Azken urte hauetan jende askok bere buruari galdetzen dio baserri askotako enara-habiak zergatik desagertzen ari diren edo enara azpizuriek ugaltzen zituzten teilatu-hegaletan umerik ateratzen ez dutelako. Kontuan izan behar dugu enara espezie ezberdinez hitz egiten ari garela kasu askotan. Gernika-Lumon 4 enara espezie desberdin ditugu. Landa zabalean enara arrunta ugaltzen da, gizakiarengandik hurbilen kumatzen den hegaztia izanik. Gernikako hiri-eremuan, berriz, enara azpizuria, uhalde-enara eta sorbeltza ugaltzen dira. Izan ere, azken hau, nahiz eta taxonomikoki enara-taldekoa ez izan, horien zatitzat har dezakegu.
Enara ilunak berriro itzuliko ote diren? galderari erantzuteko, espezie horri buruzko ikerketek adierazten dute espezie horren populazioen beherakada izugarria jasaten ari dela, 1998-2018 aldian % 50etik gorako beherakada dramatikoarekin (SEO/BirdLife, 2019), hau da, 15 milioi enara inguruko galera 20 urtean Estatu osoan. Euskal Herriko zenbakiak ez dira askoz hobeak. Joera hori mantendu ezkero, enara arrunta espezie arraroa izango da bi hamarkada barru, eta ez da espeziea bakarra izango. Populazioa behera etortzearen arrazoiak honako hauek dira: habiak suntsitzea (legez kanpokoa eta zigortua izan arren), etxeko faunaren depredazioak (katuak, batez ere), pestizidak erabiltzeagatik jaten diren intsektuak ez izatea eta enara-espezie guztiei eragiten dien klima-aldaketa, batez ere beren migrazio-dinamikak eta kumatze-aldiak aldatuz. Horrez gain, enara guztiak filopatrikoak direnez (ugaldu ziren leku berera itzultzen diren espezieak), habia berean kumatzen den familia edo leinu oso bat hiltzen edo desagertzen denean, nahiko arrunta da baserri hori beste bikote batek okupatzeari uztea urteetan edo baita bosturtekoetan ere.
Gernika-Lumoko hiri-eremuan, etxeen teilatu-hegaletan, enara azpizuria hazten da. Gaur egun, habiak nahita suntsitzeagatik, ezjakintasunagatik edo fatxadak zaharberritzeko lanak egiteagatik Hiri-hegaztirik zigortuena bihurtu da. Horren adibide Busturiako San Kristobal auzoa da, paduren ertzean dagoena. Bertan zegoen espeziearen kumatze-koloniarik handiena Bizkaian, eta gaur egun ia erabat suntsituta dago, eskobakadaz. Lehengo egunean auzoko batek esaten zidan azken urteetan gero eta eltxo gehiago daudela auzoan, baina ez zuen aipatzen bere harrapakari natural handiena azken urte horietan desagerrarazi zenik.
Antzeko zerbait gertatzen ari zaio sorbeltz arruntari, uda partean hirian ohikoa den eta biologia izugarri duen hegaztia ere. Hegazti honek ia bizi-ziklo osoa airean garatzen du, hegal egiten jaten, kopulatzen, edaten eta lo egiten duelako, eta azken 25 urteetan % 40tik gorako beherakada dramatikoa izan du Estatu osoan. Uhalde-enarak, ordea, ustegabe bat eman digu, eta duela 10 urte baino gutxiago, ezustean, kumatze-kolonia bat agertu zen Errenteriako zubiaren inguruan. Bertan, 15 bikote inguru ugaltzen dira azken urteetan, eta ikuskizun ikusgarri bat azaltzen dute ikusi nahi dutenentzat. Enara hori ur-ekosistemekin lotuta dago, eta Bizkaian dauden umatze-koloniek esku bateko atzamarrekin zenbatu daitezke.
Beraz, biodibertsitateak gure biziraupenerako duen garrantziaz jabetu ezean, enarak eta sorbeltzak gehiago eta urriagoak izango dira, eta beraien harrapakin batzuek, batez ere eltxoek, gaixotasun-bektore gisa jarduteko gaitasun handiagoa izango dute, ez bakarrik latitude horietan ezagunak direnak, baizik eta hegoaldetik iritsiko direnak klima-aldaketaren eraginez, hala nola Zika, Denge, Niloko Birusa, etabar. Berekoikeriagatik besterik ez bada ere, gure osasunaren babesle gisa beti jardun duten espezieak kontserbatu beharko genituzke eta oinean tirorik ez jo.



