Untxia eta Bizkaiko sagardoa nagusi asteburu honetan Gernikako merkatuan

Gernika-Lumo prest dago beste azoka berezi bat jasotzeko. Datorren zapatuan, irailak 5, azoka berezia egingo da merkatuko plazan. Jardunaldiaren protagonista nagusiak gure eskualdeko bi elikagai izango dira: untxia eta Bizkaiko sagardoa.

Udalak bultzatutako proposamen honegaz, merkatu plaza Busturialdeko ekoizleen elkargune bihurtuko da. Helburua argia da: bertoko produktuei balioa ematea eta herritarrei zein bisitakoei goizez gozatzeko aisialdi plana eskaintzea. Gure baserritarren kalitatezko lehengaiak bertatik bertara ezagutzeko aukera paregabea egongo da.

Stand nagusietan untxia eta sagardo dasta-jateak egingo dira, ekoizleen eskutik zuzenean. Horrez gain, ohiko barazki eta fruta azokak bere bidea egingo dau. Postuetan denetariko produktuak egongo dira aukeran: sasoiko fruta eta barazkiak, gazta, gozoak, eztia, gildak, patea, ogia, euskal pastela, txakolina zein bestelako edariak. Euskal artisautzari dedikatutako hamar bat postu ere bisitatu ahalko dira.

Familia osoak egunaz gozatzeko, umeentzako ekintzak ere antolatu dira goiz osoan zehar: jolasak, puzgarriak eta tailerrak egongo dira.