ziran hasieran, baina giro euskalduna egoan. Gero, Francoren diktadurak be ez ebazan gauzak erraztu. Ikastola izan aurretik be, euskera izan da San Fidelen ardatzetako bat. 1960 edo 70eko hamarkadan, giroak hobera egin ebanean, euskerazko klaseak hasi ziran. Monja karmeldar hareen euskal sentimendua jaso dogu gaur egungook, euskera eta euskal kultura jagotea da gure ardura eta hori ikasle guztiei transmitidutea.
Euskeraz gan, ze beste ezaugarri dira ezinbestekoak San Fidelen nortasunean?
Giza baloreak dira gure oinarria, batez be kristautasunetik hartutako giza baloreak transmitiduten doguz. Kristauak diran familiak daukaguz eta ez diranak be bai, uste dot danak dagozala pozik lantzen doguzan baloreakaz. Beste alde batetik, gure lan egiteko moduan, ikaslea da gure ardatza, ikasleen beharretan enfoketan gara, ahalik eta modu personalizauenean. Gure hezkuntza proiektua ipuin bihurtu dogu eta San Fidelen ikurrean haretxaren hostoa dagoanez, ba ipuinean haretxa da protagonista: familiek ezkur txikitxu bat ekarten deuskue, guk Haur Hezkuntzan ezkurtxu hori landatzen dogu, Lehen Hezkuntzan ureztatu egiten dogu, lehenengo kimuak urteteko. DBHn indartu egiten da arbola barria eta, azkenik, Batxilergoan, haretx sendo bihurtzen da, adar eta hostoakaz. Ipuin horretan laburbiltzen da gure proiektua, hau da, ikasle bakotxa jagotea eta behar dauena emotea.
Familien parte hartzea zelan lantzen dozue?
Komunikazinoa inportantea da, ikastolaren eta familien artean konfiantzazko hartu-emona egotea. Ume txikienakaz Baby Control izeneko egitasmoa landu dogu. Horri esker, egunero dakigu ume bakotxak zelan egin dauen lo, egun sensiblea daukan eta halakoak eta guk, geure aldetik be, Ikastolan umea zelan egon dan esaten deutsegu senideei. Zenbat eta nagusiago, beste egitasmo batzuk izaten doguz, esate baterako, behar emozionalak identifiketako.
Hezkuntza alorrean erronka barriak agertu dira azkenaldion, esate baterako, gazteek pantailak larregi erabilten dabezala. Zelan egokitu zarie?
Familietan ardurea dago, batez be adimen artifizialagaz eta digitalizazinoagaz, baina geure artean dagozan gauzak dira, gustau ala ez gustau. Guk San Fidelen egiten doguna da arduraz digitalizau. Laugarren mailatik aurrera iPada erabilten dogu eta gitxi-gitxika goaz digitalizazinoa sartzen, liburuak guztiz kendu barik. Nik arazo handi bat ikusten dot: sare sozialak. Ikasleek zabaltzen dabe mobilean Instagram, Whatsapp eta TikTok eta askotan euren arteko komunikazinoa horren bitartez da, mendekotasuna sortzen da. Familiek eurek be gero eta gitxiago egiten dabe berba umeakaz, hori Lehen Hezkuntzan igarten gabilzan jokera da, eta ahoz komuniketako gaitasunean eragina dauka. Ikastolan telefono mobilak debekatuta dagoz, ezin dira ekarri kasu bereziren bat ez bada. Batxilergokoek bai, mobila ekarri leikie, baina takillan gorde behar dabe klasean dagozan bitartean.
Zenbat ikasle eta irakasle dagoz gaur egun San Fidel Ikastolan? Eta zelako instalazinoak daukazuez?
Gitxi gora-behera 810 ikasle daukaguz eta irakasleak 70 gara. Gaur egun, eraikin zaharrean Batxilergoko ikasgelak eta irakasleen bulegoak dagoz. Sukaldea be eraikin horren azpian dago, ze gure jantokiko jatekoa berton egindakoa da. Bestetik, eraikin berdea dago, 1960 inguruan egindakoa, Lehen eta Bigarren Hezkuntzarako. Atzeko eraikina 0-6 urteko umeentzat da. Horrezaz gan, patioa eta estalitako kiroldegia daukaguz.
Zelan ikusten dozu San Fidel Ikastolaren geroa?
Badakigu jaiotza gero eta gitxiago dagozala eta ikastetxe guztientzako zailtasuna da hori. Edozelan be, San Fidelen proiektu potentea daukagula uste dot, sinisten dogu egiten dogun lanean, Gernika-Lumora eta inguruko herrietara begirako proiektu bat da gurea. Esan dodanez, ume bakotxari behar dauena emotea da gure helburua, modu personalizau batean. Horri eutsi ezkero, San Fidel Ikastolak luzaroan segiduko dau aurrera egiten, etorkizun polita ikusten deutsat.





