LURPEKO TRENBIDEA

Bele

Bele/2026

Hamalau abestiz osatutako bertsio-diskoa ondu dute Iñigo Etxarrik eta Lide Hernandok, AEBetan barrena egindako bidaia batean. New Yorken hasi eta, Chicagotik igaroz, hau eta New Orleans batzen dituen 61. errepidea zeharkatu dute urtearen hasieran, kultura musikal oparoa ekarri duten hainbat hiritatik igaroz.

Musika horrekiko duten maitasuna adierazi asmoz, hoteletako geletan hamalau bertsio grabatu dituzte, 1930. hamarkadako gitarra bat eta mikrofono bat soilik lagun. Izen handiak bildu dituzte: Patti Smith, Chuck Berry, Elvis Presley, Berri Txarrak, Johhny Cash, Izaki Gardenak, Aretha Franklin, Billie Holiday, eta beste hainbeste. Abestiei, jakina, hoteletako gela horien zenbakiak jarri dizkiete izenburu gisa.

Ad Libitumeko saio honetan, Iñigo Etxarri izango dugu gonbidatu eta, esatariarekin batera, bidaian jazotako anekdota ezberdinak kontatuko dizkigute, baita abestien atzean dauden istorioak ere: adibidez, Room 306 izeneko abestiak Martin Luther King-en heriotzarekin duen harreman zuzena.

Halaber, hainbat abesti ere osorik entzuteko tartea izango da. Eta lan honen izenburuaren zergatia ere azalduko da, noski; baina Lurpeko Trenbidea zer den jakiteko, atala osorik entzun beharko duzue!