Jazarpenekin amets egin dut, eta, esnatzean, ezinbestean pentsatu dut heriotzari buruzko ametsak direla. Ihes egitea lortu dut, modu bitxi eta ezohikoenak baliatuz, baina badakit ez dagoela ihesbiderik, inkontzienteak eskaintzen didan zirrikitu herdoildu horretatik igarotzea ez bada.
Albert Camus Literatura Nobel saridunak zioen, bizitzari zentzua ematea ezinezkoa zaigunez, geratzen zaigun gauza bakarra zentzugabekeria horretan igeri egitea dela: existentziaren ekintza bakoitzean, harago joan gabe, ekintza horretan bertan gozamena bilatzea. Beti hunkitu nau Camusen heriotza tragiko eta absurdoak: ospakizun baten ondoren, autoak zuhaitz baten kontra jota hil zen, bere editorea bolantean zihoala.
Beste amets likido batetik ihesi, gauaren erdi-erdian esnatzen naiz, eta nire adimenak ideia-jario bat jasotzen du, hurrengo loaldiarekin batera lausotuko dena. Ludwig Wittgensteinek Philosophical Occasions: 1912–1951 lanean idatzi zuen objektu bat ulertzea zailtzen duena, garrantzitsua edo esanguratsua denean, objektua ulertzearen eta gehienok ikusi nahi dugunaren arteko kontrastea dela. Loaren eta esna-aldiaren arteko une horietan, eduki mental ugariz gainezka, agian ikusi nahi ditudan gauza gehiegi azaleratzen dira, pentsagai dudan objektuarekin berarekin zerikusirik ez dutenak.
Neure buruari galdetzen diot zergatik ari naizen azkenaldian denboraren joanaz, gaixotasunaz eta heriotzaz hainbeste pentsatzen eta idazten. Uste dut, egiaz, beti ari garela gauza berberei buruz pentsatzen eta, aldi berean, haietan pentsatzeari uzten. Wittgensteinek berak zioen adieraztera iritsitakoak adierazi gabe geratutako guztiak bezainbesteko balioa zuela. Beharbada, heriotzaren beldurrak pentsatutako guztia idatziz jasotzera bultzatzen gaitu, bidean gure egoaren arrastoren bat uzteko lasterketa batean bezala; baina adierazi gabe geratutako guztia izatearen atalase berberetik gertuago dago.
Agian, zahartzean gehien baloratzen dudana eztabaida guztietan sartzeko beharrik ez izatea da, eztabaidarik hutsalenetatik hasi eta segundo gutxiren buruan unibertsoa akabatuko dela diotenetaraino. Gonzalo Suárez zinema-zuzendari asturiarrak zioen zinemako amaiera guztiak txarrak direla, bizitzan bezala, dena amaitzen delako. Eta ezin da amaiera luzatu filma bera zapuztu nahi ez bada behintzat. Beti izan dut sentipena hil diren pertsona batzuek, haiekin harreman handirik izan ez arren, beren heriotzaren berri eman zidatela nolabait, hitzik gabe, inoiz ulertu ez nuen zerbaitengatik nirekin adiskidetu nahian bezala.
«Ai, Celeste maitea! Hilko bagina hil garela uste izan dugun aldi guztietan… Denok gara oraindik gure eginkizunean sartu ez diren hildakoak…», idatzi zion Proustek bere etxekoandre izan zenari haren bizitzako azken bederatzi urteetan. Agian, eginkizunean sartzeko zeuden hildako horiek gu bezalakoak dira, eta ez digute ezagutzen ez dugun ezer esaten.
Tabua da bizitza joko bat edo ilusio bat dela planteatzea. Arinegia iruditzen zaigu pentsatzea bizitzak, bere edertasun eta krudelkeria guztiarekin, haur baten jolasak baino zentzu handiagorik ez duela. Fisika kuantikoak atomoen munduan erakusten dizkigun harreman bitxiek —protoiak eta elektroiak itxurazko arrazoirik gabe elkarri eraginez— ez al digute, bada, errealitatearen ulertezintasunaz ohartarazten?
Xederik ezak ezinegonaren itsaso batean murgiltzen ditu gure ego neurrigabeak. Eta, beharbada, helbururik ez izatea bera da guztiari zentzua ematen diona, baita helburu baten bila etengabe aritzea ere. Eta, arteetan, amets likido etengabeetan murgiltzea.



