Nerea Mendizabal

Psikologoa

Boterea besteen gainetik edo bestearekin?

Autoritatearen esanahira joanaz, mendekoak diren pertsonak agintatzeko edo gobernatzeko eskubidea dela aurkitzen dut. Autoritate posizioan dagoen pertsona batek mendekoak diren pertsonekin BOTERE bat erabili dezake. Baina zer nolako boterea? BESTEEN GAINETIK edo BESTEAREKIN BATERA erabili dezakeen botere bat.

Politikan, lanbidean, erlazioetan, haurren hezkuntzan eta zaintzan, besteen pentsamenduak eta ekintzak kontrolatzeko ahaleginean ibiltzen gara, pertsonek gauzak egin ditzaten, benetan egin nahi duten edo ez alde batera utzita. Oso tentagarria da ahulago, txikiago ikusten dugunaren aurrean daukagun botere fisiko, emozional, praktiko edo funtzionala erabiltzea, askotan beraien hobe beharrez, egin beharko lukeela pentsatzen dudan hori lortzeko estilo desberdinak erabiliz (agindu, mehatxu, zigor, erru…). Sarritan, hau baino aukera gehiagorik ez dagoela senti dezakegu.

Eta bai, men egitea edo obeditzea bilatzen badugu batzuetan funtzionatzen du. Orain, ardura, kontzientzia, irizpide kritiko eta barne gogoz bultzatako elkarlanerako probabilitate gehienarekin kudeatzea bilatzen badugu, ez du funtzionatuko. Honez gain, gehien maite dugun pertsonekiko izan nahi dugun harremana zaintzeko ere, ez litzateke biderik erraz edo eraginkorrena izango. Boterea erabiltzeko modu honek beharrizan batzuk asetzen dituen bitartean, kostu bat du; deskonexioan, erresuminean, isolamenduan eta alienazioan lagun dezake.

Orduan, zer esan nahi du BOTEREA BESTEAREKIN batera erabiltzea? Norberarentzat eta bestearentzat garrantzitsua den hori aurkitu eta zaindu nahi du, bientzat onuragarri izan daitekeen irtenbidea topatu ahal izateko. Horretarako lehentasuna, bien arteko elkar ulertzean jarri daiteke, lortu nahi dudan hori lortzen jarri ordez.

Gizakiok kolaboratzeko nahia dugu. Gure behar unibertsaletako bat da. Besteen ongizatea axola zaigu eta horretan laguntzeko barne gogo bat dugu. Aldi berean, horrek ez du esan nahi uneoro eta denekin elkarlanean aritzeko prest gaudenik. Besteei laguntzea naturalki irtetzen zaigu 3 baldintza ematen direnean: gure beharrak zainduta daudenean, gureak ere axola duela sentitzen dugunean eta emateko, egiteko… aske sentitzen garenean. Beste era batera esanda, exijentziak besteari emateko gogoak kentzen dizkigu.

Honek ez du esan nahi autoritatea BESTEAREKIN batera erabiltzen dugunean gatazka guztiak saihestuko ditugunik. Gatazkak izatea ez da arazoa, baina arazoa bihurtzen zaigu epaiketa, etiketa eta exijentzietan trabatuta geratzen garenean. Autoritate lekuan egonik, nirea zintzotasunez adierazteko, besteena enpatiaz entzuteko, beharrezko zaidanean mugak ezartzeko eta gatazkak konpontzeko BESTEAREKIN BAT egiten lagunduko dizkiguten baliabideak eta erramintak izateak asko erraztuko digu.

Gure boterea besteekin batera erabiltzeko modu berriak aurki ditzakegu, batez ere ezagutzen dugunak gogobetetasunera ez bagaramatza. Ikuspuntu honek, geurea bermatzeaz gain besteena ere aintzat hartuaz elkar topatuko garen lekua izango dela konfiatzea eskatzen du.