Nerea Mendizabal

Psikologoa

Asertibitatea eta entzute enpatikoa

Gatazka baten aurrean, ohikoa da batak bestea aldatu nahi izatea, bestea gaizki ari dela pentsatzea, aldatu nahi izatea. Horren aurrean, aukeratu dezakegu egoera hori nola kudeatu: nirearekin irten nahi dut, zurearekin irtengo zara edo zurea eta nirea zainduko dituen irtenbide bat aurkitu nahi dut? Azkenengo aukera nahi badugu, Komunikazio Ez Bortitzak (KEB) batetik, gure helburua konexio kalitatea lortu nahi izaten jartzea gogoratzen digu, eta ez bestea (edo bere jokaerak) aldatzen edo emaitza zehatz bat lortu nahi izatean. Eta bestetik, jokaera guztien atzean ase nahian gabiltzan behar, balore edo bizitzako aspektu garrantzitsuak aurkitzeko bidean jartzen gaitu.

Bi erreminta nagusi eskaintzen dizkigu horretarako: asertibitatea eta enpatia, biak ere oso tresna boteretsuak. Asertibitatea, lehendabizi norberak bere burua ezagutzean datza, ondoren nitaz adierazi eta kudeatu ahal izateko: “zer gertatzen zait egoera honetan? Zer dago bizirik nigan seme-alabak, bikoteak, nagusia, lankideak esan edo egin duenarekin?”. Hori argitzeko gakoak ematen ditu KEBak.

Hainbat egoera edo erlazioetan garrasika, mehatxuka edo erantzun zakarretan aritu naiteke eta hau egiten dugunean beharbada nire esana aintzat hartzea nahi izan dezakedalako izan daiteke. Adibidez, seme alabei balore eta baliabideak eskaini nahi dizkiegu eta hainbatetan ez dugu jakiten beste era batera egiten; beste batzuetan, gure irizpideetan ere konfiantza behar izan dezakegu eta hainbat jarrera edo jokaera ikusten ditudanean kezka edo beldurra sartzen zait… Nire bizipenak argitu ondoren, nitaz hitz egiten hasi naiteke, egoera horretan pizten zaizkidan emozio eta beharrak niretzat garrantzitsuak diren alderdietaz hitz egiten bait dute. Hau egin ezean, zu hizkuntzara pasa ohi gara (epai, erru, kritika… bidez) eta honek bestea erasoan, defentsan edo azpiratze tesituran jarri ohi du.

Bestetik, gizakiak gara mugatuak, baldintzatuak, zaurituak gaude. Hori dela eta, batzuetan modu trakets edo mingarrietan aritzen gara. Horrelako egoeretan nola entzun eta ulertzen naiz nire emozio eta jokaeretan? Nola onartzen naiz arro ez nagoen jokaeretan? Nola adierazten ditut nire sentipenak erruan erori gabe? Orokorrean garrantzitsuak zaizkigun aspektu edo beharrizan batzuk zaindu nahian gabiltzalako izaten da. Eta honek, peaje bat ordaintzen du: guretzat garrantzitsuak izan ohi diren behar batzuk zaindu nahian, beste batzuk ez ditugula zaintzen. Onartu nahi eta umiltasunez adierazi nahi norbere bizipenak?

Bigarren erreminta enpatia da. Helburua kalitate oneko konexioa bilatzea baldin bada, garrantzitsua da, ahal dudanean besteen bizipenetara gerturatzea; hau da, bere jarrera, jokaerekin zer esan nahian dabilen ulertzea. KEBk hau ezagutzeko gakoak ematen ditu, bestea ebaluatzera, epaitzera edo aldaraztera mugatu gabe.

Gure familia kide, seme-alaba, lankide edo nagusiak… kasurik egiten ez digutela pentsatzen dugunean beharbada beraien erabakiak hartu nahian dabiltza, berauena ere entzuna izatea nahi izan dezakete, aintzat hartu izatea bilatu dezakete, beraien barruak agintzen dionari kasu egitea, beraientzat zentzua eta gustua ematen diena egin nahian ibili daitezke… eta batzuetan, egiten duten modua -gu bezala- trakets edo mingarria izan daiteke.

Hau ikusteak ez du esan nahi dena justifikatuta dagoenik eta eskuak gurutzatuta geratuko garenik. Ez. Hau ezagutzeak, ohikoak zaizkigun botere gudetan sartu ordez, gizaki bezala osotasunean ikusi eta egoera honen irtenbideetarako ate desberdinak irekitzen lagundu gaitzake.