Euskal Pelota Selekzinoak 41 pelotarik osotutako taldea aurkeztu dau Munduko Txapelketarako

EEPFk Gasteizen aurkeztu dau Buenos Airesen eta Colonia del Sacramenton urriaren 15etik 24ra lehiatuko dan ordezkaritza; guztira 41 pelotarik eta 10 kideko talde teknikoak osotzen dabe taldea. Euskadik, lehen aldiz, bere izenagaz eta modu ofizialean parte hartuko dau nazinoarteko txapelketa nagusi horretako 13 espezialidadetan.

Euskadiko Euskal Pelota Federakuntzeak (EEPF) Euskal Pelota Selekzinoa aurkeztu dau Gasteizen, Argentinan eta Uruguain jokatuko dan XX. Euskal Pelota Munduko Txapelketeari begira. Guztira, 41 pelotarik osotzen dabe Euskadiko ordezkaritzea, eta urriaren 15etik 24ra lehiatuko dira Buenos Airesen eta Colonia del Sacramenton.

Joxe Mari Mitxelena EEPFko presidenteak eta Ibone Bengoetxeak, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordeak, hartu dabe berba Selekzinoa aurkezteko. Ekitaldian izan dira, era berean, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea; Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria; Euskal Pelota Selekzinoko babesle diran Cikautxoko eta Laboral Kutxako ordezkariak; eta alderdi politikoetako, lurralde federazinoetako eta Euskadiko Kirol Federazinoen Batasuneko ordezkariak.

Igone Bengoetxeak ondokoa nabarmendu dau: pelotariek herria osoa ordezkatuko dabe. Euskadiren izena, koloreak eta balioak zabalduko ditue nazinoarteko erakusleiho handienetako baten, hau da, Munduko txapelketa batean.

Horrezaz gan, selekzinoaren ofizialtasuna posible egiten daben persona eta erakunde guztien lana eskertu eta azpimarratu dau: azken urteetako ahaleginaren eta konpromisoaren emoitza dalako gaur bizi dan momentu historikoa. Eusko Jaurlaritzatik gure konpromisoa sendoa da eta lanean jarrituko dogu Euskal Selekzino guztien Ofizialtasunerako bidean.

Holan, Munduko Txapelketa horrek mugarri berezia izango dau euskal kirolarientzat; izan be, lehen aldiz, Euskadik bere izenagaz eta ofizialki parte hartuko dau nazinoarteko txapelketa nagusian. Hori dala eta, Bengoetxeak ondokoa gehitu dau: aurkeztu dan taldea kirol ordezkaritza bat baino gehiago da: urte luzez egindako lanaren, konprosimoaren eta autortzearen sinbolo be bada. Herri oso baten ilusinoa eta harrotasunaren ordezkaritzea izango da. Herri oso baten baloreak zabalduko ditue gure pelotariek.

Selekzinoak 13 espezialidadetan hartuko dau parte: ezkerparetan, trinketean eta frontballean. Taldeak zesta puntako, eskuzko, larruzko paletako, pala motzeko, gomazko paletako, xareko, frontballeko eta parapelotako pelotariak batzen ditu. Emakumezkoek eta gizonezkoek zesta puntan, gomazko paletan eta frontballean izango dabe ordezkaritzea.

Zesta puntan, emakumezkoak eta gizonezkoak 54 eta 36 metroko frontoietan ibiliko dira. 36 metroko ezkerparetan, eskuz, larruzko paletaz eta pala motzez be lehiatuko da Euskadi; 30 metroko frontoian, barriz, gomazko paletan izango dau ordezkaritzea. Frontballean kategoria bitan parte hartuko dau, eta trinketean xareko taldea izango du.

Parapelotak ezkerparetan eta trinketean izango dau presentzia. Beñat Lizaso, Sergio Rodriguez, German Luis Elkoro eta Edorta de Anta kantxa mota bitan lehiatuko dira, Mikel Merino hautatzailearen gidaritzapean.

Pelotariekaz batera, bederatzi hautatzailek eta laguntzaile batek osotzen dabe talde teknikoa. Jarraian, hautatutako 41 pelotarien eta horreen kluben zerrenda osoa jaso da, baita talde teknikoaren osaera be.

Kontuak kontu, Euskal Pelota Selekzinoak jentaurrean erakutsi dau Munduko Txapelketan Euskadi ordezkatuko dauen taldea. Hurrengo hitzordua Buenos Airesen eta Colonia del Sacramenton izango dau, urriaren 15ean hasiko dan lehiaketan.

HAUTATUTAKO PELOTARIAK

  • Zesta-punta · 54 metro · Gizonezkoak:
    • Unai Lekerikabeaskoa (Eraman Jai Alai)
    • Xabi Barandika (Eraman Jai Alai)
    • Eñaut Urreisti (Danok Bat)
    • Ion Ibarluzea (Markina)
  • Zesta-punta · 54 metro · Emakumezkoak:
    • Elaia Gogenola (Berriatua)
    • Eneritz Lizardi (Danok Bat)
    • Maia Goikoetxea (Berriatua)
    • Maite Ortiz de Mendivil (Danok Bat)
  • Zesta-punta · 36 metro · Gizonezkoak:
    • Aritz Erkiaga (Eraman Jai Alai)
    • Ortzi Aldazabal (Berriatua)
  • Zesta-punta · 36 metro · Emakumezkoak:
    • Helena Barrenetxea (Durango Jai Alai)
    • Maialen Aldazabal (Berriatua)
  • Eskuz · 36 metro · Gizonezkoak:
    • Beñat Azketa (Tartaloetxe)
    • Beñat Garmendia (Lapke)
    • Ekhi Irribarria (Tolosa)
    • Eñaut Lizeaga (Mundarro)
    • Gaizka Carregal (Adiskide)
    • Oier Elorz (Upo Mendi)
  • Larruzko paleta · 36 metro · Gizonezkoak:
    • Ander Landeta (Danok Bat)
    • Ibai Perez (Galipa)
    • Iñaki Urrutia (Armintza)
    • Markel Sierra (Kurene)
  • Pala motza · 36 metro · Gizonezkoak:
    • Jagoba Madariaga (Armintza)
    • Esteban Gaubeka (Armintza)
    • Iker Gordon (Kurene)
    • Imanol Ibañez (Armintza)
  • Parapelota · Ezker pareta eta trinketea · Gizonezkoak:
    • Beñat Lizaso (Kemen)
    • Sergio Rodriguez (Zartada)
    • German Luis Elkoro (Kemen)
    • Edorta de Anta (Kemen)
  • Gomazko paleta · 30 metro · Gizonezkoak:
    • Julen Loidi (Gazteleku)
    • Unai Sagarzazu (Kurpil Kirolak)
  • Gomazko paleta · 30 metro · Emakumezkoak:
    • Amaia Irazustabarrena (Hernani)
    • Nagore Martin (Errekaleor)
  • Frontball · Emakumezkoak:
    • Miren Larrarte (Behar Zana)
    • Olatz Arrizabalaga (Lea Ibarra)
  • Frontball · Gizonezkoak:
    • Julen Alberdi (Tolosa)
    • Mikel Aurrekoetxea (Lemoa)
  • Xare · Trinketea · Gizonezkoak:
    • Oier Iturbe (Ametsa)
    • Xuban Lopetegi (Ametsa)
    • Markel Mugika (Ametsa)