Orain dala sei hamarkada musikari heltzea erabaki ebanetik, euskal kantagintzearen ikono nagusietako bat izan da Benito Lertxundi; euskaldunon gogoan iltzatuta geratu diren dozenaka abestiren egilea, zaleek maitatua eta atzetik etorri diren artistentzako eredua. 2023ko azaroan Gernika-Lumoko Jai Alain emon eban kontzertu hunkigarriaren grabazinoa plazaratuta, erretiroa hartu dau. Gernika-Lumoko Haziberri alkarteagaz lankidetzan argitaratu dau agur esateko diskoa, CD eta binilo formatuetan, Benito Lertxundi. Gernika kontzertuan izenburupean. Hor topauko doguz azken hamarkadetako kantu ezagun ugari, baita orain arte argitaratu bako Ez nabil ezeren bila be.
Orio jaioterrian egin deusku harrera Benito Lertxundik, musikan zein bizitzan bidelagun daben Olatz Zugastigaz batera. Kontau deuskunez, jenteak beti emon deutson maitasuna bihotzez eskertzen dau, baina publikoaren hunkiduragaz bat ez etorren sentsazino garratza sentitzen hasia zan azken kontzertuetan. Jai Alaikoan be halan sentidu zan eta orduantxe erabaki eban bere ibilpidea amaitzea, horren barri urtebete geroago emon daben arren.
Zaleek pena handiz hartu dabe zure iragarpena. Zuk nola bizi izan dozu?
Duela urtebete inguru hartu neban erabakia, baina ingurukoei esan neutsen ez kontetako, xume-xume amaitu nahi nebalako. Kontua da, gero, diskoa egiteko aukeragaz topo egin nebala; ez zan ezer aurreikusia izan, baina normalean kontzertuak grabau egiten doguz, nondik nora gabilzan jakiteko, eta entzun nebanean pentsau neban, apur bat landu ezkero, han baegoala disko bat, akaso. Azaroan diskoa aurkeztu genduanean, jentaurrean esan neban zuzenekoak itxiko nebazala, eta espero neban zaleek horretaz berba egingo ebela, baina ez hainbesteko eztanda eragingo ebanik! Niretzat sorpresea izan da. ETBn egin eustien saio berezia ikusten nengoala hauxe pentsau neban: hil egin banintz legez berba egiten ebela nitaz!
Zerk pentsarazi deutsu ordua dala zure ibilpidea amaitzeko?
Pandemiagaz batera hasi zan ideia hori gorputza hartzen. Orduan egin neban neure azken kantua: Ez nabil ezeren bila. Hor be tatarrez etorri jatazan azkenaldiko bizipenak. Halako baten, jentea mobitzen hasi zan, kontzertuak egin behar zirela aforo murriztuagaz, baina nik ez neban nahi, atzeratzen aritu nintzen, gero eta gogo gitxiago neukalako bueltetako, aldapa gora egiten jatan. Baina bueltau nintzen eta pare bat urte egin dodaz guztiz gustura sentidu barik, Gernika-Lumoko kantaldira heldu arte. Erabakia han hartu neban, barrukoari kasu egitea erabaki neban.
Aitatu izan dozu Gernika-Lumoko kantaldian ez zinela eroso aritu.
Giroa hunkigarria izan zan, baina nik ez neban behin be sentidu egun hartan egiten ari nintzen lanagatik izan zanik. Giroari toketan jakon mailan ez nintzen sentidu eta amorrua emon eustan horrek, zorretan joan nintzen etxera. Gero, egia da hain txarto be ez nintzela aritu, diskoa be atera dogu handik.
Haziberri alkarteak konbidauta etorri zinen Gernika-Lumora eta diskoa be eurekaz lankidetzan argitaratu dozu. Lotura estua egin dozu Haziberrikoakaz?
Hasieran aire zabalean kantetea proposatu eustien, baina nik ez neban nahi. Esan neutsen kontzertuak egiteko leku zoragarri bat badagoela Gernika-Lumon, katedral bat. Oso kimika ona daukat Haziberrikoakaz, jente berezia dira, kasta onekoak.
Zuzeneko diskoan 29 kantu sartu dozuz. Ibilpide emankorra izan da zurea.
Zorte ona izan dot, ondo pasau dot. Dan modukoa da gure herri hau eta hori izan da nire elikadura kantuak sortzeko orduan. Herriaren izaeraren historiaren zipriztinek busti nabe eta hortik sortu da bizitzeko modu bat, harrobi ona topau dot hor kantuak egiteko. Kantu bat egiteko, lehenengo sentidu behar dot zer edo zer, emozinoren bat, hortik abiatzeko.
Zerk bultzatu zintun musikaren bidea hartzera?
Betidanik gustau izan jat musika, baina umetan jolas moduan bizi neban gehiago, elizako koruan eta. Nerabe nintzela, bazan gizon bat musikari autodidakta eta erlojugilea zana, gizon karismatikoa zan eta harengana hurbildu nintzen. Halan hasi nintzen erloju-dendan. Behin etorri jatan laute bategaz, ia zer egin neikean; ni ordura arte eskuetan kitarra bat hartu bakoa nintzen. Irratian entzuten nebazan kantak joten eta euskeraz kantetan hasi nintzen: The Shadows, Elvis… Azkenean, kitarra elektrikoa eta anplifikagailua erosi eta hasi nintzen zaratea ataraten.
Ez Dok Amairun zelan hasi zinen?
Egunkari batek artista gazteentzako sariketa antolatu eban. Pozik aritzen nintzen musika joten, baina jentaurrean urduri, bi valium hartzen nebazan oholtzan agertzeko, ez dakit bizirik zelan nagoen be! Baina, sariketaren kontura, egunkarian letra handietan atara eben bazala oriotar gazte bat euskeraz abesten ebana, en vascuence jarri eben eurek. Behin, Mikel Laboak deitu eustan telefonoz, egunkarian ikusi ninduelako. Esan eustan euskeraz kantetan eban jentearen bila ebilela, bilerak egiten ebilzela. Joan nintzen hareetako batera, Donostiako Kursaal zaharrean, eta han ez zan Laboa egon, baina Artze anaiak ikusi nebazan, Julen Lekuona… Bilera gehiago egin ziren eta apurka sortu gendun Ez Dok Amairu.
Hasieran oholtza gainean urduri egoten zinen. Gerora nun ibili zara gustorago, kantuak sortzen ala kontzertuetan?
Niretzat momenturik hunkigarrienak dira kantuak sortzen nagoenean, etxean bakarrik, argitxu bat biztuta, ia ilunpetan. Kantuaren pasarte batek ikutzen nabenean, sentidutako txitximur hori gozoa egin jat beti. Ondoren, kantua amaitu eta entsaiatzen hasi ahala, hunkidura hori gastetan legez doa. Azkenik, agertokiak bi gauza konbinetan dauz: batetik, han agertzeko ezinbestekoa dan gasolina, egoak eskatzen dabezan estimuluak, txaloak. Ni suerte onekoa izan naz alde horretatik. Bestetik, han egotearen bertigoa be badago. Azkenaldian baina egoaren parte hori asko jaitsi jat, erridikulu be sentidu naz, eta estimulu hori desagertzen danean bertigoa baino ez da geratzen.
Zuberoako tradizinoan oinarritu zara sarri, zer topau zendun han?
Gu hasi ginenean ez egoan askorik, bertsolariak, koruak eta kitto. Gure erreferentziak gehiago ziren Estatu Batuetakoak, protesta kantuak. Ez Dok Amairuren barruan pentsau gendun bertoko ereduak be behar genduzala, eta kantu zaharrak aztertzen hasi ginen: Iparraldeko kantutegiak, Azkuerenak, Aita Donostiarenak… Tartean eskuratu neban Orhiko kantariak izeneko LPa, han entzun nebazan lehenengo bider zuberotarrak. Uda batez hamabostaldi bat pasau neban han eta deskubridu neban zer egoan, pastoral bat be ikusi neban. Maiteminduta bueltau nintzen, eta dei hari erantzun behar neutsala pentsau neban.
Oriokoa zarenez gero, itsasoak be badauka leku zabala zure kantutegian.
Bai, eta, halanda be, askotan entzun behar izan dot itsasoa ez dodala asko aitatzen; batzuek inpresino hori eukien, batez be, lehen. Beti Orbaitzeta, Baldorba, Zuberoa eta halakoakaz nenbilela. Beharbada, hasieran exotismoa Euskal Herriko barnealdean topau nebalako.
Beti abestu dozu euskeraz.
Euskal izate horretan, euskotar, herritar, oriotar egiten gaituen gai nabarmena da hizkuntzea. Pentsetako modua baldintzatzen deutsu hizkuntzeak. Erloju-dendan Elvisen kantuak egokitzen hasi nintzenean, konturatu nintzen jatorrizkotik hurbilago egoala euskeraz egin ezkero erderaz baino, berezkoagoa zalako. Orain, batzutan pentsetan dot zer izango ete litxakezan nire kantuak euskeraz izan ez balira. Ba, akaso, existitu be ez litxakez egingo, oso lotuak dagoz euskerari.
Euskal abestirik maiteenen artean dagoz zuk sortutako asko. Sentipena dozu zeureak izateari itxi eta danonak bihurtu direla?
Zeozelan esanda, niri kantuak kendu be egin deustiez! Adibide bat baino gehiago daukat. Esaterako, jente askok uste dau Erribera ez dala nirea, kantu tradizionala dala. Behin, Orion nenbilela, gazte bat hurreratu jatan eta kontau eustan Baztandarren Biltzarrean egon barria zala eta han entzun ebala Erribera-ren bertsino jatorra, diferentea, napar batek kantaua. Hari zelan esango neutsan jatorrizko bertsinoa, izatez, neurea dala! Beste behin, nire arrebeak koru batean kantau behar eban eta, Erribera-ren partitura banandu ebenean, nirea zala aitatu eban pozik. Erantzun eutsen ezetz, nik kantua interpretetan nebala baina ez zala neuk sortua. Zalantza be sartu jakon arrebeari, deitu egin eustan badaezpada! Zuberoako kantaldi batean, danon artean Matalaz kantetako entsegua egiten genbilzala esan eustien nik ez nebala ondo egiten, ez ekien kantua neurea zanik eta eurek esandako moduan abestu gendun. Herriak beretzat hartu dauz kantu batzuk, baina gauzak halan izaten dira, polita da.
Sei hamarkadako ibilpidea amaituta, etorkizunari zelan helduko deutsazu?
Zorionez, nik ikasi dot orain bizi behar dala momentuz momentu. Horregatik, ez dot programatu nahi egitasmorik. Momentuan zelan nagoen, zer sentipen daukadazan, horixe begiratuko dot. Kantu bat egitea bururatzen jatala? Ba hari horri tira egingo deutsat. Baina biharko eta etzirako galdetu ezkero, ez dakit. Orainak emoten deust askatasuna eta askatasuna baino ezer aberatsagorik ez dot ezagutzen.





