Euskadiko Kirol Portuak erakundeak beste bi zaintzaile gehiago jarri dauz Mundakan, seinale barriak ipini dauz eta Ertzaintzagaz koordinazinoa estutu dau. Erabagi hau Santa Katalina inguruan bainulari kopuruak gora egin dauelako hartu da, portuko segurtasuna eta txalupen jabeen bakea bermatzeko asmoz.
Azken asteotan hauteman denez, jende asko ainguratutako ontzietara igotzen da uretara jauzi egiteko. Portutik azaldu dabenez, jokabide honeek kalteak eragin dabez ontzietan, jabeen artean kexak sortuz eta eremu portuarioan arriskua biderkatuz.
Neurri zehatzak: zaintzaile gehiago eta oztopoak
Egoereari aurre egiteko, Euskadiko Kirol Portuak erakundeak hainbat pauso emon dauz jadanik:
-
Zaintzaile gehiago: Asteburu honetatik aurrera, ohiko lan-taldeari beste bi zaintzaile gehiago batu jakoz jende gehien batzen dan orduetan.
-
Seinalizazino barria: Bainatzea debekatuta dagoela gogoratzen daben kartelak barriztu eta leku ikusgarrietan jarri dira.
-
Oztopo fisikoak: Portuko gune batzuetan kateak eta neurri disuasorioak ipini dabez urari jauzi egiteko ohi erabiltzen diran lekuak ixteko.
“Portuak nabigazinorako eta itsas jarduerarako azpiegiturak dira. Kostaldeaz gozatzea eta instalazioak zein ontziak errespetatzea bateragarri egin behar dogu, pertsonen segurtasuna uneoro bermatuz”, nabarmendu dau Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak.
Koordinazinoa Gernikako Ertzaintzagaz
Poliziaren presentzia be sendotuko da. Horretarako, bilera bat egin dabe Gernikako ertzain-etxeko arduradunakaz, jende gehien batzen dan egunetan —batez be asteburu zein jaiegunetan, itsasgora arratsaldez danean— ingurua gehiago zaintzeko.
Uda beroek eta tenperatura altuek bainulari gehiago erakarri dabez Busturialdeko portuetara. Hala be, Jaurlaritzatik gogorarazi gura dabe portua lanerako eta nabigazinorako lekua dela, eta denon arteko elkarbizitza zein segurtasuna lortzea dela neurri barri hauen helburu nagusia.



