“Garia berreskuratzea ez da joandakoa berreskuratzea; etorkizuna ereitea da”

Garile proiektua gertutik ezagutzeko, Maddi Amezaga Errigoitiko produktoreveta okinagaz alkartu gara. Alkarrizketa honetan, proiektuaren sorrerea, helburu nagusiak eta garapen-prozesua izango ditugu berbagai; baita ekimen honek gaur egungo testuinguruan egin leikien ekarpena be. Maddik Garileren atzean dagoan lana eta etorkizunerako aurreikuspenak adierazoko deuskuz, proiektuaren nondik norakoak gertutik ezagutzeko.

Zer da Garile proiektua?

Ez da erraza esaldi baten laburtzea, baina, definidutearren, Garile Errigoitiko gariaren laborantza tradizionala berreskuratu eta balioan jarteko borondateagaz sortutako proiektua da. Horrezaz gan, nekazaritza-jakintzea, ondarea, paisajea, kulturea, hizkuntzea eta elikadura-burujabetzea be jorratzen ditu. Helburua da garia berton produzidu eta eraldatzea; hau da, ogi konbertidu eta herritarren eskura jartea.

Bestalde, hezkuntzeagaz lotura estua izan gura dau. Proiektuaren barruan lanketa ugari egiten dira; esaterako, nik neuk ikerketa historiko txiki bat egin neban ikasketetako kurso-amaierako lanerako. Horretan, herriko edadekoen laguntzea jaso dogu, gariak baserrian egiten eban ibilbide osoa ezagutzeko.

Arlo praktikoak be garrantzi handia dau. Gaur egun daukaguzan baliabideakaz, lehen egoan produkzino haren zati bat berreskuratzen saiatzen gara, modu xumean bada be. Era berean, nekazaritza-jakintzea, hizkuntzea eta kultura batzen eta berreskuratzen gagoz. Esaterako, garaiko berbak eta esateko moduak jasotea oso baliotsua da; izan be, eskualde edo herri bakotxean tresna berak izen desbardina izan leike.

Hezkuntzeak be sekulako garrantzia dau, eta ez bakarrik ikastolatan egiten dan lanagaitik. Garia ereiteari eskualde honetan zergaitik itxi jakon ulertzea be ezinbestekoa da. Halanda ze, ez jakon behar besteko baliorik emon, eta baserriaren bizimodua be asko aldatu zan. Gauza asko ereiteari itxi eutseen; esaterako, baita erremolatxeari be.

Zerk eroan eutsun holako proiektu bat martxan jartera?

Mundu horrekiko jakin-minak eta miresmenak. Nekazaritza mundutik nator, eta asko maite dot. Bidean lagun eta maisu ugari izan dodaz; esaterako, Zeberioko Txato eta Imanol, Baratze Zainak taldekoak, edo Biolurreko okin taldea, ogigintzea beste ikuspegi batetik jorratzen dauena.

Mundu horretan sartuta, etxean ogia egiten hasi nintzan, obrador txiki bategaz. Euskal Herriko hainbat nekazarigaz lanean hasi nintzan, euren gariagaz ogia egiten, eta ogiak lurraldeagaz daukan loturak interesa biztu eustan.

Nire aita Errigoitikoa da, eta berak bizi izan eban herrian gariaren produkzinoa. Horrezaz gan, Bizkaiganeko auzoan 1936ko argazki zahar bat agertu zan; bertan familia bat ikusten da garia batzen, Uriartetarrak hain zuzen be, eta Maria (ama) ikus daiteke irudian. Argazki hura ikustean, barrutik dei moduko bat sentidu neban proiektua martxan jarteko.

Aurten, erronketako bat Errigoitin bertan gariaren produkzino txiki bat lortzea da. Emoitza handia ez bada be, pauso garrantzitsua izango da.

Proiektua bizirik eusteko eta garia barriro ez galtzeko, zein da zure ustez gizarte moduan hartu behar dogun konpromisorik garrantzitsuena?

Nahiz eta joandako kontuan izan, uste dot oraina eta etorkizuna be izan leikiela. Ez dogu folkloretik edo nostalgiaz bakarrik ulertu behar. Asko gustetan jat herri-zientzia kontzeptua. Laborategietan ikerketa asko egiten dira, baina askotan ikerketan bertan geratzen dira. Horrek ez dau berez garia berreskuratzea esan gura.

Nire ustez, benetako berreskurapena komunidade oso batek parte-hartzen dauenean eta egunerokoan balioa emoten deutsagunean etorten da.

Horrezaz gan, gure eskualdeak ulertu behar dau garia galtzeagaz batera beste gauza asko be galdu doguzala. Hein baten, gure elikadura-burujabetzea galdu dogu. Gaur egun ez dogu geure garia produziduten, baina ogia egunero jaten dogu. Produkzino-ahalmena galdu dogu, baita haren inguruko jakintza be.

Oraindino bada azken belaunaldi bat hori bizi eta jakintza hori gordeten dauena. Horregaitik, eskualdeko eta herriko jentea animau gura neuke gariaren inguruan atontzen diran ekimenetan parte-hartzera, galdetzera eta interesa erakustera. Nik neuk hainbat gari-bariedadetako haziak daukadaz, eta prest nago partekatzeko. Ez gara lehen egoan egoerara bueltauko, baina gaur egiten dogun guztiak badauka balioa eta etorkizunean eragina izango dau.

Ze desbardintasun nabarmentzen dozu lehengo eta gaur egungo gariaren artean?

Industrializazino aurreko garia askoz tradizionalagoa zan, eta tokiko bizimoduari lotuta egoan; herri eta baserri bakotxaren beharretara egokituta eta aberastasun nutrizional handiagoa eukan. Haziak urtez urte gorde eta lur eta klima bakotxera egokitutako bariedadeak ziran. Horrek esan gura dau ez zala produktu estandar bat sortzen; halanda ze, dibersidade handia egoan.

Itxuraz be alde handia dago. Araban, adibidez, badagoz oraindino gari tradizionala jorratzen daben produktore txiki batzuk, eta begi-bistakoa da desbardintasuna.

Gaur egun, ostera, produkzinoari emoten jako lehentasuna: zenbat eta kilo gehiago lortu, hobeto. Horrezaz gan, gaur egungo bariedade asko genetikoki hautatuak izan dira, eta horregaitik antzeko itxura eta ezaugarriak daukiez. Bestalde, modalidadearen arabera be bereizten dira; ez da bardina ogia egiteko erabiltzen dan garia edo pentsurako erabiltzen dana. Azkenean, produkzinoa merkatuaren beharretara egokitzen da.

Emakumeen memoria funtsezkoa izan da proiektuan. Zer ikasi dozu hareen testigantzetatik, liburuetan edo dokumentazino ofizialean agertzen ez danik?

Bai, emakumeen memoriari balioa eta garrantzia emon gura izan deutsat. Askotan, euren ahotsa ez da hainbeste entzun, nahiz eta baserriko lanetan funtsezko papera bete. Baserriaren egunerokoan oso aktiboak izan dira, baina euren testigantzak gitxiago batu dira.

Egia esan, gaur egun emakume gehiago topau dodaz gizonak baino. Memoria-lan handia egin dabe nigaz; esaterako, Madaleneko Mila, Mirariko Irene, Margari edo Altoako Dolores. Gozotasun handiz hartu nabe, eta garaiko bizipenak eta jakintzak partekatu deuskuez.

Gizonek be ekarpen handia egin dabe; tartean, Bizkaiganeko Salvadorrek eta Aneuriko Danielek. Danen parte-hartzea ezinbestekoa izan da, eta oso eskertuta nago. Pribilegiatua sentidu naz euren esperientziak lehen eskutik entzuteko aukerea izan dodalako.

Eta baten batek gai honen inguruan zerbait kontatzeko badauka, pozik entzungo dot. Beti nago ikasteko prest.

Doloresen baserrian 1962ko gari-hazia topau zenduen. Zelakoa izan zan momentu hori? Gainera, oker ez banago, gari hura barriro landatzen be ahalegindu zarie, ezta?

Bai. Egia esan, haziak baserri bitan agertu ziran: bata Doloresenean, eta bestea Javierrenean.

Garai bateko gariaren inguruko informazinoa batzen gengoazan, eta halako baten Doloresek deitu eustan esanez gari-hazia topau ebala. Bere amak urte asko lehenago esan eutson hazi horreek gordetzeko, noizbait burura etorriko jakolako zertarako izan leitekezan baliagarri. Momentu hura nahiko surrealistea izan zan.

Bestalde, Javier domeka baten etorri zan geure etxera, esku bete gari-hazigaz. Oso itxura ona euken. Halanda be, ia 70 urtez gordeta egon dan hazi bat berreskuratzea oso gatxa da, ia ezinezkoa. Ahaleginak egin genduzan, baina azkenean ez zan posible izan.

Zure ustez, zelan aldatu da gure lurraldearen izaerea baserrietan garia ereiteari itxi eutseenetik? Berreskuratu leiteke galdutako paisaje hura?

Galdera gatxa da. Danok dakigu urte gitxitan zenbat aldatu dan gure ingurua, gizartea eta bizimodua. Pentsetako modua be aldatu da, eta hartu-emonak be ez dira lehen modukoak.

Horregaitik, ez dakit posible izango leikeen lehengo paisajea berreskuratzea. Gaur bizi dogun garaira egokitu behar gara. Nik ez dot gura gariaren berreskuratzea nostalgia hutsetik eregi. Garrantzitsua da gure kulturearen parte dalako, eta ez dalako ahaztu behar.

Gaur egun ezingo geunkez lau hektarea gari eskuz batu. Baserrian lan egiteko egoerea eta aukerak be guztiz desbardinak dira. Nik neuk be ez neukez hektarea bi eskuz batuko.

Baina posible ikusten dot antxinako egiteko modu batzuk ospakizun konbertidutea. Urtean behin, esaterako, gari-batzea auzolan edo jai modura atontzea ederra izango zan; alkartzeko, esperientziak partekatzeko eta ondare hori bizirik eusteko espazio modura.

Barrutia eskolako esperientziaren ostean, zein izan da umeen erreakzinorik harrigarriena edo gehien hunkitu zaituana?

Sekulakoa izan da umeek erakutsi daben interesa eta parte-hartzea. Hainbat jarduera atondu genduzan, eta ilusino handiz hartu eben.

Lehenengo, garia landare moduan ezagutu eben: erein, hazten ikusi eta jagon. Gero, biodibersidadea jorratu genduan; esaterako, gure ingurutik desagertzen joan diran txori batzuk ezagutu ebezan. Azkenik, gariaren eta elikaduraren arteko loturea jorratu genduan.

Holan konturatu ziran jaten daben ogia gariagaz egiten dala, eta prozesu osoa ulertu eben: hazitik ogira. Niretzat hori izan zan politena; prozesu osoa ulertzean, benetan barneratu eben zer egoan ogi baten atzean. Horrek asko bete ninduan.

Gariaren kulturea auzolanean oinarritzen zan. Gaur egungo gizartean, zelan egokitu leiteke balio hori gari-uzta bat aurrera eroateko, modu jasangarri eta komunidarioan?

Hausnarketarako asko emoten dau. Bai garai hura bizi ez dogunontzat, bai gaur egungo gizartearentzat. Nik sustatu barik be, edadekoei egindako alkarrizketa ia guztietan gai bera agertu da: lehen auzoak eta herriak askoz batuago egozala.

Baserriko bizimodua gogorra zan, eta beharrak alkartzen ebazan. Garia batzeko ezeze, beste hainbat gauzatarako be batzen ziran: umeak jagoteko, lanak egiteko, penak eta pozak partekatzeko edo jaiak atontzeko.

Gaur egun, askok penaz esaten deuste auzoan lehen baino askoz hartu-emon gitxiago dagoala. Nostalgiaz gogoratzen dabe auzo eta herri bizi hura, eta sentiduten dabe lotura hori ahuldu egin dala.

Nik uste dot gaur egun be posible dala auzolanaren balioa berreskuratzea, nahiz eta beste modu batera izan. Agian, lehen garia batzea behar bat zan; gaur egun, barriz, ospakizun edo topagune konbertidu daiteke. Garrantzitsuena da barriro alkartzeko atxakia izatea, komunidadea sendotzeko.

Zeintzuk dira proiektuaren etorkizuneko erronkak?

Erronka nagusia proiektuari iraunkortasuna eta egonkortasuna emotea da. Zailtasunei aurre egin eta Garile epe luzera sendotzea. Garia barriro gure eskualdera ekartea eta, modu umilean bada be, gure elikadura-ohituretan txertatzea izango zan helburu nagusietako bat.

Horrezaz gan, badagoz erronka txikiagoak be. Esaterako, gari-bariedade desbardinak probetan jarraitzea, gure lurrera eta klimara ondoen egokitzen diranak zeintzuk diran ikusteko. Horretarako, probak egiten joan beharko dogu.

Bestalde, oreka bat topatzea be ezinbestekoa izango da: garai bateko jakintza eta egiteko moduak galdu barik, gaur egungo baliabideak be aprobetxatu beharko dira. Mekanizazino minimo bat beharrezkoa da, baina beti be eskulanaren eta mekanizazinoaren arteko orekea eutsiz.

Azken batean, Garile ez da gariaren laborantzea berreskuratzeko proiektu hutsa. Gure ondarea, hizkuntzea, memoria eta komunidadea bizirik eusteko modu bat be bada. Horregaitik, herritarren parte-hartzea funtsezkoa izango da etorkizunean be proiektuak aurrera egin deian.