Korrika hurbiltzen ari da eta Busturialdean motorrak berotuko dabez euskararen aldeko jaiari harrera onena egiteko.
Gaur, martiak 25 ekintzak egongo dira hainbat herritan, giroa goizetik iluntzera arte mantentzeko.
Bermeon hasiko dabe jaia goizeko 10:30ean Korrika Txikiagaz; Artza frontoitik Lamera parkera joango dira umeak eta, ostean, Motx pailazoaren emanaldiagaz ondo pasatzeko aukera egongo da. Arratsaldean, 18:00etan, karaoke ibiltaria ibiliko da Lameratik (euria bada, Taraskan). Baina jaiak ez dau etenik izango, martxoaren 26ko goizaldean, 04:00etatik 08:00etara, Korrika gosaria prestatu dabe-eta Kabidxen indarrak hartzeko.
Foruan be gaztetxoenek daukie hitzordua: 17:30etik 19:00etara 3 eta 12 urte bitartekoentzako eskulan tailerra egongo da J.M. Torrealdai Kultur Etxean, Korrikarako dena prest izateko (gogoratu izena emoteko epemuga gaur dela!). Ibarrangelun be tailer bera egingo dabe 17:00etan kultur etxean, eta 18:00etan Korrika Txikia urtengo da frontoitik Elizaldera, amaieran mokadu gozo bat jateko.
Gautegiz Arteagan arratsaldeko 17:00etan hasiko dira petoak eta pankartak prestatzen plazan. Gero, 18:15ean, Korrika Txikia eta txokolate jana egongo dira, eta eguna amaitzeko, 20:30ean, musika eta afaria antolatu dabe (nork bere janaria eroan behar dau).
Gernika-Lumok egitarau benetan potoloa dakar. San Fidel Ikastolaren 125. urteurrena ospatzeko, 17:15ean Korrika Eguna egingo dabe Pasealekuan tailer eta DJ Xaiborregaz. Iluntzean, 19:30ean, herri kirolak eta jolasak egongo dira Astran, herriko hainbat taldek antolatuta. Gauak be indar handia hartuko dau: 21:00etan afaria egongo da gaztetxean Egurrek antolatuta, eta 21:30ean Astran afaria eta bingo musikatua. Musika zaleek aukera zabala izango dabe: Astran Taixuz eta Gorriontxu eta Laztana taldeak arituko dira, eta gaztetxean, 22:30ean, Bostaxolapotx. Goizaldean, Korrika heldu aurretik, Zumba saioa eta beroketak egingo ditue Astran, gorputzak prest egoteko.
Eskualde osoa dago gertu lekukoa hartzeko eta euskara ozen aldarrikatzeko. Ez geratu etxean eta batu goizaldeko martxara!
IBILBIDEAREN ORDUTEGIAK
Ea: 1:56
Ibarrangelu: 2:02
Gautegiz-Arteaga: 2:30
Gernika-Lumo: 3:17
Murueta: 4:10
Mundaka: 4:50
Bermeo: 5:06





