Datorren udarako ia 530 amarraleku egongo dira erabilgarri Bermeoko portuan

Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Kirol Portuak (EKP) erakundearen bidez, 2,67 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egingo dau Bermeon. Aste honetan lizitatuko dira Artzako pantalanen eremu barria eraikitzeko lanak, eta helburu nagusia argia da: portua modernizatzea, zerbitzu hobeak eskaintzea eta Bizkaiko aisialdiko nabigazioaren erreferente nagusi gisa sendotzea.

Proiektu honi esker, datorren udarako ia 530 amarraleku egongo dira erabilgarri Bermeoko portuan. Gainera, igarobidean dabiltzan ontzientzat bederatzi plaza barri prestatuko dira, gaur egun dagozen seiei batuko jakozenak.

Pantalan barriak eta ontzien berrantolaketa

Artzako eremu barriak portuko atrakalekuak askoz hobeto antolatzea ahalbidetuko dau. Gaur egun Portuzarran eta ainguralekuan dagozen tamaina handiagoko ontziak gune barrira lekualdatuko dabez.

Amarraleku barrien banaketa honela egingo da, gaur egungo eskarira egokitzeko:

  • 8 eta 10 metro bitarteko ontziak: Amarraleku barrien erdiak inguru.

  • 10 eta 12 metro bitarteko ontziak: 16 amarraleku.

  • 12 eta 15 metro bitarteko ontziak: 12 amarraleku.

“Gure portuak modernizatzen jarraitzen dogu, zerbitzu hobeak eskaintzeko, dagoen eskariari erantzuteko eta euskal kostaldearen erakargarritasuna indartzeko. Bermeoko portuaren gaitasuna handituko dogu eta instalazioen kalitatea hobetu”, azaldu dau Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak.

Kapitaintza barria eta Frantxuako kaiaren eraldaketa

Artzako lanak ez dira bakarrik etorriko; Bermeoko portuak eraldaketa sakona biziko dau hurrengo hilabeteetan. EKPk beste milioi bat euro inguru bideratuko dau kapitaintza barria egiteko, bisitarientzako aldagela zein komunak jartzeko eta izotz-fabrika zaharraren ondoko ainguralekua urte osorako egokitzeko. Azken honegaz, portuaren gaitasuna 600 amarralekutik gertu geratuko da.

Gainera, azpiegiturak jasangarriagoak izateko, pantalanetako hornidura-dorreak berrituko dabez, uraren eta argindarren kontsumoa telekontrol bidez optimizatuz.

Cortazar ontziola zaharraren amaiera Frantxuan Albiste nabarmena da, baita be, urte honetako laugarren hiruhilekoan Cortazar ontziola zaharra eraisten hasiko direla Frantxuako kaian. 2017tik abandonatuta egon den eta egoera kaltegarrian dagoen 500 metro koadroko eraikin hau kentzeko 415.000 euro baino gehiago bideratuko dira. Eraispen honek 12 asteko epea izango dau eta ezinbesteko pausoa izango da Frantxuako eremu estrategiko horri erabilera barriak eta bizitza barria emoteko.