23 gazte ari dira uda honetan Muxikako bide zaharrak berreskuratzeko lanetan

Udako oporrak atseden hartzeko baino, gure natura eta ondarea zaindu eta biziberritzeko aprobetxatu nahi izan dabe hainbat gaztek. Euskadi osoan 200 gazte inguru parte hartzen ari dira Eusko Jaurlaritzak antolatutako auzolandegietan, eta horietako bat Muxikan kokatuta dago erabat.

Uztaileko lehenengo txandak arrakasta handia izanda gero, abuztuan zehar beste txanda bat martxan jarri da Muxikan. Guztira, 18 eta 26 urte bitarteko 23 gazte elkartu dira Muxikako inguruetan, helburu argi bategaz: herriko antzinako oinezkoen bideak garbitzea, berreskuratzea eta bide-seinale berriekaz atontzea.

Auzolandegi honek herriko ondare historikoa zein naturala balioan jarri nahi dau, eta aldi berean, landa-eremuaren eta bertako ingurumenaren zainketa bultzatzen dau. Lanak goizez egiten dabez parte-hartzaileek; arratsaldeak, ostera, Busturialdea ezagutzeko, kultura-ekintzetan parte hartzeko eta herritarrakaz harremanak ereiteko erabiltzen dabez.

Guztira, Euskadi mailako auzolandegietan 194 gaztek emon dabe izena aurten (63 bertakoak eta 131 Euskal Herritik kanpokoak). Muxikako saio hau adibide garbia da erakusteko nola elkartu ahal dan gazteen gizarte-konpromisoa eta gure bailararen balioa.

Adrian Lopez Gazteria zuzendariak azpimarratu dauenez, horrelako ekimenek komunitatea indartzen dabe eta gazteei landa-eremuaren eta ingurumenaren zainketaren garrantzia hurbiletik bizitzeko aukera ematen deutse.