110.000 lagun inguru batu dira Gernika-Lumoko Azken Astelehenean

Eguraldi onagaz batera, jende ugari hurbildu da gaurkoan Gernika-Lumora, nekazaritza zein abeltzain arloko Euskal Herriko azokarik garrantzitsuenetako batera. Guztira, 110.000 bisitari inguru bildu dira kaleetan zehar, ekoizleen, artisauen zein jai giroaren inguruan.

Jardunaldiko momenturik urdurien eta itxaropen handienekoa formatu tradizionaleko gazta enkante solidarioan bizi izan da. Bigarren saria lortu dauan gazta atala Zurekin Bus enpresak erosi dau 800 euroren truke. Azkenik, gazta irabazleagatik 4.200 euro ordaindu dau Bermeoko Taberna Eguzki ospetsuak. Enkantean bildutako diru kopuru osoa Gernika-Lumoko Calzada Egoitza Fundazioari bideratuko jako.

Azkarra baserriak irabazi dau gazta txapelketa

Gazta lehiaketaren atalean, Azkarra ekoizleak eroan dau lehenengo saria. Bigarren postuan Ricardo Remiro geratu da eta hirugarrena, barriz, Mausitxarentzat izan da. Sarien banaketan azokako kategoria desberdinetako ekoizle nagusiak be aintzatetsi dabez.

Ezti txapelketan, lehen saria Baskones Eztiak lortu dau. Txakolinaren atalean, Erdikoetxe bilakatu da nagusi beltz zein gorrien modalitateetan, eta Magalarte Zamudio berriz, txakolin zurien atalean.

Barazki eta ortuko produktuen saria Bihotz Atxatu Baserriarentzat izan da eta Urtza Sarrionandiak ematzaile lehen saria eskuratu dau fruta kategorian. Azkenik, lore eta landareen erakusketan Ortuberrik eraman dau garaikurra.

Beste urte batez, 110.000 bisitari inguru elkartuz eta tradizioa zein elkartasuna buztartuz, Azken Astelehenak agur esan dautso edizio barri honi, lehen sektoreko ekoizleen lana balioan jarriz eta Gernika-Lumon hitzordu hau bizirik mantentzen daben guztien konpromisoa sendotuz.