Artea, teknologia eta ibaiertzeko basoak dira protagonista Ekoetxea Urdaibain uda honetan ikusgai daukaguzan erakusketa bitan. Proposamen horreek natureagaz daukagun hartu-emonak beste ikuspegi batetik aztertzeko konbita egiten dabe.
Natura ez da beti modu berean begiratzen. Paisajea ikusteko lekua izan daiteke, baina baita entzuteko, ulertzeko eta geure jarrerak berrikusteko espazioa be. Idea horren inguruan, erakusketa bi daukaguz ikusgai uda honetan Ekoetxea Urdaibain: “Natura Expandita”, artea, teknologia eta lurraldea alkarrizketan jarten dituan proposamena, eta “Erriberako basoa: ibaiaren babesa eta basa-bizitzaren babeslekua”, ibaiertzeko basoen garrantzi ekologiko eta soziala adierazoten dauan erakusketea. Abiapuntu desbardinetatik sortu badira be, natureari beste begirada batetik hurreratzeko proposamen bera konpartiduten dabe.
Naturea, artearen eta teknologiaren bidez
Ekoetxea Urdaibaik garagarrila eta iraila bitartean hartzen dau “Natura Expandita” aldi baterako erakusketea. Danel Garay artistea eta ikertzailea da komisarioa, eta hainbat lan eta instalazino batzen ditu: soinudunak, ikus-entzunezkoak eta objektuzkoak. Helburua natura esperientzia hedatu batetik sumatzeko konbita egitea da.
Erakusketeak Urdaibaiko lurraldeari arreta emoteko modu barriak proponiduten ditu, ikus daitekeana eta ikusiezina buztartuz. Antton Goikoetxea, Paula Huarte, Oriol Parés, O. Kolektiboa eta Danel Garayren beraren lanak daukaguz bertan. Proiektuak ACTS Sarearen -Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea, Euskal Herriko Unibersidadeko AKMEKA ikerketa taldearen eta Atomo Kultur Alkartearen babesa dau.
Proposamen artistikoa Urdaibairen testuinguruan kokatzen da, balio ekologiko, kultural eta sinboliko handiko lurralde lez. Erakusketeak paisajeagaz daukagun hartu-emonei buruzko hausnarketea aktibau gura dau, ez bakarrik kontenplazinotik, baita erantzukizunetik, entzutetik eta jarrerak aldatzetik be. Horretarako, ikusleari bere perzepzino-ohiturak birpentsetako konbita egiten deutso, eta naturala eta artifiziala danaren arteko bereizketea nahiz ingurunearen eta hura aldatzen daben azpiegituren artekoa zalantzan jartera bultzatzen dau.
Erakusketako obrek ibilbide bat osotzen dabe instalazino baten bidez. Bertan, zeramikazko hatxak pantailen ganean, soinu bidezko eskulturak, kuantikoa dana txalaparta konbertiduten daben lanak, zeramikazko buruak elementu digitalakaz alkarrizketan eta patafisika poetikoko tramankuluak topa daitekez. Elementu horreen bidez, naturearen irudikapen tradizionaletik harago joatea proponiduten da, materia, teknologia eta bizitzearen arteko hartu-emonak aztertzeko.
“Natura Expandita” erakusketeak, ganera, EHUko ikasle eta ikasle ohiei zuzendutako deialdi ireki bat izan dau. Arte Ederretako fakultadeko Gradu, Master eta Doktoregoko ikasleek parte hartu dabe, eta deialdia beste fakultade batzuetara zabaltzeko aukerea be aurreikusi da. Proiektuaren helburuen artean dago tokiko artistei eta artearen, teknologiaren eta naturearen arteko hartu-emonei ikuspegi garaikideetatik heltzen deutseen proposamenei lekua egitea. Erakusketeak kontzientzia ekologiko eta kulturaleko forma barriak sortzen lagundu gura dau, sorkuntza artistikoaren, lurraldearen eta herritarren arteko alkarrizketea bultzatuz. Irailaren 30era arte bisitau ahal izango da, doban.

Ibaiertzeko basoak, ibaiaren babesa
Ekoetxea Urdaibain ikusgai dagoan beste erakusketeak, barriz, begiradea ibaietara eroaten dau. URA Uraren Euskal Agentziaren erakusketea ibiltaria da “Erriberako basoa: ibaiaren babesa eta basa-bizitzaren babeslekua”, eta garagarriletik abuztura egongo da ikusgai Ekoetxean. Helburua herritarrei ibaietako osasunerako funtsezkoak diran ekosistema horreen balio ekologikoa eta soziala hurreratzea da.
Argazkiek, infografiek eta marrazkiek osotzen dabe erakusketea. Horreen bidez, ibaiertzeko basoek betetzen dituen funtzino ekosozialen aniztasuna adierazoten da, eta basoen egitureari, funzinonamenduari eta horreei lotutako biodibersidadeari buruzko ezagutza hobetzeko tresnak eskaintzen dira.
Ibaien ertzetako basoak gizakiaren jarduerek gehien aldatu eta mehatxautako bizilekuetako batzuk dira. Halanda be, funtsezko eginkizuna daukie ibai-ekosistemen orekan. Biodibersidadearentzako babesleku izateaz gan, hainbat ingurumen- eta gizarte-onura eskaintzen ditue. Besteak beste, ibaiertzak higaduratik babesten ditue, uraren tenperaturea erregulatzen laguntzen dabe itzalaren bidez, uraren kalidadea hobetzen dabe eta fauna eta flora espezie ugariri bizilekua eta babesa eskaintzen deutsee.
Erakusketeak 24 panel dauzka, 2×2 metroko sei kubotan banatuta. Dibond formatuan eginda daude, eta ibaiertzeko basoek eskaintzen dituen ekosistema-zerbitzu nagusiak zein ibaietako benetako harpeak modu bisual eta didaktikoan aurkezten ditue. Era berean, herritarren erantzukizun partekatua sustatu gura dau, ibaiertzeko basoak babestu, konserbau eta berreskuratzearen garrantzia azpimarratuz.
Izan be, erakusketearen arabera, ekosistema horreen konserbazino-egoera ona ezinbestekoa da ibaien osasuna eta ingurumenaren jasangarritasuna bermatzeko. Abuztuaren 31ra arte ikusi ahal izango da Ekoetxea Urdaibain, doban eta zentroaren ohiko ordutegiaren barruan. Ondoren, erakusketea Azpeitia, Meatzaldea eta Txingudiko Ekoetxeetara eroango dabe.
Ura, lurraldea eta biodibersidadea
Ibaiertzeko basoen erakusketagaz lotuta, Ekoetxea Sareak eta URA Uraren Euskal Agentziak “Uraren Bidezidorrak” izeneko hainbat ibilbide be diseinau ditue. Proposamenaren asmoa ura beste ikuspegi batetik ezagutzea da: ez bakarrik baliabide lez, baizik eta paisajeak, personak eta biodibersidadea lotzen dituan sistema bizi lez. Erakusketak osotzeko eta esperientzia biribiltzeko sortu dira ibilbide hauek.
Ibilbide horreetan, parte-hartzaileek uraren bidea jarraitu ahal izango dabe, ura zelan garraiatzen dan, lurraldea zelan modelatzen dauen eta giza ekintzek haren konserbazino-egoeran zelan eragiten daben ulertzeko. Uraren Bidezidorrek, holan, uragaz daukagun hartu-emonak batzera, begiratzera eta birpentsatzera konbidatzen dabe.
Ekoetxea Sareko zentro bakotxak ibilbide gidatu bi dauzka, aldez aurretik erreserbea eginda egitekoak, eta guztira 10 ur-bidexka daude Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan banatuta. Horrezaz gan, URAK 59 Uraren Bidexka jarten ditu herritarren eskura.
Kontuak kontu, Ekoetxea Urdaibaiko erakusketa biek naturea ulertzeko modu bi eskaintzen ditue. “Natura Expandita”k artea, teknologia eta lurraldea alkarrizketan jarten ditu, geure perzepzinoa eta paisajeagaz daukagun hartu-emonak berrikusteko. Ibaiertzeko basoei buruzko erakusketeak, barriz, begiradea ibaietara eroaten dau, ekosistema horreen balio ekologikoa eta soziala erakutsiz. Proposamen biek, bakotxak bere hizkuntzetatik, ingurunea ezagutzeko eta haren aurrean daukagun jarrerea barriz pentsetako aukerea emoten dabe.



