Aurtengo Gernikako jaiak bertan daukaguz, eta kaleak kolorez janzteko ardurea herriko gazte sortzaile baten esku geratu da. Janire Arrizabalaga Munduate gernikarrak diseinatu dau aurtengo kartel irabazlea. Baina Janire ez da geldirik egoten diren horietakoa: zinemagilea izateaz gan —Becoming Capa, Haziak edota Itzal(iko) Bagina antzezlanean ibilitakoa—, herriko plazak bertsotan astintzen dabezan Lilibertso eta Durangoko bertso eskolako kidea be badaukagu.
Beragaz, bere sormen prozesuaz, herriko jaiez, zinemaz eta bertsoaz berba egin dogu.
Janire, ikus-entzunezko komunikazioan graduatutako gernikar gazte sortzailea zara. Zelan sortu zan aurtengo Gernikako jaietako kartela aurkezteko idea eta zein izan da prozesua zeure kabuz diseinuari forma emoteko?
“Pasileku bizirik” ekimenaren testuinguruan sortu neban, aldarriari jarraipen bat emon nahian. “Gernika bizi bat ospatzen” deitzen da kartela, jendez beteriko herri bizi bat. Irudikatu nahi baineban. Horretarako jaietako momentu ezberdinen artxiboko irudiak erabili nebazan. Lehen planoan kanpotik ikusten dena dago; Buruhandiak, goitikbeherak… Hondoan guzti hori sostengatzen dauena; jendea
Kartelaz gain, zinemagintzan eta antzerkigintzan be bazabiltzaz sartuta (Becoming Capa, Haziak, Itzal(iko) Bagina…). Nola uztartzen dozuz ikus-entzunezkoen mundu hori eta kartelgintza lako diseinu grafikoagoa?
Nik sorkuntza osotasunean ideiak azaleratzeko tresna bezala ulertzen dut. Beraz, edukiari hoberen doakion forma aurkitzen saiatzen naz; batzuetan kartelgintza da, besteetan zinema eta batzuetan antzerkia.
Jaietako kartel bat egiteak erantzukizun handia dauka, herri oso baten ispilu delako. Zein izan da kartel honegaz gernikarrei helarazi gura izan deutsezun mezu edo sentimendu nagusia?
Inposatu nahi dauskuen postal herri turistifikatuaren aurka egin nahi neban, herri bete eta bizi bat erakutsiz. Jaiak herriarentzako elkargunea izan behar dira, baina urtean zehar herri hori bizirik mantendu behar da.
Sorkuntza digitalaren eta sare sozialen garaian, zelan uste dozu aldatu dela kartelgintza tradizionala herriko jaiak sustatzeko orduan?
Inteligentzia artifiziala bete betean sartu da sorkuntzaren munduan. Geroz eta kartel gehiago sortzen dira horrela, eta nabaritu egiten da; homogeneotasun bat orokortzen ari da. Hori ekidite aldera, jaietako kartel lehiaketa askotan inteligentzia artifizialaren erabilpenaren inguruko baldintzak gehitzen ari dira eta ondo iruditzen jat.
Zure beste pasino handi bat bertsolaritza da, lehen hezkuntzan hasi zinanetik eta Lilibertso zein Durangoko bertso eskolan ibilita. Bertsoak ematen deutsun bat-batekotasunak laguntzen al dau sorkuntza artistikoaren beste alorretan?
Bat-batekotasunaz gain, bertsoak gauza asko emon daustaz: gauzei beste buelta bat emoteko ohitura, errealitatearekiko sentsibilitate desberdin bat garatzeko aukera, ideiei forma emoteko tresnak eraikitzen lagundu daust, eta perfekzioari pisua kentzen irakatsi daust . Oraindik ere oso perfekzionista naz, baina orain badakit zerbait aurkezteko ez dela zertan “perfektua” izan behar, eta horri esker bidali neban jaietako kartela ere.
2023an parte hartu zenduan lehenengoz Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Zelako esperientzia izan zan gernikar batentzat txapelketa nagusi horretan bertsotan egitea?
Oso oroitzapen polita daukat. Nire lagunekin batera hartu neban parte, eta gehienak udaberrikotik udazkeneko fasera pasatu ginenean ezin sinetsirik egon ginen. Oso gazteak ginen, baina motibatuta pasa genduen uda entrenatzen.
Emakume gazte eta sortzailea izanda, zelan ikusten dozu gaur egungo gazteon eta emakumeon egoera Busturialdeko kultur eszenan? Espazio nahikorik badago zuentzako?
Espazioa hartzen ari garela esango neuke. Bertsotan badaukaguz Onintza Enbeita bezalako erreferenteak eta nire atzetik ere badator erreleboa. Eider Fernandez eta Helen Yerga bermeotarrek laster pasa behar nabe. Oraindik ere lan asko dago egiteko, baina lortutakoa ospatzea ere ondo dago noizbehinka.
Unibertsitateko errealitetetik abiatuta proiektu askotan hartu dozu parte. Zein neurritan laguntzen dau ikasketa garai horrek gero herri mailako kultur ekimenetan aplikatzeko tresnak lortzen?
Nik unibertsitatean baino herri mailan garatu dodaz kultur ekimenetan aplikatzeko tresnak; izan bertso eskolan bertsotan eginez edo asanbladan kartelak egiten ikasiz. Unibertsitatean gerora, jakintza hori beste ikasle batzuekin gurutzatu ahal izan dot.
Zure ibilbidea ikusita, argi dago askotariko diziplinak ikutzea gustatzen jatzula. Badaukazu buruan zinema zein ikus-entzunezkoen alorreko hurrengo proiekturen bat?
Bai, orain telesail baten garapenean ari naz lanean. Laboa deitzen da eta Leioako fakultatean kokatutako sei istorio labur kontatuko dauskuz, gazteen perspektibatik eta gazteentzako kontatuta. Garapeneko laguntza jaso dogu eta hurrengo fasea produkziorakoak lotzea da.
Gernikako jaiek badaukie zerbait berezia eskualde osoan. Zuretzat, pertsonalki, zein da jaietako momenturik kuttunena edo galdu ezin dena?
Txosnako txandak ezin direla galdu esango neuke. Kuadrillakoekin ondo pasatzeko une bat izan ahal dira eta gainera herriari ekarpena egiteko era bat ere badira. Jendearen borondate eta lan militante gabe ez zen jairik egongo, beraz, jendea horretara animatuko neuke. Gainera, ondo pasatuko dute seguru!
+ 10
Mendia ala hondartza?
Mendia.
Abesti bat?
Anariren edozein.
Bertso bat botatzeko lekurik onena?
Dutxa.
Diseinurako kolore bat?
Gorria.
Janari bat jaietan indarrak berreskuratzeko?
Makarroiak tomatearekin.
Zine zuzendari bat eredu moduan?
Wong Kar Wai.
Parrandarako ala lanerako goiztiarra?
Lanerako.
Kamara ala ordenagailua?
Ordenagailua.
Amets bat sormen munduan?
Nire borrokei ekarpena egingo dautsien artea egitea.
Gernika hitza hiru berbatara mugatuta?
Lagunak, etxea eta bizitasuna.



