“Gustauko jatan urte batzuk barru Elantxoben nesken trainerua izatea”

Zuberoa Egurrola Arriaga / Arraun Lagunak taldeko arraunlaria

Zuberoa Egurrola Elantxobeko arraunlaria da, ezaguna emakumezkoen traineruan egindako ibilbideagatik. Nabarmentzekoa da Arraun Lagunak taldeak fitxau ebala 2025ean, aurretik Hondarribiarentzat lehiatu ostean, eta Euskotren Ligan ostean sendotu zala. Kirolari aktiboa da emakumeen arraunean, eta estropada ugari jokatzen dauz.

Herriko taldean hasi zinen arraunean. Zelan gogoratzen dituzu hasiera horreek? Noz hasi zinen, zenbat urtegaz, eta zergatik arraunean eta ez beste kirol batean?

Bai, ni Elantxoben hasi nintzen arraunean. Gogoratzen dot 7 urte inguru neukazala, portuan korrika eta jolasean gengozala, eta nire aitak – momentu hartan arraun taldeko presidentea zanak – esan euskun nire bi lehengusuei eta hiruroi: “Benga, sartuko gara batel batera?” Holan ikasi gendun arraunean, 7 urtegaz.

Hainbat urte egin zenduzan Deustuko Arraun Taldean. Kontaiguzu esperientzia horri buruz.

Ni arraunean hasi nintzenean, saskibaloian be jokatzen neban, baina 15 urtegaz saskibaloia albo batera iztea erabaki neban eta arraunean zentretea. Urte horretan bertan, Deustutik deitu eustien patroi lanak egiteko. Baietz esan neutsien ia pentsau be egin barik; eta han asko ikasi neban.

2024an Hondarribira saltoa emon zendun. Zelan bizi izan zendun lehenengo mailak eskatzen dauan exijentzia aldaketa hori? Zelan gogoratzen dozu urte hori?

Hondarribik emon eustan aukera lehenengo mailara salto egiteko. Urtarrilean jarri zan nigaz hartu-emonetan entrenatzailea, eta birritan pentsatu barik onartu neban. Ametsa zan niretzat lehenengo mailan egotea, eta aukera hortik heldu jatanean, ez neban zalantzarik izan. Oso eskertuta nago Hondarribigaz; eurak izan ziren nigan konfiantza jarri ebenak pauso hori emoteko.

Ligako txapeldunak ziren Donostiako Arraun Lagunen deia jaso zendun. Zelan gogoratzen dozu momentu hori?

Hondarribiko urte horri esker etorri zan Donostiako Arraun Lagunaken deia. Ligako txapeldunak, daukien taldeagaz… ia ezinezkoa zan ezetz esatea. Etxabek deitu eustanean, gogoan daukat oporretan nengoala; bueltan beragaz berba egiteko aukera izan neban eta ez neban dudarik euki: banekian bai edo bai joango nintzela. Onenak deitzen badotsue, ezin dozu ezetzik esan.

Aurten denboraldi ikaragarria izan dozue: Kontxa eta Euskotren Liga irabazi dozuez eta ligako 12 estropada be bai. Zelan joan da denboraldia eta zein izan da zuen arrakastaren gakoa?

Hasieran gorabehera batzuk izan genduzan; kanpotik presino handia jasoten gendun, jente guztiak esaten ebalako Tolosak irabaziko euskula. Psikologikoki ez gengozan momenturik onenean, eta hori denboraldi hasieran igarri egin zan: jente barria, talde-konfiantza oraindino ez oso landua… Baina gero, abuztuan, taldea benetan egitea lortu gendun. Horri eta entrenamenduei esker, denboraldia aurrera ateratea lortu gendun eta helburuak bete doguz: Liga eta Kontxa irabaztea.

Zer sentitzen da Kontxako bandera lehen aldiz irabaztean?

Liga irabazi gendunean, ez neban sinisten. Negar asko egin neban, ikaragarria izan zan. Taldekideek esaten eustien: “Hemen negar egiten badozu… Kontxan flipauko dozu.” Eta arrazoia euki eben. Kontxako lehenengo jardunaldia amaitu eta irabazi gendunean, portuan sartzerakoan jada negarrez nengoen.

3 bizkaitar zagoze gaur egun Donostiako Arraun Lagunak-en. Momentuz ez dago talde bizkaitarrik Euskotren Ligan. Zein uste dozu izan daitekeela horren arrazoia?

Bai, hiru bizkaitar gagoz taldean: Jule, Lekeitiarra; Mar, Ondarrutarra – nahiz eta orain Donostian bizi-; eta ni, Elantxobetarra. Egia da pena handia dala gaur egun Euskotren Ligan talde bizkaitarrik ez egotea. Guk saiakera egin gendun Deustogaz 2021ean eta 2022an, eta oso hur geratu ginen. Kaiku be hurrengo urtean saiatu zan eta, berak be ez eban lortu. Eta ikusten da gaur egun ligako talde guztiak, bat izan ezik -kantabriarra-, gipuzkoarrak direla.

Nire ustez, nahiko argi dago Bizkaian zer edo zer huts egiten ari dala. Bizkaiko kanterak neskaz beteta dagoz, kriston kalidadea daukien neskak dagoz, eta estatuko txapelketetara be Bizkaiak neska mordoa bialtzen dauz. Beraz, kantera kontua ez da; nik uste dot arazoa ekonomikoa dala.

Zure ustez, aldatu da emakumezkoen arraunaren ikusgarritasuna azken urteotan? Zelan bizi dozu bilakaera hori barrutik?

Bai, nik uste dot emakumezkoen arraunaren ikusgarritasuna asko aldatu dala. Azken urteotan aukera emon deuskue emakumezkoen lehenengo liga handiagoa izateko: lau trainerutatik zortzira pasau gara, eta, horrezaz ganera, nesken arraun maila asko igo da. Prestakuntza bera ere hobetu da.

Eta taldea alde batera itxita, zeintzuk dira zure helburuak kirolari moduan?

Nire arraun taldean esan neban: “Zertarako jarraituko dot sufritzen dana irabazi badot? Jada itxi ahal dot.” Baina egia da arraunlari moduan oraindik gehiago hobetu nahi dodala. Nire markak hobetu, eta denboraldi honetako estropada guztiak egitea da nire helburu pertsonaletako bat. Fisikoki indartu eta nik emon neikeana are gehiago emotea; azken batean, bakotxak nahi dogu geure zatitxua hobetzea taldeak be gehiago hobetu ahal izateko. Momentu honetan, nire helburu pertsonala horixe da.

Zelangoa da arraunlari baten egunerokotasuna? Zelangoak dira entrenamenduak? Txandakatzen dozuez bakarkako eta taldeko entrenamenduak? Gimnasioan asko lantzen dozue?

Nik astelehenetik barikura Elantxobeko taldekideakaz entrenetan dot. Gimnasiora joaten naz, eta astean hiru egunetan entrenamendu aerobikoak egiten dodaz —kardio saioak, korrika egitea eta antzekoak— eta beste 2-3 egunetan pisuekaz entrenetan dogu. Astean egun bat libretan dogu. Uretara urteteari jagokonez, neguan zapatu eta domeketan urteten dogu; uda hurbiltzen danean bariku, zapatu eta domeketan; eta udan, barriz, eguaztenetan be bai, beraz, eguazten, bariku, zapatu eta domeketan ibilten gara itsasoan.

Normalean bakarrik entrenetann dot, eta asteburuetan talde-entrenamenduak egiten doguz Donostian.

Zergaitik da arrauna zuretzat kirol berezi edo bereizgarria?

Nire etxean betidanik egon dan kirola da; txikitatik jarraitu dodan kirola. Nire aita urte askoan izan da Elantxobeko Arraun Taldeko presidentea, eta ni oso txikitatik ibili naz estropadak eta Elantxobeko trainerua ikusten. Azken finean, familiako tradizinoa da: nire aitak egin dau, eta orain aiztak eta biok jarraitzen dogu.