PIPER BERDE BETEAK HEGALUZEAREKIN

Osagaiak

> 12 piper berde luze, ahalik eta leunenak

> 4 tipulin eder, zerrendatan moztuak

> 2 piper berde, luzetara moztuak

> Oliotan edo ozpinetan kontserbatutako hegaluzea

> Tomate saltsa, 6 koilarakada inguru

> Oliba olioa frijitzeko

> Baratxuri ale bat

> Perrexil txikitua

> Gatza

Errezeta

Piperrak garbitu eta lehortu, dauden bezala, zurtoinak eta haziak kendu gabe. Jarri olioa suelto zartagin batean eta su bizira hurbildu. Berotzen denean, piperrak kontuz ipini zartaginean, frijitzen utzi, oliotik atera eta azala aise kentzeko punturaino. Ez dute ilundu behar; kontuz, beraz. Epeltzen direnean, eskuartean erabiltzeko moduan direnean alegia, zurtoina eta azala kendu, azalari txitximurkadak eginez, eta baba moduan altxatuko baita, tira handik mamia agerian geldi dadin. Kontuz ireki eta haziak kendu. Bitartean betegarria prestatu.

Frijitzerakoan erabilitako olio apur bat jarri kazola batean eta ipini bertan piper berde zerrendetan moztuak, tipulinak eta baratxuri txikitua, gatz pixka batekin. Su eztian egiten utzi 30 minutuz, eta pixka bat gorritzen hasten utzi. Bitartean, hegaluzeari salda kendu, eta zatitu. Barazkia egin denean koipea kendu, katilu batean jarri eta hegaluze zatiekin eta tomate saltsarekin. Bat egin dadila, eraginez, eta perrexil txikitu apur bat gehitu. Gatz puntua probatu, eta zuzendu, behar izanez gero. Hor dogu piperren betegarria. Orduan, kontu handiz, bete piperrak; ez daitezela hautsi edo lehertu. Piperraren alde irekia, betegarria sartzeko erabilitakoa, beherantz ipini, ezkutuan gera dadin.

Erretilu batean ipini eta ozpin saltsaz edo allioli mehe-mehe batez ongi zipriztindurik.