Gure haurtzaroan, nola erreakzionatzen zuten helduek gure emozioen aurrean? Haserrretzen baginen, negar egiten bagenuen edo zerbaiti beldurra bagenion? Oro har, sentimenduak adieraztea txarra edo alferrikakoa dela pentsatuz hezi gaituzte, eta kontrolatu edo gorde behar dugula. Askotan emozioak bizitzaren funtzionamendu onarentzat oztopo bezela ikusi izan dira.
Emozio guztiak, nork bere burua ezagutzeko eta bizi-kalitate hobea lortzeko bidea izan daitezke, baldin eta entzuten badakigu. Emozioak “Bizia” dira, gure gorputzaren bidez adierazten direnak. Horiek entzungabe, berauek eta geuk bizitzeko gozamena galtzen dugu.
Ez dago tristura, amorrua, beldurra, alaitasuna… ezagutzen ez dituen gizakirik. Ez dago emozio on edo txarrik, positibo edo negatiborik. Sentimenduek eginkizun bat betetzen dute, funtzio garrantzitsu bat. Gertatzen ari den zerbaiten mezulari dira. Gosea sentitzen dugunean, badakigu gure gorputzak janaria behar duela; hotza sumatzen dugunean aitortzen dugu arropa pixka bat gehiago janzteak hobeto sentiarazi eta babestu egingo gaituela. Baina, zer esan nahi digute frustrazioak, amorruak, tristurak, beldurrak…? Mezu horiek ezagutzen ikasi dezakegu.
Emozioak gure beharren berri ematera datoz. Emozio atseginak gure premiak asetuak ditugunaren seinale dira eta emozio desatseginak, aldiz, gizaki guztiok amankomunean ditugun beharrizanen batek arreta behar duela esatera datozkigu.
Denok uneoro ari gara, era batera edo bestera, norbere beharrak asetu nahian. Horrek ez du esan nahi ditugun jarduerak beti eraginkorrak edo zainduak direnik. Batzuetan oihu egiten dugu, mehatxatu, exijitu, entzungor egin edo alde batera utzi… Une horretan premiazkoak zaizkigun beharrak zaintzeko aurkitu dugun erarik onena izan da. Beste alderdi batzuk zaintzeko estrategia eraginkorragoa izango bagenu, nireak edo besteenak diren beste behar batzuk ere bermatuz, ziur nago erabiliko genukeela.
“Geure portaera eta gainerakoena eragiten dituzten premiak ulertzen ditugunean, ez dugu etsairik izango” Marshall B. Rosenberg
Jokaera edo jarrera onartezinak, beharrizan garrantzitsu batzuk asetzeko aukeratzen ditugun ekintzak dira, beste modu batean konpontzen jakin ez duguna eta ziur aski gustuko ez zaigun ondorioa eragin dezaketenak. Beste zerbait egiten ez jakiteak edo ahal izateak ez du esan nahi “gaiztoak” garenik edo “gaizki portatzen garenik”. Jokabidearen arrazoia ulertuz, haien eta gure portaeren arrazoi sakonak aurkitu ditzakegu.
Aitzitik, zenbait portaera edukitzera bultzatzen gaituena ulertzeko asmoa ez da justifikatzeko eta geldirik gelditzeko. Gure jokabidearen ikuspegi ulerkorra lortuz gero, autoepaiketetatik autoerrespetu, autozainketa eta autoulermena lortzera eraman gaitzake. Gure arreta beharretan jartzen dugunean, hauek zainduko dituzten ekintza edo estrategiak argi eta garbi ikusten lagunduko digu, egoeren irtenbideetara bideratuz.
Gai honetan sakondu eta praktikatzen jarraitu nahiko bazenu “Komunikazio Ez Bortitza, bizi-hizkuntza bat” edo “Elkarrekin hazi” liburuen irakurketa gomendatuko nizuke.