“Zesta-puntak bete egiten dau Jai Alai; ba geuk be bete egingo dogu azaroaren 7an”

Martxan da 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, bertsolaritzari lotutako ekitaldirik handiena eta jentetsuena. Finala Iruñean izango da abenduaren 20an eta aurretik, azaroaren 7an, Gernikan be egingo dau geldialdia txapeketak: finalaurrekoetako saio bat jokatuko da Jai Alai frontoian. Oholtzan kantuan izango dira Aitor Mendiluze, Agin Laburu, Ane Labaka, Aitor Bizkarra, Joanes Illarregi eta Aner Peritz, Igor Menika gai-jartzailearen esanetara. Euskal Herriko Txapelketako antolakuntzan dabil Ander Elortegi, txapelketako lehendakaritzako kidea danez gero. Horrezaz gan, Lilibertsoko kide eta eragile da eta, hortaz, urduritasunez zein ilusinoz bizi ditu Gernikako saioaren aurreko egunak.

Abenduko finalera bitartean, txapelketaren antolakuntzan buru-belarri sartuta ibiliko zara. Zelan bizi dozu barrutik?

Irailetik abendura gure mundua paralizau egiten dala esan geinke. Bertsozale Elkarte guztia honetara jarten da, langile guztiak, eta emoten dau besterik ez dala existiduten. Arduratik eta ilusinotik bizi dot nik, gogotsu.

Zenbat denpora lehenago hasten zarie txapelketa antolatzen?

Urte bateko finala amaitu eta orduantxe hasten garela hurrengoan pentsetan, halan esaten dogu guk. Baina, berez, aurreko urtean-edo hasten gara, gure langileak hasten dira herrietako teknikariakaz kontaktuan, txapelketak izango dituan saioak modu geografikoan kokatzeko. Frontoi txikietatik Nafarroa Arenako areto erraldoira, tamainu ugaritako lekuak lotu behar dira eta bakotxaren soinu-baldintzak, autobabeserako plana eta abar aztertu behar dira.

Zelan banatzen dozue antolakuntzako lana?

Batzordeak egoten dira: bertsogintzakoa arduratzen da bertsolari, epaile eta gai-jartzaileen beharrizanez; ekoizpenekoa gehienbat logistikaren inguruan ibilten da; eta lehendakaritza taldea be badago, guztiak ondo funtzionau deian, engranaje guztiak ondo dabizala begiratzen dauena. Beste batzorde bat komunikazinokoa da, saio guztien publizidadea, kronikak eta halakoak lantzeko. Astero-astero alkartzen gara talde motorrekoak batzorde guztiak koordinetako.

Txapelketa aurrera eroateko, boluntarioen lana ezinbestekoa da, ezta?

Soldatapeko langile barik ezinezkoa izango litzateke hau guztia antolatzea, baina beharginen eta borondatezko sarearen arteko lotura ezinbestekoa da. Urteetan eraiki dogun sarea da, Euskal Herrian eredugarria da. Saioetan, esaterako, peto gorriak famatuak dira, hareek arduratzen diralako sarreren kontrolaz, bertsolariei laguntzeaz, montajeaz… Jagon behar dogun zeozer da, gaur egun militantziaren krisia dagoala esaten da eta, beraz, boluntarioak mimau egin behar doguz.

Aurten, Txapelketa Nagusia barik, Euskal Herriko Txapelketa izena hobetsi dozue. Zertara dator aldaketa?

Bertsozale Elkarteak badauka nazino ikuspegian fokua jarrita, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan eragiten dogu. Horregatik, Euskal Herriaren izena agertzea garrantzitsua da lurraldetasunari begira.

Bertsolaritzaren erakustoki nagusitzat joten da Bertsolari Txapelketa. Lehia erdigunean egoteak ze gogoeta eragiten deutsue?

Hori eztabaida eternoa da, azken batean disziplina artistikoa dalako bertsolaritza eta arte hori puntuau ete leitekean beti egongo da zalantza, zer dakarren nota bat ipini beharrak. Dana dala, txapelketen bitarteko lau urteetan bertsolaritza plazetan bizirik dago, gehienak lehia bako hitzorduak izaten dira. Beharbada, txapelketak plus moduko bat gehitzen deutso, badakigu gizartea lehia zalea dala, eta jente gehiagogana heltzeko balio dabe txapelketek, bai Euskal Herrikoak eta baita herrialdeetakoek be. Plaza normal batera hurreratzen ez dan jente bat lehiara etorten da eta publiko gehiago erakartea positiboa da. Bertsolarien ikuspegitik, eurak asko prestatzen dira txapelketarako eta sasoi honetan igarten da topera dagozala, gauza barri eta politak ikusten dira.

Gaur-gaurko kezkak eta gizartean dagozan ardurak lantzen ditue bertsolariek txapelketan eta gai-jartzaileek be halako gaien alde egiten dabe.

Azkenengo urteetan lan itzela egin da alderdi horretan, gai-jartzaileen talde handi bat dago eta gaur egun gizartean dagozan gaiak oholtzara ekartea eta bertsolariei lana erraztea da euren ardura. Bertsolariak esateko daukana jentaurrera eroateko tresna bat da gaia. Pilo bat bilera egiten dabez gai-jartzaleek txapelketaren kontura, gai bakotxa ondo-ondo zehazteko, esaldi eta koma bakotxa begiratuta, bertsolariak ahalik eta argien izan deian gaia. Fokua bertsolariakan ipinten dogu, baina gai-jartzaileak sekulako ardura dauka.

Euskerari be, hizkuntza gitxitua dan ezkero, mesede egiten deutso txapelketak daukan dimensino zabalak?

Bertsolaritza eta euskera lotuta dagoz ezinbestean eta bertsoa tresna da hizkuntzari arnasa emoteko. Txapelketa, eta batez be finala, horren guztiaren ginda da, daukan oihartzuna itzela dalako. Pentsau, Donostiako Zinemaldian Werner Herzog alemaniarrak bertsolaritza aitatu dau. Ganera, txapelketa heltzen da euskera horren presente ez dagoan eremuetara be, eta halako herrietan be kapaz gara aretoak beteteko, inguruko euskaltzaleak batzeko, arnasa modukoa da.

Finala barriro egingo dozue Iruñeko Nafarroa Arenan. Hortaz, aurreko edizinoko esperientziagaz gustura geratu zineen?

Finala Donostian egiten zan hasieran eta, Barakaldora eroan genduanean, euskeraren erdigunetik atera genduan, apustu handia egin zan eta garaipen handia izan zan aretoa betetea, BECek daukan tamainuagaz. Jente askok uste dau Barakaldo gure mugetatik kanpo dagoala, baina sarrera guztiak saldu genduzan, Barakaldo Euskal Herrian dagoala eta bertan euskaldunak bizi dirala aldarrikatu genduan. 2022ko edizinoan, finala Iruñera eroanda, beste pausu bat egin genduan lurraldetasunaren inguruan. Askotan fokua EAEko hiru probintzietan jarten dogu eta Nafarroara zabaltzea apustua izan zan. Harrotasuna emoten deusku Iruñean be sarrera guztiak saltzen dirala ikusteak.

Aurreko urteetako finaletara atzerriko ikerlariak eta hizkuntza gitxituetako ordezkariak etorri izan dira. Aurten be halan izango da?

Bai, finalak mundu guztian daukan oihartzuna ikusita, gonbidapenak bialtzen jakez hizkuntza gitxituak ikertzen dabizanei. Eurentzat terraza moduko bat atontzen dogu, momentuko itzulpenagaz. Aberatsa da jente hori etortea geurea ikertzen eta zabalkundea emoten. Milaka entzule hain engantxauta ikustea harrigarria egiten jake eta bertsolariak bertsoa pentsetan dagozan bitartean sortzen dan isiltasuna be deigarri egiten jake, 15.000 persona errespetuz isil-isilik egotea ez dozu beste ekitaldi edo kontzertuetan ikusten.

Azaroaren 7an finalaurrekoa jokatuko da Gernikako Jai Alain. Lilibertsoko kidea zara zu, zer esan gura dau halako ekitaldi bat bertora etorteak?

Hasteko, poz itzela eta harrotasuna da geure herrian Euskal Herriko Txapelketa egotea, ganera finalaurrekoa, eta Jai Alain, leku historiko batean. Gaur egun modan dago Jai Alai, zesta-puntak bete egiten dau; ba geuk be bete egingo dogu azaroaren 7an. Bertso-eskolako partaide guztiok ibiliko gara aurreko egunetik gora eta behera, dana preparetan, dana ondo joan daiten.

Lilibertso bete-betean ibiliko da hitzordu hori antolatzen. Herriko beste eragileen laguntasuna be izango dozue?

Lilibertso bera be, berez, sare moduko bat da. Bertsotan egin ez arren, zeozer antolatu behar danean hurreratzen jakuzan lagunak doguz eta oraingoan be prest dagoz laguntzeko. Inguruko herrietan bertso saioak antolatzen ibilten diranek be laguntzeko gogoa agertzen dabe halako momentuetan, talde polit bat batuko gara. Bestetik, esan behar dot epaileen taldean Lilibertsoko kide bat dagoala, Ander [Arrien] eta, hain zuzen be, Gernikako saioan epaileetako bat izatea egokitu jako.

Txapelketako finalaurreko bat Gernikara etortea bultzada izango da Busturialdeko bertsolaritzarentzat?

Txapelketa dagoan urteetan igarten da plus moduko bat. Esate baterako, Urriko Azken Astelehenaren bezperako domekan Lizeoan antolatzen dogu saio bat eta txapelketa urtea danean, Euskal Herrikoa zein Bizkaikoa izan, sarrerak bizkorrago saltzen dira. Bestetik, ikastetxeetan gabiz gu lanean bertsolaritza ezagutarazoten eta gaztetxuak aktibau egiten dira txapelketagaz, azkenean lehia mundu guztiari gustetan jako. Ni hainbat ikastetxetan nabil bertsolaritza lantzen eta astero-astero galdetzen deuste asteburuan nork irabazi dauen, nor sailkatu dan… Aurrekoan San Fidelekoei esan neutsen ganbarako ariketan bertsolariak ikastolako areto batera eroango doguzala eta umeek miresmenez entzun eben hori.

Igaz Aitor Etxebarriazarraga gernikarra Bizkaiko txapeldun izan zan, Onintza Enbeita muxikarra bigarren; azaroan Euskal Herriko Txapelketa Jai Alaira etorriko da. Une gozoan dago bertsolaritza Busturialdean?

Aspalditik egon dira bertsolari onak eskualdean, enbeitatarrak eta lopategitarrak adibidez. Baina gero egia da eten moduko bat egon zala eta Bizkaiko Bertsozale Alkarteak, ikastetxeen bidez, bertsolaritza gaztetzeko ekimenari heldu eutsan. Orain, barriro gagoz momentu gozoan. Aitor Etxebarriazarraga zalea zan baina ez eban bertsotan egiten eta, gogoan dot, heldua zala Lilibertsora etorri zala, Ibai Amillategigaz batera, bertsotan hasi gura ebela esanaz eta ea geugaz hasi ahal ziran. Jakina, beso zabalik hartu genduzan eta begira nora heldu dan Aitor. Esan leiteke Busturialdean bertsoa modan dagoala, gaztetzea lortu dogu eta erreferenteak eukitea lagungarria da horretarako. Hemen zesta-punta modan dago, zergatik? Ba, Lekerika eta Barandika goi mailan dagozalako. Ba, bertsotan bardin, Aitor eta Onintza punta-puntan badabiz, gazteek ikusi egiten dabe eta pentsetan dabe eurak be horra heldu leitekezala urte batzuk barru.

Amaitzeko, zer eskatzen dozu Gernikako finalaurrekoko egunerako?

Frontoi bete bat ikusi gura neuke, Euskal Herri guztitik etorriko dan publiko horren artean ezagun asko ikustea, hemen bertsozale fin asko daukaguzalako. Logistikaren aldetik, espero dot dana ondo-ondo urtetea, ze gogoan dot orain dala urte batzuk, ez dakit Bizkaiko ala Euskal Herriko txapelketa batean zan, argia joan egin zala eta ordu erdi berandu hasi ginala. Halako sustorik ez, mesedez. Eta saio polita izan daitela, oholtzan egongo diran sei bertsolariek gustura urtetea saiotik. Jai Alai zarratzen dogunean esan daigula ‘goazen ospatzera!’.