“Inbertsino emankor eta soziala gara”

Gernika-Lumoko Txaporta industrialdera hurbiltzen garen bakoitzean, makinen hondoko zarata entzuten dogu. Baina Lantegi Batuak zentrora sartu orduko, konturatzen zara bertan topatuko dozun indarrik handiena ez dela industriala, gizatiarra baizik. Erreferente den ekonomia sozialeko espazio honek berrikuntza integral sakona jasan dau orain dela gitxi, 2,2 milioi euroko inbertsioa eginez. 

Hala ere, Igor Ibarguengoitia planta-arduradunak argi dauka: balio nagusiena goizero bertara ilusioz heltzen diren 147 pertsonen bizitzak dira.

Igor, Gernikako Txaportako zentroak 2,2 milioi euroko erreforma integrala jaso dau orain dela gitxi. Gure herrian eta eskualdean hain garrantzitsua dan gune honetatik, zeintzuk izan dira lan nagusiak eta zelan hobetu dabe langileen eguneroko bizitza?

Inbertsino handia izan da, bai. Sistema termikoak guztiz barriztu doguz eta gaur egun espazioak askoz argiagoak eta irisgarriagoak dira. Baina guretzat inportanteena erosotasuna eta ongizatea lortzea zan. Orain, adibidez, goiko solairuan 36 erabiltzaile daukaguz zerbitzu okupazionalean eta eurentzat gune bereziak, jantoki barri bat eta euren garapen emozionalerako jarduera-aretoak egokitu doguz.

Koordinazino ikaragarria eskatu beharko eban multinazional handien eskaerei (Ormazabal, MESA, Plastibor…) erantzuten jarraitzeak lanak egiten ziran bitartean. Zelan lortu dozue erronka honi aurre egitea makina bat be gelditu barik?

Kudeaketa milimetrikoa behar izan dau. Bezero esijenteak daukaguz eta ezin genduan ezerrean huts egin. Lan-talde osoaren inplikazinoa zeharo handia izan da; beharrizanak sailka eta txandaka antolatu genduzan, eremu batzuk itxiz eta beste batzuk zabalduz. Horregaitik, gure horma nagusian mural-omenaldi polit bat ipini dogu gaur egungo lan-talde osoaren izenakaz, bai eta 1977an Pedro Elejalde kalean Aixerrota lantegia zabaldu eben 21 aitzindari hareen izenakaz be. Ahaleginari eta konpromisoari egindako aitortza bat da.

Goiko solairuan arterapia, irakurketa erraz edo musikoterapia tailerrak egiten dozuez. Zein da diziplina artistiko eta musikal hauen helburu nagusia langile eta erabiltzaileen artean?

Asmoa argia da: taldearen garapen pertsonala, afektiboa eta gizarteratzea bultzatzea. Artearen eta musikaren bidez, euren emozinoak adierazteko eta kudeatzeko bideak edegitzen doguz. Ezinbesteko tresnak eskaintzen deutsaguz euren eguneroko bizitzarako, gizartean modu askeago eta autonomoagoan moldatu daitezen.

Ostiraletako sukaldaritza tailerra asteko momentu handienetako bat da Mikel Colinagaz, eta gaur arroz-esnea egitea toketan da. Zein ikaskuntza mota lantzen da sukaldeko sutegietan?

Mikel gure pertsonen teknikaria da eta pedagogia zein lasaitasun handia transmititzen dau. Sukaldaritza tailer honen bidez euren eguneroko autonomia pertsonala lantzen dogu zuzenean. Errezetak euren artean aukeratzen ditue (joan den astean entsaladilla errusiarra egin eben) eta hamabostero talde txikietan txandakatzen dira babes indibidualizatua bermatzeko. Gero, jakina, denon artean jaten dogu dana!

Behera joatean, elektromekanika eremuan, desfragmentazino prozesua erabiltzen dozue lana errazteko. Azaldu gernikarroi zer dan hori eta zelan laguntzen dauen irisgarritasun kognitibo zein fisikoan.

Gakoa prozesu konplexuak azpizeregin txikiago eta errazagoetan banatzean dago. Adibidez, banaketa-koadro elektriko handi baten muntaketa teknikoa oso zaila da bere osotasunean. Guk zeregin txikietan banatzen dogu: kableak moztu eta biluzi, terminalak identifikatu eta krimpatu, mazoak prestatu eta, azkenik, amaierako muntaketa eta konexinoa egiten da. Honi esker, ezintasun intelektual edo fisikoaren maila edozein dela be, pertsona bakotxa kateko esteka eraginkor eta lehiakor bihurtzen da.

Paul Learreta (23 urte) bezalako gazteek txandakako prestakuntza-programak behar dabez. Zelan bultzatzen dozue zerbitzu okupazionaletik enplegu babestura edo arruntera igarotzea?

Paul oso gaztea da eta hiru urte zerbitzu okupazionalean egin ondoren, orain txandakako prestakuntza-programa honetan dabil lanean, gure lerro dinamikoenetako batean. Guretzat funtsezkoa da bakotxaren egoera aztertzea eta zubiak eraikitzea ekoizpen-eremu gora jauzi egin daitezen, euren gaitasunak gorenera eremateko prest dauden bezain laster.

Hoda El Badaui (24 urte) trokeladoreagaz dabil lanean muntaketa berezietan eta hainbat postutatik igaro denez, dena ikasi dabela dino. Polibalentzia hori be asko lantzen dozue, ezta?

Bai, Hodak hiru urte daroaz guregaz lanean eta aurten gauza barri asko ikasi dabezela azpimarratzen dau. Hainbat sailetatik igarotzeak segurtasuna emoten deutso eta edozein postutan lana egiteko gai izatea lortzen dabe. Horrek balio sozial eta profesional ikaragarria dauka.

Joan den urtean zentro honek 3,48 milioi euroko Balio Sozial Integratua sortu eban Gernika-Lumon. Zer esan gura dau datu honek eta zergaitik aldarrikatu behar dogu ezintasuna daben pertsonen tokia gure lan-sarean?

Balio Sozial Integratuak gure interes-taldeetan (pertsonak, familiak, administrazinoak edo bezeroak) eragiten dogun inpaktua erakusten dau. Inbertsino emankor eta soziala gara. Ezintasuna daukien pertsonek eskubide osoa daukie Bizkaiko gure lan-sarean leku bat izateko eta gaur egungo gizartea duintzen dabe.