Dena zulo bera zen (Susa) izenburua du Eider Rodriguezen bosgarren ipuin liburuak. Duela zortzi urte argitaratu zuen azkena, Bihotz handiegia, eta ostiral honetan Donostian egin duen aurkezpenean aitortu duenez, gogo handia zuen fikziora eta ipuinetara itzultzeko, hor aurkitzen baitu umetatik bilatzen duena: «Literaturaren indar eraldatzailea eta sorkuntzaren intentsitatea».
Sei ipuin ondu ditu oreretarrak eta bakoitzak bere «mundu eta atmosfera» propioa du. Kanikula da lehenengoa, eta bertan 54 urteko emakume bat da protagonista, bikotekidearekin ohikerian oinarritutako harreman bat duena eta «maitasunaren egia gordinari aurre egin behar diona» kanikularen erdian.
Itsasoak eta hondakinak-en bi neska gazte eta «etxe baten hezurdura» dira protagonistak, adiskidetasuna ardatz dela; Zuloa izenburukoan lana galdu duen emakume bat topatuko dugu; Ahate bihotz izenekoan klase diferentzia azaleratuko da; Urpekaria ipuinean «hezur bat puskatuko duen norbaiten eta hezur hautsi horren arteko dialogoa» dakarkigu, eta Kraterra izenburukoan hilzorian den pertsona baten azken orduen lekuko izango gara.
Idazleak berak azaldu du errelato bakoitzak gabezia batekin duela zerikusia, eta gabezia horren bueltan «jaiotzen, gertatzen eta hiltzen» direla, «fantasmak bizi eta elkartzen diren zulo horren inguruan».